Arnaitz Gorriti

Endesa Ligako euskal taldeek ahazteko moduko igandea pairatu dute

Claudia Cuic eta Kaela Davisek itxura ona eman dute beren debutean, baina, Murtziako taldeak partida bere aldera irauli du amaiera estuan. Kutxabank Araskik sekulako egurra jaso du Valentzia Basket liderraren aurka: 43-96. Lointek Gernika Bizkaiak 64-61 galdu du Barçaren aurka.

Claudia Cuic maila onean aritu da IDK Euskotrenekin debuta egin duen partidan.
Claudia Cuic maila onean aritu da IDK Euskotrenekin debuta egin duen partidan. (Sergio LOPEZ)

HOZONO GLOBAL JAIRIS 73 - IDK EUSKOTREN 70

IDK Euskotrenek ez dauka zorterik amaiera estuekin. Kutxabank Araskiren aurkako euskal derbia 73-75 galdu zuen azken segunduetan Tanaya Atkinson hegaleko gasteiztarrak sartu zituen puntuak zirela medio. Alcantarillako Hozono Global Jairis taldearen aurka, berriz, 23 baloi galdu ditu talde donostiarrak, gehienak bigarren erdian, eta hirukoei esker 70na berdintzea lortu badu ere, Shante Evansen jaurtiketa libreek erabaki dute azken emaitza.

Claudia Cuic errumaniarra eta Kaela Davids estatubatuarrak debuta egin dute donostiarren artean eta mila mesede ere egin bai Azu Muguruzaren taldeari. Besterik ez bada ere, errotazioa ohi baino askoz luzeagoa egin ahal izan du Ibaetako taldeko entrenatzaileak, eta ondorioz, askoz intentsoago jokatu ahal izan du Jairisen aurka. Ez hori bakarrik, erasoan askoz jaurtiketa aukera anitzago eta aberatsagoa izan du IDK Euskotrenek, Murtziako taldeak Lashann Higgs eta Maria Bettencourten bitartez erasoko jokoa larregi bideratu duen bitartean.

Hala, aurreneko 15 minutuetan erabateko berdintasuna egon delarik, bigarren laurdeneko azken aldera ihes egin dute donostiarrek, pare bat hiruko kateatu eta Kaela Davisek martxa hartu ahala. Atsedenaldira iristerako, Kaela Davisek 10 puntu pilatu ditu eta Azu Muguruzaren taldeak 29-36 alde egitea lortu du. Lastima errebotea zaintzeko behar baino arazo gehiago izan dituela eta, ondorioz, Jairisek hainbat jaurtiketa libre bota ahal izan dituen.

Murtziako taldeak bere defentsa asko gogortu du atsedenaldiaz geroztik eta ondorioz, IDK Euskotrenek baloi mordoa galdu ditu. Hala, etxekoek kontraeraso errazak amaitu ahal izan ditu. Hirugarren laurdenean markagailua estutu bada, laugarrenean 62-55 alde egin du Jairisek. Coulibaly, Cuic eta Dembele faltaz josita zeuden gainera.

Hala ere, Maria España eta Yurena Diazen hirukoei esker 70na berdintzea lortu dute Azu Muguruzarenek azken minutuan. Etxekoek Shante Evans bilatu dute azken erasoetarako eta azken honek jaurtiketa libreak aurkitu ditu berdinketa apurtzeko. Maria Españak partida luzapenera bidaltzeko aukera izan du azken hiruko batekin, baina aurkariak gainean zituela, ezin izan du saskirik aurkitu.

Ondorioz, Murtziako taldeak eta IDK Euskotrenek sailkapenean seina garaipenekin berdindu dute, Puntuen aldea gipuzkoarren aldekoa da, aurreneko itzulian 84-73 nagusitu zirelako, baina nolanahi, sailkapen nagusiko behe aldetik ihes egin ezinik geratu dira Azu Muguruzarenak.

KUTXABANK ARASKI 43 - VALENTZIA BASKET 96

Fontetan Gasteiztarrek 49-67 irabazi zuten pasa den urriaren 29an, baina kirolean mendekurik existitzen bada, Valentzia Basketek ase arte mendekatu du lehenengo itzuliko porrot hura. Baina hori baino okerragoa izan da hirugarren laurdenean Flor Chagas antolatzaile argentinarrak belaunean min hartzea, errebote baten bila Cristina Ouviñarekin borrokan zebilela.

Aurreneko laurdenean laga du erabakita neurketa Ruben Burgosek zuzentzen duen taldeak, 8-32 amaitu baita partida lehene hamar minutuen ostean. Sei hiruko sartu dituzte valentziarrek eta Araskiri sei baloio ohostu dizkiote. Akordatzerako markagailua 2-14 jarri dute kanpotarrek, Toorens, Ouviña eta Lauren Coxen hiruko banak, gehi Queralt Casasen bizitasunak. Flor Chagas eta Alarcos saiatu dira gasteiztarren gurditik tira egiten, baina 8-17raino ekarri badute ekarri markagailua, handik eta laurdena amaitu arte 0-15eko partziala sartu du Valentzia Basketek.

Handik aurrera ere, lehengo lepotik burua. Kutxabank Araskik bost minutu behar izan ditu bigarren laurdeneko aurreneko puntuak sartzeko, eta eskerrak Valentzia Basketek erasoan aurreneko minutuetan adina asmatu! Kanpotarrek Buenavida edo Awa Fam gazteak kantxaratu ditu –18 urte batak, 17 besteak–, baina hauen defentsako lana nahikoa ona izan da eta gasteiztarrek ezin izan dute ia punturik lortu, jaurtiketa libreen bidez izan ez bada. Hala, atsedenaldira markagailua 15-49 dela iritsi dira. Gaezurra badirudi ere, Kutxabank Araskik galdutako balkoi gehiago –16– pilatu ditu aurreneko 20 minutuotan puntuak baino.

Espero zitekeen Valentzia Basket erlaxatuko ote sen atsedenaldiaz geroztik, baina ezta gutxiagorik ere. Kutxabank Araskik aurreneko erdian baino gehixeago saskiratu du, baina erasoan gupidarik gabe jokatu du Ruben Burgosen taldeak, Emakumeen Endesa Ligako liderra ez dela alperrik erakutsi nahian edo.

Azkenean 50 puntutik gorako aldea atera dute valentziarrek, baina Kutxabank Araskiri min handiagoa eman dio Flor Chagasek belaunean min hartu izanak. Ikusi egin behar zenbaterainokoa izan den bere balizko lesioa, nahiz eta aldegeletatik kantxara berehala itzuli den. Bestalde, Maider Castellano eta Marina Ortiz de Zarate harrobiko jokalarien lana ere azpimarratu behar da. Hain aurkari gogorren aurrean eta taldeak hain egun txarra izan duela, bururik makurtu gabe lanean izan dira hasi eta buka, emaitza oso txarra izanda ere.

BARTZELONA 64 - LOINTEK GERNIKA BIZKAIA 61

Azkeneraino ahalegindu da Lointek Gernika Bizkaia, baina amaiera estua kontra erori zaio. 21 segundu baino ez zirela falta, Sandra Ygueracvidek hirukoa sartu eta 60-61 aurretik jarri du talde bizkaitarra, baina errebotean erakutsi dituen gabeziak garesti ordaindu ditu azkenean.

Barçako Rakovic hegalekoak ez du asmatu, baina Davis pibotak errebotea bereganatu du eta jaurtiketa libreen marratik, 4,6 segunduren faltan, ez du hutsik egin. Partida osoa orain bat, orain bestea aurretik ibili dira talde biak eta bistakoa zen azkenean amaiera estu batek erabakiko zuela norgehiagoka.

Hala, Ygueraviderentzat jokaldia prestatu du Anna Montañanak egokitu zaion hutsartean. Tamalez, joko antolatzaile valentziarrak ez du eguniki onena izan eta ezin izan dsu jokaldia amaitu, urratsak egin baititu. Talde katalanak berriz ere jaurtiketa libreen marra bilatu du, eta baita aurkitu eta asmatu ere. Hala, lau partida segidan galdu eta gero, denboraldiko bederatzigarren garaipena erdietsi du.

Lointek Gernika Bizkaiak, bere aldetik asteazkenean Polonian jokatu behar du eta itxura baten leiharako prest dagoela erakutsi du. Hori bai, erreboteetan askoz gogorrago aritu beharko du –38-26 galdu du erreboteen leiha– eta, joan zen asteazkenean ez bezala, Ygueravidez gain, Spreaficok –14 puntu igande honetan– eta Roso Buchek –15 puntu Matarokoak– saskira begira asmatu beharko dute.