NAIZ

Hiru lagun atzeman ditu frantses Poliziak Lapurdin migratzaileen alde jarduteagatik

Hiru pertsona atzeman ditu frantses Poliziak Hendaian eta Urruñan, migratzaileei «legez kanpoko laguntza ematea» leporatuta. Hendaiako polizia-etxera eraman eta ordu batzuetara aske utzi dituzte.

Atxiloketak salatzeko elkarretaratzea egin dute Hendaiako komisariaren aurrean
Atxiloketak salatzeko elkarretaratzea egin dute Hendaiako komisariaren aurrean (Guillaume FAUVEAU)

Frantses Poliziak hiru pertsona atzeman ditu astearte goiz honetan Hendaian eta Urruñan, migratzaileei «legez kanpoko laguntza ematea» egotzita, Euskal Irratiek jakitera eman dutenez. Hendaiako polizia-etxean hainbat orduz atxiki dituzte eta ondoren aske gelditu dira.

Baionako prokuradoreak, Jerôme Bourrierek, baieztatu die Euskal Irratiei, lehen orduan, hiru lagun atxiloturik zeudela. Zehazki «atzerritarren sarrera, zirkulazio edo egonaldi irregularra erraztea» leporatuko lieke Poliziak hiru herritarrei.

«Ekinmolde hori irmoki gaitzesten dugu eta berehala askatuak izan daitezen eskatzen dugu», galdetu du Etorkinekin Diakite federazioak.

Atxiloketak salatzeko, Hendaian PAFek (mugetako polizia) duen komisaldegian elkarretaratzea egin dute arratsaldean. Jende andana bildu da.

Bertan azaldu dutenez, lehen atxiloketa astelehen arratsaldean izan zen, 17.00ak aldera, Poliziak Etorkinekin Diakite elkarteko kide bat atxilotu zuen, bere autoan erbesteratu gazteei laguntzen zien bitartean, Hendaian. Astearte goizeko 6.00etan, haren familiako beste bi kide ere atxilotu dituzte beren etxean, miaketa egin eta gero.

Poliziaren «jokaera erasotzaile hau» onartezina dela adierazi dute elkarretaratzean. «Denok jarduten dugu, gure egunerokoan, bizitza hobe baten bila gure lurraldera iristen den pertsona bakoitzaren errespetuaren, elkartasunaren eta segurtasunaren alde. Era guztiz desinteresatuan jokatzen dugu, borondatez. Ez gara ez kontrabandistak ez gaizkileak», aldarrikatu dute.

Estatu frantsesak migratzaileekiko harrera baldintzak gogortu eta laguntzen dieten pertsonak ere zigortzen dituela salatu, «elkartasun delitua» ez dela existitzen aldarrikatu eta horrelako «larderia baten aurrean» ez dutela amore emango ziurtatu dute. 

Ez da lehen aldia Bidasoako muga zeharkatzen duten migratzaileei laguntza emateagatik atxiloketak gertatzen direla Lapurdin.

Elkartasunez jarduten dutenak eta diruaren truke ari direnak ez dira berdin

2022ko martxoaren 9en Daniele Bideondo, Urruñako Herriko Etxearen hautetsia eta gizarte zerbitzuko ordezkaria atzeman zuen Poliziak herriko karrikaketan atzeman zituen bost langileri laguntza emateagatik.

Uztailaren 7an, berriz, herri berean bizi den Eñaut Aramendi sindikalista atzeman zuten hiru pertsona migranteei laguntza ematearren.

Handik ordu gutxira aske utzi bazuten ere LAB sindikatuak salatu zuen «Poliziaren kontrol arrazistek eta migrazio politika hiltzaileek bidean dauden pertsonak bizitza arriskuan jartzera behartzen dituztela egunero».

Hilabete batzuk lehenago, Mikel Ibarguren idazlea hainbat orduz atxilo hartu zuten. Biriatuko peaje aldera bost etorkin ikusi eta bere autoan hartu zituen Baionako Pausu zentrora eramateko asmoz Lapurdin bizi den zestoarrak. Bertan atseden hartzen baitute askotan muga zehazkatu ondoren eta bidaia jarraitu aintzin migrante anitz.

Poliziek gazte horiek berehala bidali zituzten bueltan Irunera. Aldiz, handik gutxira elkartasun taldeek jakinarazi zutenez «finean lortu zuten Baionara iristea».

Zeresan handia eman zuen, baita ere, 64 urteko emazte hendaiar baten atxiloketa.

Emazteak hotzari eta euriari aurre eginez, auto-stop egiten ari ziren lau migratzaile, tartean emakume bat, ukusi zituen.

Laurak bete autoan hartu zituen Baionako Pausuko zentrora eramateko asmoz. Poliziak emaztea atxilotu zuen Biriatuko peajearen inguruan eta 17 orduz atxiki zuen komisaldegian bere semeak salatu zuenez.

Azken kasu horren karietara, migratzaileen alde jarduten duten taldeen lanari gero eta oztopo gehiago ezartzen zaiola salatu zuten elkartasun taldeek.

Migratzaileekiko elkartasuna «ez dela krimena» adierazi ondoren, diruaren truke mugan migratzaileak pasarazten dituzten herritar eta sareak ez direla nahastu behar ohartarazi zuten bide seguruak izateko lan egiten duten elkartasun taldeek.

Oroitzearren, Ipar Euskal Herrian migratzaileen alde lan egiten duten taldeek, besteak beste Etorkinekin federazioak eta Diakitek, agerraldia eskaini zuten, astelehen arratsaldean, Baionan, heldu den martxoaren 25an Gerald Darmanin Barne ministro frantsesak asmaturiko migrazio lege berriaren aurka eginen duten mobilizazio ekimena aurkezteko.

 

«BIDEAK», MIGRAZIOARI BURUZKO PODCAST BEREZIAK ABIAN DITU NAIZ IRRATIAK, Mediabask-ekin elkarlanean:

1. atala: Bide galduak

2. atala: Bidegileak; nori ixten dizkio ateak Europak?

3. atala: Irun, harrera herria

4. atala: Checkpoint