NAIZ

Nuccio Ordine filosofo eta idazle italiarra zendu da

Nuccio Ordine filosofo eta idazle italiarra hil da larunbat honetan Cosenzako Annuziata ospitalean. Duela egun batzuk ospitaleratu zuten buruko isuri baten ondorioz eta beraren egoera oso larria zen.

Nuccio Ordine filosofo eta idazle italiarra.
Nuccio Ordine filosofo eta idazle italiarra. (UV | EP)

Nuccio Ordine filosofo eta idazle italiarra larunbat honetan zendu da, 64 urte zituela, Cosenzan, Calabria eskualdean dagoen hirian. Buruko isuri baten ondorioz ospitaleratu zuten eta beraren egoera oso larria zen.

Ordine filosofia garaikidearen ahots nabarmenetako bat zen, humanismoa eta ezagutza aldarrikatzen baitzituen gizarte hobea eraikitzeko, egungo mundua menderatzen duen utilitarismoaren aurrean.

1958ko uztailaren 18an Calabriako Diamante herrian jaioa, Calabriako Unibertsitatean italiar literaturako irakaslea zen, literatura klasikoaren ikerketaren erreferente eta Giordano Bruno italiar astronomo, teologo eta filosofoaren obrari eta Errenazimenduari buruzko aditu handienetako bat.

Dibulgatzaile aparta, bere lanak liburu salduenen zerrendetan izan dira. Pasa den asteartean Pamiela argitaletxeak Ordineren ‘Alferrikakoaren balioa’ saiakera eman zuen argitara, Fernando Reyk itzulita.

«Liburuaren mezu nagusia, zera da: bultzatu beharra dago gizarte neoliberal honek alferrikakotzat jotzen duena, honek baizik ez baitu salbatuko gizakia eta gizartea», azaldu zuen Fernando Reyk.

Izan ere, Maddi Txintxurretak kazetariak adierazi zunez, etekin ekomonikorik ez duten alferrikakoei egiten die gorazarre Ordinek. Nola mantso bizitzeari, hala arteari, filosofiari, musikari, edertasunari.