Arnaitz Gorriti

Laso eta Imaz bigarren postura igo dira Mungian seigarren puntua lortuta (22-18)

Atzetik 2-7 hasi badira ere, Lasoren errematerako inspirazioak partida bikote gorriaren alde irauli du, batez ere Urrutikoetxeak ez duelako bere egunik onena izan. Albisuren lanari esker neurketa asko estutu bada ere azken aldera, ez da beste lider aldaketarik izan.

Unai Lasok irauli du partida gorrien alde, hasieran urdinak aurretik joan diren arren.
Unai Lasok irauli du partida gorrien alde, hasieran urdinak aurretik joan diren arren. (Aritz LOIOLA | FOKU)

LASO-IMAZ 22 - URRUTIKOETXEA-ALBISU 18

Binakako Txapelketa honetako seigarren garaipena eskuratu dute Lasok eta Imazek Mungian, lana beltz egin eta gero Urrutikoetxea eta Albisu gainditu ostean. Ondorioz, Baiko enpresako bikoterik sasoikoena direla bistaratu dute Bizkarreta Gerendiango aurrelariak eta Oiartzungo atzelariak, Elordi eta Zabaletaren atzetik ligaxkako bigarren postuan kokatu baitira, bederatzigarren jardunaldia hasi den honetan.

Ikusi egin behar jardunaldi honi dagozkion gainontzeko partiden ondoren nola geratzen den sailkapena, baina Lasok eta Imazek etxeko lanak behar bezala burutu dituzte, azkenera arte amore eman ez duen bikote baten aurrean gainera.

«Bagenekien hain bikote gogorrari irabazteko lan oso ona egin beharko genuela. Hasieran beraiek hasi dira irabazten, nahi erraz gainera, baina gero partida asko gogortu da eta gainera Unaik asko asmatu du. Puntu garrantzitsua zen guretzat; bi puntu ateratzen dizkiegu orain eta tanteoan ere gure alde dugulako, ia hiru puntuko aldea da hori. Beraz, oso pozik gaude, nola ez», adierazi du Ander Imazek neurketa amaieran.

Urrutikoetxea eta Albisu 2-7 aurretik jarri dira partidaren aurreneko zatian. Eta hori Zaratamoko aurrelariaren egunik inspiratuena ez dela izan errematean. Orotara sei tanto amaitu ditu aurrelari bizkaitarrak, Unai Lasoren erdia, eta beste hainbeste galdu; aurrelari kontrarioaren bikoitza.

Nolanahi, urdinek jokatzeko daudela erakutsi dute. Beren azken neurketan Buñuelen lan oso txukuna eginda eskuratu zutern laugarren puntua eta bost punturekin dagoen tropel mardul horretan sartzea izan dute xede.

Ezin ordea luzaroan aurretik jarraitu. Unai Laso bere mailarik onenera ari da hurbiltzen eta asteazken honetan erakutsi du. «Txapelketa hasieran ez ginen ondoegi hasi, baina puntuak pilatzen hastea lortu genuen eta orain joko puntu onean gaude», onartu du Ander Imazek.

Orotara 12 tanto egin baidtu Lasok, horietatik bederatzi airez amaitu ditu aurrelari nafarrak. Bere ekimenaz 2-7ko markagailua 8na berdintzea lortu dute gorriek; bana, zortzina eta bederatzina, ez du beste berdinketarik ezagutu partidak, eta hala, behin aurrea hartuz dutenetik, beti buruan izan dira Laso eta Imaz: 12-9 aurreneko atsedenaldi luzean.

Partidako bigarren heren hori izan da gorrien tarterik onena. Laso bikain eta Urrutikoetxea  asmatu ezinik, azken berdinketaz geroztik 8-1eko partziala lortuta 17-10 hautsi dute neurketa.

Urdinak etsi gabe

Hautsi, itxura baten; Urrutikoetxeak egun petrala izan badu, Albisu askoz sendoago aritu baita. Atzean egin duen lanaz aparte, bi paretaz ere tanto bat amaitu du Ataungoak, eta markagailua berriz ere berdintzera bidean jarri du bikote urdina.

Hala, gorriak 20-12 aurretik jarri badira ere, 20-17raino hurbildu dira Urrutikoetxea eta Albisu; baita 21-18ra ere. Ezin izan dute gehiago egin, baina porrota garesti saldu dute. Izan ere, ordubete pasatxo iraun duen deman 587 pilotakada jo behar izan dituzte orotara.

Bederatzigarren jardunaldiak ostiralean izango du jarraipena Urdulizen, Mungian Eskuzarekin Elezkano II.a eta Arbizuren aurka 18-16 nagusitu den Iker Irribarriak, aitor elordiren lekua hartu eta Zabaletarekin bikotea osatuko du Ezkurdia eta Martijaren aurka. Zapatuan Labriten Altuna III.a eta Xabi Tolosak Peio Etxeberria eta Beñat Rezusta izango dituzte aurrez aurre –material hautaketa asteazken honetan zen izatekoa, baina ostegun eguerdian egingo da, eguraldi kontuak direla-eta atzeratu baita– eta domekan, berriz, jardunaldia ixteko norgehiagoka Etxebarrin zarratuko dute Jaka eta Aranguren, orain arte Binakako Txapelketako bikote ahulenak, bolada eskasean dauden Jon Ander Peña eta Marieskurrena II.aren aurka.

Bien bitartean, seigarren puntua patrikan dutela, asteburua lasai pasatzeko moduan dira Laso eta Imaz.