Elkarrizketa
Ander Ugarte
Bidasoa Iruneko jokalaria

«Ez naiz negar asko egitekoa, ezta hunkitzen den horietakoa ere, asko kostatzen zait»

Hunkitu ez, baina «urduri jarriko» dela ziur dago Ander Ugarte (Irun, 1990). Bihar jokatuko du bere kirol ibilbideko azken partida, eta «bere jendearen aurrean», Artalekun (18.30ean), hartuko du erretiroa 33 urterekin. Pibot irundarraren hitzetan, «kirolari batek amesten duen amaiera» izango du.

Ander Ugarte Bidasoa Iruneko jokalaria, Artaleku kanpoan, Irunen.
Ander Ugarte Bidasoa Iruneko jokalaria, Artaleku kanpoan, Irunen. (Jon URBE | FOKU)

Pertsona adeitsua eta jatorra dela antzematen zaio Ander Ugarteri. Bihar egun berezia biziko du irundarrak: bere kirol ibilbideko azken partida jokatuko du. Pasa den otsailean iragarri zuen erretiroa hartuko zuela, eta aitortu du «zama handia kendu» zuela hori jakinarazi ostean. Pibotak nabarmendu du denboraldi honetan taldeak «behetik gora» egin duela, eta, Europarako sailkapena lortu ez arren, edalontzia «erdi betea» ikusten du.

Ia 15 urte egin ditu profesionaletan, Bidasoa Irunen koskortu zen jokalari gisara, eta klubeko garairik gazi zein gozoenetan egon da. Bidasoa Zilarrezko Ohorezko Mailan zegoenean, eta orain, Asobal Ligan egonkortuta dagoenean, Europara begira. Ademar Leon, Antequeran, Bada Huesca eta Atletico Valladolid taldeetan ere egon da. Irundarrak Anaitasunan osatu du bere ibilbideko arorik luzeena.

Nola doa azken aste hau?

Aste oso berezia da. Azkenean bizitza osoan gauza bera egin dut, eskubaloian jokatu. Dena amaitzen den astea da. Une batzuetan pentsatzen dut eta pena handia ematen dit, baina astea asko gozatzen ari naiz, eta partida iristeko gogo handiarekin nago. Momentua iritsi behar zen eta iritsi da; beraz, pozik.

'Azken' hitza asko errepikatzen ari da zure egunerokoan?

Bai, esaterako, pasa den asteburuan Huescara joan ginen, eta taldearen denboraldiko azken bidaia izan zen. Batzuek esan zidaten ‘zure azken bidaia izango da’ edo ‘bi entrenamendu besterik ez zaizkizu falta’, eta egia da asko entzun ditudala halakoak. Baina kirol ibilbidearen parte da, eta denoi iristen zaigu momentua azken bidaia, entrenamendua eta partida izango dena.

Lehenago iragarri zenuen eskubaloia utziko zenuela. Zama handia kendu zenuen?

Erretiroa hartuko nuela iragarri nuenean ez nuen pentsatzen horrela izango zenik. Baina egia da azken hilabete hauetan zama handia kendu dudala, erabakia hartzean, hori esatean eta jakitean erabaki irmoa zela. Erabakia hain azkar hartzea hoberako izan da.

Denboraldi honen hasieran buruan zenuen erretiroa hartuko zenuela?

Bai, lehenagotik zetorren erabakia zen. Pasa den urtean jada lan eskaintza bati uko egin nion eta oraingo honetan, eskubaloia uzten dudanean lanean hasteko aukera izaten jarraituko dudanez, erabakia hartu nuen. Uste dut komenigarria zela hori aprobetxatzea eta lan eskaintza onartzea, azkenean hori ere badelako egin nahi dudana. Erretiroa hartzeko erabakia ez zen zaila izan, bi gertaera hauek bat egin zutelako; lanean has nintekeela eta erretiroa etxean izan zitekeela, nire jendearen aurrean, lagun eta senide guztiekin.

Ez zenuen zalantzarik izan Irunen bukatuko zenuela zure kirol ibilbidea?

Beste taldeetan nengoenean beti esaten nuen Irunera bueltatu nahi nuela, eta, kirol ibilbidea amaitzeko une on bat izatekotan, nire ustez onena hemen da, nire etxean, Irunen. Uste dut kirolari batek amesten duen amaiera izango dela; jokalari gisara hezi eta koskortu naizen lekua da, asko eman didan klub batean eta nire jende guztiaren aurrean.

Aginagalderekin batera hartuko duzu erretiroa. Horregatik ere, berezia izango da, ezta? Zer esaten diozue elkarri?

Sasoian zehar ibili gara batak besteari gauzak esaten, zahartzen ari garela eta. Oso eskertuta nago nire taldekidea izan delako, txikitatik nire erreferentea izan da, bera zen Irungo pibota. Eta harekin jokatzea eta gainera erretiroa elkarrekin hartzea oso berezia da.

Zer balorazio egiten duzu denboraldiaz?

Oro har, esango nuke behetik gora egin dugula. Egia da ligako lehen itzulia ez dela nahiko genukeen bezalakoa izan; batez ere, etxetik kanpo asko kostatu zaigulako puntuak ateratzea. Hori bai, etxean sendoak izan gara. Bigarren itzulian mahaian kolpe bat eman genuen eta puntuak lortu ditugu. Orain denboraldia amaitzear da, baina egia da azkenaldian bolada onean gaudela.

Herenegun jokatu zuen Granollersek, eta irabazi egin zuenez, haientzako da Europako hirugarren eta azken txartela. Europarako sailkapena lortu gabe, edalontzia erdi betea ikusten duzue?

Bidasoak azken urteotan duen xedeetako bat Europarako sailkatzea da, jakina. Azken finean, sailkatzeak esan nahi du hor goian egon zarela borrokan. Egia da azken momentura arte aukerak izan ditugula, baina ez dugu lortu ez bigarren ez hirugarren posturik. Zentzu horretan, pixka bat dezepzionatuta gaude; baina edalontzia bai ikusten dugula erdi betea, behetik gora egin dugulako, eta maila onean bukatu dugulako. Zalantzarik gabe, uste dut Bidasoak helburu berak izango dituela hurrengo denboraldian; goiko taldeetako bat izatea eta Europarako sailkapena lortzea.

«Erretiroa hartzeko erabakia ez zen zaila izan, izan ere, bi gertaera hauek bat egin zuten; lanean has nintekeela eta erretiroa etxean izan zitekeela»

Sasoi honetan Europan urrunago iristea falta izan zaizue?

Ikusita Kolstad Handball taldearen aurka jokatzen genuela kanporaketa, helburu nagusia multzoen faserako sailkatzea zen. Behin hori lortuta, gora begiratu nahi genuen, eta ahalik gorenen iritsi. Lortu genuen hurrengo fasera sailkatzea, baina hortik aurrera bagenekien edozein talderen aurkako partida oso zaila izango zela. Oso talde onak daude, Bidasoak baino askoz ere aurrekontu handiagoa dutenak. Pozik gaude, baina gustatuko zitzaigun, adibidez, Sporting taldearen aurka final-hamaseirenetan irabaztea eta beste kanporaketaren bat jokatzea. Are gehiago, ikusita Granollers finaleraino iritsi dela. Enbidia pixka batekin begiratzen diogu; horrek ispilu izan beharko luke guretzat, erakusten baitigu Europan aukera dagoela urrunago iristeko.

Zein jomuga izan beharko lituzke jomugan Bidasoak sasoiro?

Ligan Bidasoak txapeldunorde izateko xedea izan beharko luke, taldea badu horretarako. Hemen gauzak oso ondo egiten dira. Gainera, helburu hori lortzeak dakar Europarako sailkatzea, eta hori jendeari gustatzen zaio. Europan jokatzean ez duzu ligan izan dezakezun presioa, eta gehiago da disfrutatzea helburu jakin batzuk lortzea baino. Nahiz eta helburuak ere badauden. Gero, Bidasoak saiatu beharko luke bai Espainiako Kopa bai Asobal Kopa ondo jokatzen.

Zer eman dizu Bidasoak?

Erretiroa etxean hartzeko aukera emateaz gain, dena eman dit. Haurra nintzenean hasi nintzen Bidasoan, bertan hazi nintzen bizimodua ateratzeko eta eskubaloiaz bizitzeko. Horrez gain, lagun eta taldekide on asko ezagutu ditut bertan.

Eta zuk, zer eman diozu?

Saiatu naiz beti ahalik gehien ematen klubari, bai jokalari gisara, baita pertsona moduan ere. Gauzak ondo egiten saiatu naiz, Bidasoa bezalako klub batek eskatzen duen profesionaltasunarekin. Saiatu naiz taldekide ona izaten, baita langile ona ere.

Bidasoaren garairik txarrenetan zein gozoenetan egon zara. Zer irakaspen eman dizu bakoitzak?

Ondorioztatu dudan lehen gauza izan da Irunen eskubaloia oso gustukoa dela; bai Zilarrezko Ohorezko Mailan geundenean, bai Asobalen gaudenean ere jendearen erantzuna beti izan da ona, zaleak Artalekura etorri dira pabiloia betetzera. Plazera da hemen jokatzea, bereziki beste talde batzuekin alderatuta. Izan ere, beste kantxa batzuk ez dira beti hain beteak egoten, eta Artaleku beti dago jendez lepo. Momentu on zein txarretan uste dut Bidasoak beti izan duela bere esentzia eta gauzak ondo egiten dituen klub bat izan da. Klubak beti goraka begiratzen du.


18 urterekin Irunetik atera zinen Leonera. Gogorra izan zen?

Leonera joan nintzenean hainbat faktorek bat egin zuten; hango unibertsitatean ikasi ahal nuela, eta Leongo bigarren taldera joan arren, multzo gaztea zen hazteko eta gorengo mailara salto egiteko helburuarekin. Gogorra izan zen, nire familia eta lagunak atzean utzi nituelako.

Anaitasunan osatu duzu zure kirol ibilbideko arorik luzeena: bost sasoi. Zer oroitzapen duzu?

Estimu handiz gogoratzen dut. Hango jendeak asko maite izan nau beti, baita nik haiek ere. Bost denboraldi zoragarri izan ziren. Gainera, etxetik gertu nengoen, eta uztar nezakeen eskubaloia eta gertu egotea, nahi nuenean etxera joateko. Lagun, taldekide eta pertsona on asko daramatzat handik nirekin.

Zer nabarmenduko zenuke egon zaren talde bakoitzetik?

Iruñetik gustatzen zitzaidan klubak gizarterekin lotura estua zuela. Irunetik, lehen esan dudan moduan, zaleak nabarmenduko nituzke, jendeak gehien erantzuten duen klubetariko bat delako. Leonen ere oso barnean daramate eskubaloia, baita Valladoliden ere. Huescan agian ez leku horietan bezainbeste, baina denboraldi oso berezia izan zen. Eta Antequerakoa agian izan zen denboraldi diferenteena; hemendik urruti egoteaz gain, Andaluziako bizitzeko modua oso bestelakoa delako hemengoarekin alderatuta, eta zentzu horretan, euskaldun batek asko antzematen du hori.

Antequeran gertatu zen, denboraldi erdian klubak ordaintzeari utzi zigula, eta bukaeran bai jaso genuela soldata guztia, baina egon ginen sasoi erdia entrenatu gabe. Entrenatzaileak esan zigun ez bagenuen soldata jasotzen, ez genuela entrenatuko. 21 urte nituen eta niretzako aspektu ekonomikoa ez zen hain garrantzitsua, umeak zituen taldekide batentzat izan zitekeen moduan. Oroitzapen onak ditut denboraldi horretatik, oso ondo pasatu nuen.

Zein entrenatzailek markatu zaitu gehien?

Pertsona moduan izan dudan entrenatzaile hoberena Fernando Bolea izan da. Jokalariak oso ondo ulertzen zituen, bera ere jokalari izan zen gorengo mailan eta bazekien jokalariek zer behar zuten. Oroitzapen ona dut [David] Pisoneroz ere Atletico Valladoliden egon nintzenean. Bere taldeek asko jokatzen dute pibotarekin, bera ere pibota izan zen, eta asko ikasi nuen harengandik.

Zu ez zara izan pibote tradizional bat, altua eta pisutsua. Uste duzu egungo joera aldatu egin dela?

Bai, egia da lehengo pibote bati buruz zegoen irudia zela: 2 metro eta pikoko bat, 120 kilokoa eta bere posizioa irabazten zuena. Gaur egun pibote oso diferenteak ikusten dira; baxuagoak direnak, agian hain indartsuak ez direnak baina oso ondo mugitzen direnak arean. Eskubaloia aldatzen ari da, orain lehen baino gehiago korritzen da, fisikoagoa da eta erritmo altuagoan jokatzen dira partidak. Orduan, uste dut horrelako piboteentzako leku gehiago dagoela, talde handieran oraindik dauden pibote tradizionalak baztertu gabe.

«Kanpora ez joan izanaren arantza geratu zait. Izan nuen aukera Hungariara eta Frantziara joateko, baina momentuan ez nengoen horren bila»

Arantzarik geratu zaizu?

Bai, kanpora ez joan izanaren arantza geratu zait. Izan nuen aukera Hungariara eta Frantziara joateko, baina momentuan ez nenbilen horren bila. Ni beti gustura egon naiz liga honetan, baina egia da arantza hori geratzen zaidala. Eta ez bakarrik Europako talde batera, hemendik ateratzea ere bai. Beste herrialde bateko bizitzeko modura moldatzea, beste hizkuntza, jende eta kultura batera.

Zein izan da zure kirol ibilbideko momenturik onena? Eta txarrena?

Maitasun handiz gogoratzen ditut Leonen igaro nituen hiru denboraldiak; bigarren taldean nengoen eta gazte asko geunden taldean. Unibertsitate-egoitza batean geunden, asko entrenatzen ginen, baina bizitza unibertsitarioa ere egiten genuen. Eta okerrena... ez dut izan denboraldirik esan dudana ‘zein gaizki nagoen’. Ez dakit zer esan. Ez dut inoiz gauza txarrik ikusten, beti gauza onekin geratzen saiatzen naiz.

Boteprontoan, zein partida etortzen zaizu burura, berezia izanagatik?

Sartu nituen gol kopuruarengatik, Anaitasunarekin 12 gol sartu nituen Europako partida batean, Hungariako talde baten aurka. Gogoan dut, ziur aski aski partida batean sartutako nire gol errekorra izango delako. Gero ere gogoan dut Anaitasunarekin Finlandiara joan ginela partida bat jokatzera, eta nik aste horretan orkatila bihurritu nuen, baina hesgailu bat egin zidaten, jokatu ahal izan nuen eta irabazi egin genuen, gainera. Espainiako Kopako final bat ere jokatu nuen, baina Bartzelonaren aurka, eta haien aurka irabaztea ezinezkoa da. Orduan, ezin dut esan garaikur bat irabazteko gertu egon naizela. Larunbat honetan jokatuko dudan partida ere, berezia izatea espero dut.

Itxaron, orain ere gogoan dut Leonen izan nintzen bigarren denboraldian, Zilarrezko Ohorezko Mailan geunden eta Artalekura etorri ginela jokatzera azken jardunaldia. Bi taldeak mailaz jaistea genuen jokoan, eta guk, Ademarrek, partida hori galdu genuela eta mailaz jaitsi ginela. Baina alderantziz izan bazen eta guk irabaztea lortu izan bagenu hemen, Bidasoa Lehen Maila Nazionalera jaitsiko zen eta gero zaila izango zuten berriro ere mailaz igotzea, eta Asobalen egotea. Orain partida hori galdu izanaz pozte naiz, bestela Bidasoak arazo asko izango zituen.

Biharko partidaren amaieran hitz egitea egokituko zaizu, ezta?

Ez dakit. Badakit partida amaieran ekitaldi bat egongo dela, eta ez dakit hitz egitea egokituko zaidan ala ez. Ez naiz negar asko egitekoa, ezta hunkitzen den horietakoa ere, asko kostatzen zait. Baina urduri jarriko naizela, seguru, eta jendearen aurrean hitz egin behar badut, saiatuko naiz astakeriarik ez esaten eta eskerrak ematen denei, Artalekura joateagatik, eta bidean ondoan egoteagatik.

Aurrerantzean zer egingo duzu?

Zuzenbidea ikasi nuen, abokatua izateko masterra egin nuen, eta orain kriminologia ikasten ari naiz. Oposizio batzuk gainditu ditut eta ziurrenik zuzenbide eta kriminologia arloan arituko naiz lanean.