NAIZ
Iruñea

«Aberastasuna birbanatzeko» eskatu dio LABek Chiviteri elkarren arteko lehen bileran

LABeko bozeramaileak astelehen honetan Maria Chiviterekin bildu dira, eta sindikatuak aberastasuna «modu bidezkoan banatzeko» aldaketa sakonak martxan jartzeko eskatu dio. LAB eta Nafarroako lehendakariaren arteko lehenbiziko bilera publikoa izan da, «adeitasunez» egin dena.

Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak eta Imanol Karrera Nafarroako bozeramaileak Maria Chiviterekin bilera egin dute astelehen honetan.
Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak eta Imanol Karrera Nafarroako bozeramaileak Maria Chiviterekin bilera egin dute astelehen honetan. (@LABsindikatua)

Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak eta Imanol Karrera Nafarroako bozeramaileak Maria Chiviterekin bildu dira astelehen honetan, Nafarroako Jauregian. Sindikatuak nabarmendu duenez, «herritarren erdiak bizi duen egoera prekarioaren» berri eman diote, eta aberastasuna «modu bidezkoan banatzeko» aldaketa sakonak martxan jartzeko eskatu diote.

LABen iritziz, sindikatuaren eta Nafarroako lehendakariaren arteko lehenbiziko bilera publikoak «erakundeen arteko harremanen normalizazioa berresten du». Bilera, gainera, «adeitasunez» egin dela azpimarratu du LABek. Maria Chivitek ez du adierazpenik egin.

Sindikatuak adierazi duenez, astelehen honetako bilera LABek 2022ko ekaineko X. Biltzarraren ondoren hasitako bilera sorta nazionalaren barnean kokatzen da, Euskal Herriko eragile eta erakunde sozial, sindikal, politiko, enpresarial eta instituzional gorenekin egiten ari dena.

Lehenik eta behin, LABek Chivite lehendakariarekin partekatu du 2022an Nafarroako langileen lan eta bizi baldintzen azterketari buruz egin duen txostena, ondorioztatzen duena Nafarroako langileen erdia egoera prekarioan bizi dela.

Izan ere, 178.175 nafar langabezian bizi dira, egoera ez-aktiboan edo 1.400 eurotik beherako diru-sarrerekin. Horrenbertzez, LABek Nafarroako lehendakariari eskatu dio «indarra egin dezan lurraldeko gehiengo sozialaren baldintzak hobetzeko lanetan».

Ildo horretan, LABek Chiviteri galdegin dio «enpresaburu eta eskuindarrek erreforma fiskalari jarritako betoa gaindi dezan», aberastasuna modu bidezkoan banatu eta bizitza eta lan-baldintzak hobetzea ahalbidetzeko.

LABen arabera, «onartezina» da Nafarroako enpresek irabaziak handitzen dituzten bitartean —Ogasunak aitortzen duen gisan—, soldaten igoerari eustea eta enpresaburuaren aldeko fiskalitatea ezartzea. «Horrek Nafarroako langile klasean erosteko ahalmena galtzea eta gehiengo soziala pobretzea eragiten du», nabarmendu du sindikatuak. Hala, LABeko ordezkariek Chiviteri eskatu diote, eskuina baztertzeaz gain, «aldaketa sakonak egiteari eki diezaiola».

Lan Epaitegia, Osasunbidea eta Foru Hobekuntza

Bestalde, sindikatuak adierazi duenez, «Elkarrizketa Soziala deitzen duten horretako sindikatuekin eta CEN Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioarekin izandako bilerek eta gaur lehendakariarekin egin den topaketa publikoak berretsi egiten dute LABek Nafarroako eragile sozial, ekonomiko eta instituzional nagusiekin dituen harremanen normalizazioa».

«Solaskide arrunta» izateko gaitasun horri garrantzi handia ematen dio sindikatuak. Izan ere, LAB da izaera hegemonikoa duen lehen indar sindikala Nafarroako Foru Administrazioan, Maria Chivitek zuzentzen duena, bai eta Nafarroako Gobernuaren menpeko den Esku-hartze Sozialeko sektorean ere.

Hala ere, LABen iritziz, «elkarrizketaren normalizazioak nahitaez ekarri behar luke parte-hartze sindikala baldintza berdinetan». Hori dela eta, beste neurri batzuen artean, sindikatuak Chiviteri eskatu dio «buka dezan LAB Nafarroako Lan Epaitegitik at uzteko ohitura, Gobernuak ordaintzen baititu epaitegi horren gastuak».

Bestalde, Osasunbidean lehen sindikatua den aldetik, LABek Chiviteri erran dio esklusibotasuna kentzea dirua baino zerbait gehiago dela: «Zerbitzu publikoak pribatizatzeko ate onartezina irekitzen duen profesional kopuru txikiari mesede egiteko neurria da».

LABek adierazi duenez, «zerbitzu publikoak hobetzea eta indartzea gure bizitzak erdigunean jartzea da. Guztion osasuna zainduko duen osasun publiko eraginkorra bermatzeko, langile guztien lan eta ordainketa baldintzak hobetu behar dira».

Gainera, bozeramaileek gogorarazi diote lehendakariari «40 urte hauetan zehar agerian jarri dela Foru Hobekuntzak Espainiarekiko duen mendekotasunak» eta lan-harremanen estatalizazioak «egoera larrian bizitzea» dakartela anitzendako. «Balantzea defizitarioa baino ez da. Foru Hobekuntza agorturik dago, Nafarroak etorkizunari begiratu behar dio, bere subiranotasuna berreskuratu», nabarmendu du LABek.