NAIZ

Aurkari zuzenak Emakumeen Ligako euskal taldeentzat lehia berriro martxan jartzean

IDK Euskotren izango da etxean jokatuko duen bakarra, Bartzelonaren aurka. Zortzi onenen artean mantentzeko, Basket zaragozari bisita egingo dio Lointek Gernika Bizkaiak eta Kanaria Handiari, bestalde, Kutxabank Araskik.

IDK Euskotrenek Malosten erakutsi zuen itxura bikaina mantendu nahi du.
IDK Euskotrenek Malosten erakutsi zuen itxura bikaina mantendu nahi du. (Aritz LOIOLA | FOKU)

«FIBA Lehioak» direla-eta, joan zen asteburuan ez zen Emakumeen Endesa Ligako jardunaldirik jokatu eta hargatik, asteon jardunaldi bikoitza jokatu beharko da. Hasteko eta bat, ostegun arratsalde honetan txapelketako zortzi onenen artera itzultzeko nahiarekin, aurkari zuzenak izango dituzte aiurrez aurre euskal taldeek.

IDK Euskotren izango da etxean jokatuko duen bakarra, 19.30etik aurrera Bartzelonaren aurka. Yurena Diaz eta Kaela Davis galdu arren, play-offetara begira jarraitzen du Azu Muguruzaren taldeak eta hala, 9-11 balantzearekin, liga txapelketako hamargarren postuan daude donostiarrak, uneotan Kutxabank Araskirena den zortzigarren postutik garaipen bakarrera.

Bartzelona bera ere 10-10 balantzearekin zazpigarren posturaino erori da, geldialdia baino lehen jokaturiko azken bi partidak galdu eta gero. IDK Euskotrenek, bestalde, 66-98 irabazi zuen Malosteko derbia, 14 hiruko sartu eta Lointek Gernika Bizkaia airean eraman ondoren.

«Bartzelonari irabazten badiogu, gorantz joateko moduan egongo gara», onartu du Azu Muguruzak partida bezperako prentsaurrekoan. «Baina egia da urte osoan erregulartasuna falta zaigula; ez bakarrik azken emaitzetan, jokoan bertan baino. Dena den ezin gara Bartzelonarekin fidatu: Jolene Anderson hor dago, hiruko jaurtiketan espezialista, hortxe Marta Canella edo Anna Cruz ere, Hamblin bere bi metroekin...», ohartarazi du Ibaetako taldeko entrenatzaileak.

Izan ere, Azu Muguruzak esan duen moduan, «Liga oso dago berdinduta». Hain justu, bosgarren postutik hamahirugarrenera bitartean bi garaipeneko aldea baino ez dago. «Bi garaipen kateatuz gero, play-offei begira hasi gaitezke; aldiz, bi porrot jasaten baditugu, beherasntz hasten gara begira. Horrela joango da Liga gero ere», gaineratu du.

Zaragozara bisita

Malosteko derbiaren ifrentzua Lointek Gernika Bizkaia izan zen, 66-98 galdu eta gero. Atsedenealdia bapo etorri zaio talde bizkaitarrari, uztaipean dituen arazoek bere horretan dirautelako. Nogaye Loren lesio luzeaz gain, Julie Wojta oraindik ere ez dago nonbait jokatzeko moduan eta, bada, partidak bata bestearen atzetik jokatu beharrak asko ahuldu du azken aldian Anna Montañanaren taldea. Eta Basket Zaragozari 20.00etan egin beharreko bisitak ez dirudi batere erraza.

10-10 balantzea dauka Lointek Gernika Bizkak eta seigarren postuan jarraitzen du sailkapen nagusian. Aragoiko taldeak, berriz, laugarren jarraitzen du, 14 garaipen aldean. Zaragozak aldaketa asko egin behar izan ditu bere jokalarien artean, Euroligako taldeek ez dutelako gupudarik izan zenbait jokalari fitxateko orduan. Nolanahi, Carmen Grande, Lara Gonzalez donostiarra, Mariona Ortiz eta Helena Oma lan bikaina egiten ari dira Imani Tate eta Leona Fiebichek dizdira egin dezaten, Vega Gimeno edo Serena Geldofetaz ahaztu gabe.

Fisikoki errekuperatzerik izan badu talde gernikarrak, lehiakor izateko moduan egongo da Zaragozaren kalitatea gorabehera. Hala ere, uztaipean dituen gabeziek hortxe jarraituko dute.

Derbiaren atarian

Igandean Mendizorrotzan 18.00etan hasita, Kutxabank Araskik IDK Euskotrenen aurka euskal derbia jokatuko du –Lointek Gernika Bizkaiak 12.15ean Estudiantes hartuko du Malosten–. Baina aurretik, ostegun gaueko 20.00etan –Euskal Herriko ordutegia beti ere– Kanaria Handiari bisita egingo dio talde gasteiztarrak.

«Geldiadia bikain etorri zaigu indarberritzeko, denboraldiko gauzarik politenak zati honetan datozkigulako: Kopa dela, Ligako play-offak direla... eta topera egon behar da», adierazi dio Maria Asurmendi kapitainak Kutxabank Araskiren webguneari.

Zortzigarren postuan daude uneotan Made Urietarenak, geldialdi bezperan 74-83 Leganesen denboraldiko hamargarren garaipena lortu eta gero. Edonola ere, zortzi onenen artean beren burua egonkortzeko oraindik asko falta zaie gasteiztarrei, are gehiago aurreneko itzuliko partidan Kanaria Handia aise, 67-82, nagusitu zela jakinda, Sika Kone pibotak lorturiko 18 puntu eta 12 erreboteei esker.

«Aste honetan nahitaez garaipenen bat pilatu behar dugu. Aurkari zuzenak izango ditugu aurrean; Kanaria Handia hasteko eta bat. Mendizorrotzan erosoegi jokatu zuten gure kontra eta, beraz, askoz sendoago defenditu beharko dugu beraien etxean. Badakigu nola aurre egin beraiei, baina orain egitea tokatzen da», gaineratu du Maria Asurmendik.