Alessandro Ruta

«Presaka ibilita, baina nik benetako mundua ikusi nuen»

‘Munduari bira 80 egunetan’; hemen da 150 urte betetzen dituen eleberri mitikoa eta gauza askoren aintzindaria. Zer esango zigun gaur egun bere protagonista Phileas Fogg-ek? «Elkarrizketa» honetan irudikatu dugu.

Fogg, Londreseko bere klubean oraindik ere.
Fogg, Londreseko bere klubean oraindik ere. (Wikipedia Commons)

Nork ez du ezagutzen ‘Munduari bira 80 egunetan’ eleberria? Istorioaren libururik famatuenetako bat da dudarik gabe, Phileas Fogg protagonista duena. Abiapuntua  jakina da. Bere laguneei erronka egin zien gizon honek; baietz planeta osoa 80 egunetan bisitatzea lortu. Esana eta egina.

Pelikula batzuetan jasoko zen gero Fogg-en abentura, bere zerbitzaile Jean Passepartoutekin burutua, baina oinarria beti Jules Verneren eleberria izan da.

Jolas egin dezagun, Phileas Fogg-i elkarrizketa bat irudikatuz, gaur egungora ekarria. Egia da pertsonaia hilezkorra dela, baina aldi berean beste garai batekoa da, erabat. Bidaiatzen ez zen garai batekoa, alegia. Eta gaur egun bidaiatzearena oso gai egokia bilakatu da.

Mister Fogg, non zaude oraintxe bertan?

Londresen, nire klubean, egunero bezala. Bideodeiak egiteko gailu bat jarri didate, eta horretara egokitzen ari naiz.

Urte askotarako, hasteko. Txikitan irakurri nuen zure istorioa eta gustatu zitzaidan. Hala ere, Verneren nire eleberririk gogokoena ‘Hogei mila legoako bidaia itsaspetik’ izenburukoa da. ‘Lurraren bihotzeraino’ ere gustoko dut.

Baina oso ulergarria da, my friend. Nemo Kapitaina tipo interesgarria da. Behin ezagutu nuen, bere bidaia ero horietako bat egin aurretik. Azken finean antzekoak gara, berak eta nik beti zerbait jakin nahi genuelako. Zerbait berezi, zerbait berri... sekretuek mugiarazten gintuzten. Baina Nemo ni baino askoz ausartagoa izan da, egia esanda.

Hala ere, Nemo hil da, hainbeste gauza «ikertu» ostean...

Ziur zaudete? Nik ez dut uste. Nire sortzaile Jules Verne-ri misterioak asko gustatzen zitzaizkion. Gu, berriz, gure arloko produktuak gara: positibistak, gogoratzen al duzu?

Bai gogoratzen naiz, baina argituidazu hori berriro mesedez....

Gaur egun ere oso gai egokia da, ezta? Nire garaian zientzia benetako mugarri bat zen. Erromantizismoaren ametsak, sentimenduak, utopiak... hori guztia atzean utzi eta dena zientifikoki erabiltzen hasiko ginen. Auguste Comte, Charles Darwin, bakoitza bere metodoarekin, Jules Verne eta ni neu.... edota Emile Zola, «eleberri zientifikoa», naturalista alegia, sortu zuena. Bestelako nortasuna izan banu, agian, ez dakit, astebetez Erroman edo Vienan geldituko nintzatekeen. Baina positibista izanik nire proiektua, ‘Munduari bira 80 egunetan’, bururaino eraman behar nuen, ez zegoen besterik.

Egia esan, mister Fogg, 81 eguneko bira izan zen hura...

Spoilerrik egin nahi al duzu? Mesedez... Badakit milioika pertsonak irakurri dutela Jules Verneren eleberria, baina beharbada amaiera ez dute ezagutzen. Edozein libururekin bezala, laburpena egitea ondo dago, baina detailerik ez eman, arren.

Baina tira, ez duzu benetan munduari bira osorik egin. Mundu osoarena, esan nahi dut. Hego Amerika eta Errusia ez zenituen ikusi, Ozeania ere ez, eta Afrika zeresanik ez!

Baina nolatan ikusiko nuen mundu guztia hiru hilabete eskasetan? Bakarrik Australiara joateko bi aste behar nituen.... Egia da Transiberiana erabiltzea gustatuko litzaidakeela, egunen batean. Baina India zeharkatzea nahiago genuen orduan, Passepartout eta biok.

Jack Kerouac ezagutzen al duzu? «Coast to coast» bat egin zuen Ipar Amerikan, New Yorketik San Frantsiskora, eta horri buruz idatziko zuen, ‘On the road’ liburuan, orain dela 70 urte. Zurea nolabaiteko eredu izan zela erakusten du honek.

Irakurri dut, bai. Edozein bidaia-liburu edota eleberri begiratzen dut, noski. Baina nik dena trenez edo itsasontziz egin nuen, eta imajinatzen dut Kerouac jaunak zuen auto madarikatu horietako batean egin zuela. Oker nabil ala? Ni presaka nenbilen oso; bera, oso poliki.

«Ni presaka nenbilen baina une berean munduko azken detaileraino ikusi nuen. Zuek, modernook, munduan bazarete baina mundua nik hobeto ikusi nuen»

Ez zaizkizu gustatzen garraiobide modernoak, antza.

Begira, ni presaka nenbilen, argi utzi dizut, baina une berean munduko azken detaileraino ikusi nuen. Tren pilo bat erabili nituen, gero itsasontziak.... Abiadura, gehienetan oso mantsoa zen, norberaren neurrikoa. Londres infernu bat da orain, trafiko itzela eta zarata handiarekin. Esango nizuke zuek, modernook, munduan zaudetela baina nik mundu gehiago ikusi nituela eta hobeto ikusi nituela. Oinezko bidaiak modan jartzen ari direla esan didate, eskerrak!

Donejakue Bidea egingo zenuke ala?

Noski baietz. Eta beste erronka bat botako nieke nire klubeko laguneei; bide hori, ez dakit, 50 egunez? Entrenamendu gogorra egin beharko nuke, hori bai. Dena den, hegazkinez bidaiatzea baino hobea da, denbora gauza oso preziatua delako, nire lagun Marcel Proustek idatziko zuen bezala. Nik ez nuke minutu bat aldatuko, ez dakit, gasolinaren litro batengatik?

Nire lagun batek aipatu zuen bezala, zeren bila zoazen argi baduzu, ezinezko bidaiarik ez dago. Berak ere erronkatxo bat bota zuen...

Guztiz ados. Nire kasuan bai, erronka bat zen, baina une berean erakutsi nahi nuen kasualitateak ere izan badirela. Ezinezkoa zirudien hura, baina lortuko nuen. Eta gainera bikote bat topatu nuen...

Portzierto, euskaraz oso ondo moldatzen zarela dirudi...

Mila esker, hitz eta esaldi batzuk ikasi nituen egin nuen bidaia batean, Bilbo inguruan. Han ingeles piloa bizi zen. A ze oroimen politak...

Hurrengo bidaia?

Ez dakit, my friend. Beharbada NAIZen ‘Bidaiari’ aldizkarira joko dut, inspirazio bila.

Azken galdera: zer egin zenuen irabazi zenituen 20.000 libera haiekin?

Banketxera; dena bertan gorde nuen. Badakizue, ni oso gizon metodikoa naiz. Bertara joateko, etxetik 1.314 urrats daude; itzultzeko, berdinak.