Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria

Milaka lagun Baionan erretreten erreformaren aurkako bigarren mobilizazio eguna kari

Erretreten erreformaren aurkako bigarren mobilizazio eguna dute Ipar Euskal Herrian eta Estatu frantses osoan. Baionan 13.000-15.000 lagun bildu dira, urtarrilaren 19ko manifestazioan baino gehiago, antolatzaileek eman dituzten datuen arabera.

Baionako manifestazioan milaka lagunek parte hartu dute.
Baionako manifestazioan milaka lagunek parte hartu dute. (Patxi BELTZAIZ)

Erretreten erreforma bertan behera utz dadila aldarrikatzeko, bigarren mobilizazio eguna dute Ipar Euskal Herrian zein frantziar Estatuan.

Sindikatuak ez ezik, eragile sozialak ere kalera atera dira Baionan jubilazio adina 62 urtetik 64ra atzeratu nahi duen Borne ministroaren erreformari ezetz esateko. Martxa 10.00etan abiatu da Santa Ursulatik, tren geltokitik gertu, eta handik bi ordura amaitu da Prefekturaren aurrean.

Manifestazioa festa giroan egin dute eta oso jendetsua izan da. Oroitzearren, urtarrilaren 19ko martxan hamar mila lagun inguru elkartu ziren. Alabaina, astearte honetan are jende gehiago elkartu da, 13.000 eta 15.000 artean, sindikatuen arabera, eta 9.000-10.000 artean, Poliziaren kontaketaren arabera.

 

CGTko Julien Delionek NAIZi adierazi dionez, ez da azken mobilizazioa izango. «Bukaeraraino eramanen dugu borroka hau» hitza eman du, gaur jende gehiago bildu delako bere poztasuna agertuz. Gazte gehiago ikusi dira gaurko mobilizazioan.

«Azkeneko egunetan eskuorriak banatu ditugu ikastetxeetan eta gure ustez horrek laguntzen du zer dagoen jokoan hobeto ulertzen» nabarmendu dio trenbide konpainiako langileak hedabide honi.

Donibane Lohizuneko eta Hendaiako CGT sindikatuko unitateak otsailaren 2an argiekin elkarretaratzea antolatu du, 18.00etatik aitzin Baionako tren geltokian.

Joan zen astean berdin euskal diputatu macronisten bulegoen aurrean zein Ba¡onako portuan ekintzak egin zituzten sindikatuek. Antza denez, hori izango da aurrera begira baliatuko duten moldea.

Izan ere, martxa amaituta sindikatuen etxean hitzordua hartu dute intersindikaleko kideek mobilizazioaren bilana egin eta ondoko asteko dinamika zehazteko.

Erreformaren eztabaida, otsailaren 6an

Jakinik egutegian badela data esanguratsu bat: otsailaren 6an hasiko baita erretreten erreformaren eztabaida frantses Asanblea Nazionalean.

«Badakizu manifestazio bat edo birekin Gobernuak ez duela amore emango, jarritu beharko du, indarra eginez», gehitu du LAB sidikatuko ordezkari Argitxu Dufauk.

Sindikatu abertzaleak babestu du gaurko deialdia, baita ELB laborarien sindikatuak ere. Are, ekintza bat burutu dute LABeko hainbat kidek martxa Societe Generale asegurantza etxetik igaro denean. Kapitalizazio sistemaren eta erretreta funtsen aurkako mezuak itsatsi dituzte bulegoaren berinetan.

Sindikatuak soilik ez, gizarte eragileen presentzia ere handia izan da gaurko martxan. Berdin Bizi! mugimendu ekologista zein etxebizitza eskubidearen alde jarduten duen Alda elkarteko kideak bertan izan dira.

Horrekin batera, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko ordezkaritza batek Lapurdiko hiriburuan izan den manifestazioan parte hartu du Borne erretretaren aurkako mobilizazioa sustatu duten eragile eta herritar orori bere elkartasuna adierazteko.