Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

101 kiderekin, mugarri bat jarri du UEMAk, baina «egoerak mugitzea eskatzen du»

Arrankudiaga-Zollo, Doneztebe, Arruazu eta Etxebarria batuta, 101 udal izatera heldu da UEMA, 305.000 biztanleko lurgunea osatuz. Langa garrantzitsua da 1991n 19 udalekin hasi zen mankomunitatearentzat. Bide urratzaile izan zen, eta horretan jarraitzeko asmo betea du, euskara noranahikoa izan dadin.

UEMAko kide diren udalerrietako ordezkariak, Azpeitian.
UEMAko kide diren udalerrietako ordezkariak, Azpeitian. (Jon URBE | FOKU)

Hunkituta mintzatu da Iraitz Lazkano UEMAko lehendakaria, «egun handia» dela jakitun. «Ehunka lagunen azken katebegia baino ez» da eta Azpeitiko Soreasu antzokiko oholtzara gonbidatu ditu, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko zuzendaritza batzordearekin batera, hainbat kide. Hasteko, erakundera batuz honek ehun udaleko langa gainditzea posible egin duten azken udalerrietako alkateak, Txutxi Ariznabarreta (Arrankudiaga-Zollo), Leire Ortuoste (Doneztebe), Jesus Iriondo (Etxebarria) eta Gorka Ovejero (Arruazu).

Jarraian goititu dira orain arteko lehendakariak, langileak eta herrietako zinegotziak ere. Eserlekuak beteta, Euskal Herri osoko erakunde publiko, euskalgintza, alderdi politiko eta jendarteko ordezkaritza zabalarekin, eta elkarri txaloka, unea gozatzen eta ospatzen.

Taula erdian, ‘UEMA, euskaraz gara’ leloa hizki handiz, eta ekitaldian mami eta arte aunitz. Emozioak pizteko eta jendearengana iristeko konbinazio bikaina.

Lehengo, batzar nagusia egin du mankomunitateak, eta gero ekitaldia. Bertan, udalerri euskaldunen garrantzia eta Aturritik Ebrora herri honek oztopoen gainetik euskarari eusteko egin duen bidea oroitu dute. Estitxu Pinatxoren eta Garazi Esnaolaren doinuekin hasi dira, gozo-gozo, eta Ilaski Serrano eta Antton Telleria aurkezleek hartu dute hitza.

Erabaki ausarten garaia

1991n, 19 udal hasi ziren bidea urratzen, 12.000 biztanleko lurgunea ziren. Gaur, 101 dira, eta tartean badira, herri txikiez gain, Zarautz, Hernani, Azpeitia, Oñati eta Tolosa bezalakoak. Guztira 305.000 biztanleko lurgunea osatzen dute. Biztanleen %70etik gora euskalduna dutenak hartzen dira udalerri euskaldun gisa. Denak ez daude UEMAn eta batzeko deia egin die Lazkanok, elkarrekin gehiago egin dezaketela konbentzituta.

«Inertzia erdararen aldekoa da, egoerak mugitzea eskatzen digu, berandu izan baino lehen», ohartarazi du. «Gaur mugarri bat jarri dugu, ospatzeko eguna da, baina ekinean jarraitu behar dugu. Udal eta foru hauteskundeak gainean ditugu, datorrena zinez agintaldi garrantzitsua izango da. Guk plan estrategiko berria onartuko dugu eta etorkizuneko lan ildoak finkatuko ditugu».

Euskararen aldeko adostasunak berritzeko garaia dela adierazi du, ezagutzan emandako pausoak erabilerara eramateko benetako eta egiturazko erabakiak hartzekoa, arnasguneak babestekoa.

«Bestetik, belaunaldi berrien egoeraz kontziente izan eta horretan eragitea dagokigu. Ezin ditugu errudun gisa hartu; kontrakoa, aisialdia ere euskaraz eskaintzeko neurri sendoak behar ditugu. Euskaldun gehienak ez dira udalerri euskaldunetan bizi, gero eta euskaldun gehiago bizi dira euskara ofiziala ez den eremuetan. Bide urratzaile izaten jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi dugu, euskara noranahikoa izan dadin. Horretarako bidelagunak behar ditugu, bidelagun ausartak».

Jarduna berritu beharrean

Lehendakariak agertu duenez, euskararen egoera aldatu egin da, eta horrekin UEMAren egoera eta funtzioak ere bai. «Euskararen ezagutzan aurrera egin dugu nabarmen orokorrean, udalerri euskaldunen kopurua ere asko igo da. Beste tipologia bateko udalerriak etorri dira, Hernani kasu. Etorriko dira gehiago ere».

«Ez ditugu bete aurreikuspen guztiak, batez ere azken urteetan. Erabilera orokorrean motelaldian sartuta dago, aldaketa sozial eta demografiko handiek bete-betean eragin diote euskararen normalizazio prozesuari, eta gure jardunak berritu beharrean gaude», onartu du.

Eremu formalean, udaletan aurrerapen handiak egin dituztela erran du. Baina aldi berean zulo handiak agertu zaizkiela azaldu du. «Arnasguneak ahuldu zaizkigu, erdaren sarbidea gero eta nabarmenagoa da».

Mantso, baina Nafarroako Gobernua ere hasi da

Erakunde publikoen ordezkari gisa, Mikel Arregi Nafarroako Gobernuko Euskarabidea Institutuko zuzendaria eta Bingen Zupiria Lakuako Hizkuntza Politikako sailburua mintzatu dira. Lehenak nabarmendu du Iruñea udalerri euskaldunak aintzat ez hartzetik neurriak hartzera pasatu dela. «Mantso bada ere, urratsak egiten ari gara, herritarren eskubideak aintzat hartzen hasi gara. Egin gabekoak asko direla ezin da ukatu, baina badira urte batzuk UEMArekin ekimenak egiten ari garenetik, eta Nafarroako Gobernuaren eta UEMAren arteko lehen hitzarmena sinatu dugu».

Zupiriak, bertzetik, astelehen honetan bertan kaleratutako Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak oroitu ditu. «Datuok argi adierazten digute ahalegina egiten dugula hizkuntza ezagutu, erabili eta transmititzeko, gure herrira etorri berri direnek ere bai. Gero eta gehiago gara komunitate hori osatzen dugunak». Udalerririk euskaldunenak ezinbesteko bidelaguntzat ditu. «Hainbat gauza egin ditugu elkarrekin: hezkuntzan, etorri berrien inklusioan, hizkuntza plangintzetan... Merkataritzarako marka berria ere aurkeztuko dugu datorren astean».

«Zaindu, ahaldundu egiten gaitu»

Ahots ugari aditu dira Azpeitiko ospakizunean. «UEMAk zaindu, ahaldundu egiten gaitu», azpimarratu dute aunitzek zorion mezuetan. Ibon Iza irakasleak jostorratzaren irudiarekin lotu du, harilkatzea fin eta tentuz egiten duela adieraziz. Jone Josie Urruñako euskara teknikariak biziki erreferentziazkoa izan dutela erran du eta lehen hizkuntza normalizazio planak egiten lagundu ziela oroitu du. Gazte Euskaltzaleen Saretik, Maialen Arteaga hala mintzatu da: «Gazteontzat izugarrizko arnasguneak dira udalerri euskaldunak, baina horietatik kanpo ere arnasten jarraitu nahi dugulako beste ehun udalerri euskaldunen bila joan behar dugu».

«Egunero erakusten duzue euskaraz izatea posible dela, bestelako errealitate soziolinguistikoetatik euskalduntze bidean direnentzat trakzio indartsua zarete», azaldu du Kontseiluko Idurre Eskisabelek.

Lurreko erreka bat bezala

«Euskara da gure territorio libre bakarra», aldarrikatu du Ines Osinagak bere zuzeneko emanaldian. Elene Carreto dantzariak ere ikuskizuna eman du eta Pello Ramirez musikariak lagunduta errezitaldi hunkigarria egin du Jon Maiak, «gure biziraupenaren sekretua» azalduz. «Lurpeko erreka baten moduan iritsi zinen gugana, ezertarako balio ez zenuela egunero esaten zizuten ume bat zinen».

Erailketaren lekuko izaten ari zirenek erabaki zuten arte ezin zela horrela izan. Hala sortu zituzten ikastolak, gau eskolak, liburu eta kantu berriak, irrati emisorak, egunkariak.

‘Sagu txiki sagu maite’ kantatzen zioten Maiari zamorano eta extremeñak. Eta hala bilakatu zen euskara bere kode intimo. «Munduan leku bat eman zenidan, nire pentsamendu berrien genetika sor nezan. Orain zurea naizela, nire galdera hau da: iritsiko ote zara zuretzat basamortuak diren oraingo plataforma digitaletara, epaitegi eta komisaldegietara, egin ahal izango dituzte azterketak euskaraz, iritsiko zara hiri handietako etorbideetara...?».

«Zutaz deus ez dakiten horiei opa diet bizi diren lurreko hizkuntzarekin bat egiteko zoria. Epikarik gabe, bizi besterik ez, eta izatea arnasa».

«Zure lo kanta berriekin amets egingo duten haur jaioberriak esnatu daitezela euskararen herrira, eta zorioneko», desio du artista zumaiarrak.