Andoni Arabaolaza

Txindoki “winter” gero eta forma gehiago hartzen ari da

Azken asteotan, mistoko bide bana zabaldu ditu Mikel Saez de Urabainek: Iñigo Andolarekin “Txinparta urdina (M5, 3 luze) eta Joseba Iztuetarekin “Baratza iraultza” (M6, 3 luze).

Ez gara hasiko parekatzen Eskoziako eta Txindokiko neguko eskaladak; izan ere, eremu bakoitzak bere ezaugarriak eta klima ditu. Baina, zergatik ez, “Scottish winter” esaten dioten bezala, Txikoki winter aipatzea ez da erokeria hutsa. Azken urteotan, Gipuzkoako mendi ikoniko horrek ate erakargarria zabaldu die mistoko sorkuntza lanei.

Neguko mistoko eskola “berria” Goierriko bihotzaren erdi-erdian. Jakina, horri guztiari forma ematen dioena eguraldia da. Fronte hotzen amua irensteko batzuk-batzuk prest egoten dira. Eta horietako bat, Txindoki “winter”-eko bultzatzaile nagusia, Mikel Saez de Urabain dugu. Baldintza egokiak aurkitu dituenean, alpinista zaildu honek azken urteotan ondo baino hobeto astindu ditu pioletak hango zirrikitu izoztuetan. Eta emaitzak azpimarragarriak dira.

Joan den urtarrilean, Artikotik iritsi zen fronte hotzak bikain aprobetxatu ditu ordiziarrak, eta, berriro ere, eraginkortasun guztiarekin bi marra berri ireki ditu. Lehena, Iñigo Andolarekin: “Txinparta urdina” (M5, 3 luze). Bigarrena, berriz, “Baratza iraultza” (M6, 3 luze), Joseba Iztuetarekin.

Aipatu dugun bezala, Txindokin ez da batere erraza izaten izaera horretako neguko baldintza egokiak aurkitzea. Saez de Urabainek berak zera gehitu nahi izan du: «Neguko eskaladarako baldintzak sortzea alkimia bat da. Osagai jakin batzuk era egokian nahastu behar dira, baldintza zehatzetan, alpiniston urre zuria erdiesteko. Eta hori zaila da oso Goierrin gertatzea. Baina izan ditugun hotz eta elurrarekin baldintza egoki horiek sortu dira».

Bederen, horrela ulertu zuten Andolak eta Saez de Urabainek “Txinparta urdina” zabaltzeko aukeratutako egunean. Proposamen berriak hiru luze ditu: M5, M4+ eta M5. Eta goierritarrak aurreratu duen bezala, agerikoa den marra hori buruan zuen: «Xabier Artolak eta biok “Iparra galdua” ireki genuenean, “Txinparta urdina” neguko bide ona izan zitekeela ikusi nuen. Zirrikitu bertikal belartsu batek markatzen du bidearen hasiera. Hezetasunaren eta hotzaren eraginez zintzilikatutako loreontzi horiek izoztuta egoten dira, eta horietatik aurrera egin daiteke modu egokian. Belar horien ondoan, paraleloan, artesi bat dago, eta horretan erraz babesten da friend-ekin eta fisureroekin. Txindokiko ertz ezagunaren bidean bukatzen da, ertz horren azken rappelaren gainean. Hortik rappelatu daiteke edo “Petrel” bidearen rappelera joan eta handik jaitsi. Guk azken hau egin genuen, ertzaren azken zatia gozatu ahal izateko».

“Baratza iraultza”

Izen hori hartu du Iztuetaren eta Saez de Urabainen azken lanak. Aipatu dugun fronte hotzak ez zuen Euskal Herritik alde egiteko asmorik, eta “plater goxo” hori dastatzen jarraitzeko asmoak ez zuen indarrik galdu. Saez de Urabainek berak ondo azaldu du: «Goierrin neguko eskalada egiteko garaiari denbora irabazi behar zaio: fronte hotzek lur berde hauetan zenbatuta dituzte orduak. Horregatik, Josebaren whatsapp-a irakurri nuenean ez nintzen batere harritu. Galdetzen zidan lanetik irtetean pioletei astindu bat emateko prest egongo ote nintzen. Izaera horretako proposamen bati ezin nion ezezkorik eman».

Urtarrilaren 24an, arratsaldez, pronto ziren jarduera berri horri ekiteko. Hegoaldeko hormaren inguruan laino itxia zuten, baina alderdi hori bikain ezagutzen dutenez, hasierako kanala ondo aurkitu zuten. Aurreko proposamenean bezala, hiru luze zabaldu zituzten: M4, M5 eta M6. Bide gogorra sortu dutela ez dago zalantzarik.

Saez de Urabainek  dio, neguko arratsalde hotzak oso laburrak direnez, bidearen hasieran denbora irabazi behar zutela: «Bide hau “Txinparta urdina”-rekin alderatuta, ez da hain bertikala eta mugimendu gehiago eskaintzen ditu (zabalagoa da); lehen zatian, behintzat. Hirugarren eta azken luzean egoera aldatzen da. Marraren gakoa da; izan ere, horma tenteago jartzen da eta artesi bat jarraitu behar da. Josebak eta biok bat egiten dugu luze hau kalifikatzeko orduan: ikaragarri ona da; ez du inbidiarik neguko beste eskalada entzutetsu batzuekin».

Era horretan, hiruzpalau orduko jardunaren ostean eta ilunpean, bi protagonista hauek “Baratza iraultza” biribildu zuten: «Baldintza onak izan ziren geure arrakastaren gakoa; aurrera egiteko pioletarekin erabili behar izan genituen kako-zulo batzuk txikiak eta ahulak ziren. Baina izotza ona zenez, horrek lagundu zigun. Jaitsiera, berriz, “Petrel”-etik egin genuen».