NAIZ

2013tik 189 pertsona trebatu ditu Bilboko Udalak emakumeen mutilazio genitala prebenitzeko

Bilboko Udalak Emakumeen Mutilazio Genitala Prebenitzeko Programa duela hamar urte sortu zuenetik, 189 osasun-agente trebatu dira. Asteazken honetan, urteurrena ospatzeko ekitaldian, indarkeria mota honi buruzko Erakundeen arteko Protokoloa eguneratu dute.

Emakumeen Mutilazio Genitala Prebenitzeko programak 10 urte bete dituela ospatu dute Bilbon.
Emakumeen Mutilazio Genitala Prebenitzeko programak 10 urte bete dituela ospatu dute Bilbon. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Emakumeen mutilazio genitala prebenitzeko 189 pertsona trebatu ditu Bilboko Udalak, Estatu espainolean aitzindaria izan den eta hamar urte bete berri dituen programari esker. Gainera, 2.000 pertsona baino gehiagok gaiaren inguruko informazioa jaso dute.

Otsailaren 6an den Emakumeen Mutilazio Genitalarekiko 0 Tolerantzia Nazioarteko Eguna dela eta, Bilboko Udalak programak hamar urte bete dituela ospatu du, ‘10 urte balioetan bat eginik’ izenburupean asteazken honetan izan den ekitaldi batekin.

Itziar Urtasun Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotzia izan da ekitaldiaren buru, eta, besteak beste, Amelia Valladolid Urdangaray, Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Erditze Unitateko Burutzakoa; Goizane Mota, Erakunde arteko ‘Programa integralaren mugarriak’ Protokoloaren koordinatzailea; eta Djenatu Intchasso (Nigeriakoa) eta Seydou Togola Diarra (Malikoa) Osasun agenteak egon dira.

Udal programaren lehenengo hamarkada ospatzeaz gain, Erakundeen arteko Protokolo eta Dekalogo eguneratua berretsi dira, Osasun Agente afrikarrei balioa emateko asmoz.

Udaletxeak ohar batean gogorarazi duenez, 2015ean onartu zen Erakunde arteko Protokoloa; harrezkero, Programaren Erakunde arteko Batzordearen 25 bilera egin dira, eta Udaleko, Osakidetzako, Lakuako, Bizkaiko Aldundiko eta Auzolan Moduluko 18 ordezkarik hartu dute parte. Azken hori programa honen aliatu estrategikoa da.

Programaren abiapuntua 2012an Basurton antzemandako bi kasu izan ziren. Osasun arloko profesionalak Ospitaleko Genero Indarkeria Batzordearekin harremanetan jarri ziren, eta batzorde hori, era berean, Bilboko Osasuneko Lurralde Zuzendaritzarekin. Horrela, diziplina arteko osasun arloko profesional taldea jarri zen martxan, eta arlo hori ikertzen hasi ziren, aldian-aldian bilduz, jarduteko moduak zehazteko.

Prestakuntza

Programaren barruan Emakumeen Mutilazio Genitala egiten den herrialdeetatik etorritako amak prestatu eta sentsibilizatzen dira. Zehazki, emakume horiek Osasun Agente gisa prestatzen dira, sexu- eta ugalketa-osasunari eta genero-indarkeriari buruz informatuz.

Prestakuntza jaso ondoren, emakume horiei dagokie beste batzuei prestakuntza ematea, euren komunitateetan, Udalak «efektu biderkatzaile» deitzen dionaren bidez.

Era berean, adierazi dutenez, Programa Integral honen inpaktuaren adierazlerik handiena, Agenteek Bizkaiko hiriburutik egindako lanari esker ikaskuntzak 24 herrialdetara transmititu direla da: Nigeria, Boli Kosta, Mali, Mauritania, Senegal, Gambia, Ghana, Burkina Faso, Kamerun, Ginea Konakry, Ginea Bissau, Sierra Leona eta Beninera besteak beste, Mutilazio Genitala praktikatzen den Afrikako herrialdeetara, hain zuzen.

Emakumeen mutilazio genitala

Unicefen datuen arabera, munduko 90 herrialdetan mutilatzen dizkiete genitalak emakumeei eta 200 milioi baino gehiagori eragiten dien genero indarkeria mota bat da. Antzinako praktika da, oso errotuta dago, eta higieneari edota helduarora igarotzeko errituari buruzko sinesmenei erantzuten diete, neskak sozializatzeko elementu gisa.

Adriana Kaplanen hitzetan, neskatoak mutilatzeko betebeharra gurasoentzako konbentzio soziala da, euren kulturan integratzen laguntzen du eta alaben etorkizuna bultzatzeko modua da. Praktikari aurka egiteak lotsa eta gizarte-bazterketa ekarriko lituzke haien ingurunean. Praktika horrek estatusa, ezkontzeko aukera, kastitatea, edertasuna, osasuna eta familiaren ohorea bermatzen dizkie emakumeei eta neskatoei.