NAIZ

Erretreten erreformaren aurkako ekintzak BAB2 merkataritza gunean eta portuan

Parlamentuan erretreten erreforma onartu ondoren ez dira baretu bi urtez erretiro adina gibelatzea aurreikusten duen legearen aurkako protestak. Gaur asteazkenean, intersindikalak BAB2 merkataritza gunea blokeatu du goizean goiz eta ondoren Baionako portuaren sarrera itxi du ere.

Sindikatuen ordezkariak Baionako portuaren sarreran, gaur goizean.
Sindikatuen ordezkariak Baionako portuaren sarreran, gaur goizean. (Guillaume FAUVEAU)

Elisabeth Borne frantziar lehen ministroak bederatzi botoz besterik ez bada ere zentsura mozioa gainditu zuen, iragan astelehenean. Baina Asanblea Nazionalak erretreten erreforma onartu eta gero giroa ez da batere baretu.

Gaueko ordu txikitan protestak eta poliziaren erantzun bortitzak nagusitzen dira Parisen eta beste hainbat hiri handietan ere. Egunean zehar, berriz, sindikatuek tokian tokiko ekintzekin jarraitzen dute. Gaur, goizeko 8tik landa, berriz, BAB2 merkataritza gunea handian hartu dute hitzordua hamarnaka ekintzailek.

Hainbat sarrera blokeatu dituzte erosketa-orgak eta paleak gurutzatuz. Ondoren, Carrefourrera sartu dira. Bezero gutxi batzuk erosketak egiten zituzten bitartean saltokia zehartu du sindikalisten segizioa. Handik gutxitara, gertu dagoen Leclerc saltokira eraman dute protesta.

Izan ere, ekintza ez da Angelura mugatu. Eremu komertzialean protesta burutu ostean, Bokale aldera jo dute ekintzaileek, bertan beste blokatze operazioa gauzatu baita 10.30tik aitzin.

Sindikalisten Baionako portuaren sarrera blokeatu dute, beste behin ere. Iragan urtarrilaren 26an dagoeneko azpirgitura hori bloeatu zuten erretreten erreforma salatzeko.

Atzo, Bidarten, Intermache saltokia blokeatu zuten ekintzaileek.

Azpiegitura ekonomikoetan blokatze operazioak

Hexagono osoan zehar, berdin Le Havre, Brest edo Marseillan, portu handietan protesta ugaritu dira azken egunetan.

Erregaien biltegien blokatzeak, berriz, dagoeneko hornidura arazoak sortu ditu Marseilan soilik ez Bouches de Rhône eskualde osoan ere.

Garraio arloan ere gorabeherak badira. Biarritzeko aeroportuak jakitera eman duenez hainbat hegaldi bertan behera geldituko dira asteazken eta ostegun honetan, greba eguna izanik, protestak oraindik ere eragin handiagoa izan dezakeela aurreikusten da.

Trenbideetan ere zerbitzua asko apalduko dela aurreikusten dute SNCFko arduradunek.

Mobilizazio eta greba eguna izanen da ostegunean Hexagono osoan bezala baita Ipar Euskal Herrian ere.