Amagoia MUJIKA TELLERIA - ZEBRABIDEA

Manex Beristain: «Heriotzaz hitz egitea ez da hiltzea»

Manex Beristainek ‘Azken galdera amari’ liburua kaleratu du. Zazpi udazken dira emaztea hil zela eta Ekain seme txikiaren galderek piztutako proiektua da. Bost urtetik gorako haurrekin eta familiekin heriotza lantzeko tresna izan nahi du.

Irudian, Manex Beristain, «Azken galdera amari» liburuaren egilea.
Irudian, Manex Beristain, «Azken galdera amari» liburuaren egilea. (Jon URBE | FOKU)

Zazpi udazken dira Mirari hil zela. Manexek bi urte eta erdi zituen orduan eta ez zuen ezer ulertzen. Ez zuen ulertzen ama nora joan zen, zergatik, nolakoa zen amaren bizitoki berria, zein usain zegoen toki hartan. Aitari pega-pega eginda, nahastuta, Manexek ez zuen ezer ulertzen. «Gauza txarrak gertatu egiten dira eta guri gertatu egin zaigu», botatzen du gogoeta orain dituen bederatzi urteetatik.

Haur baten naturaltasunak galdera harrigarriak piztu ditzake. Manex Beristainek bere azalean bizitakotik idatzi du ‘Azken galdera amari’ liburua, hain justu, Ekain bere seme txikiak amari egindako azken galderari tiraka. Dolu prozesu luze baten emaitza da liburua, barne bidaia baten helmuga. Orain, liburua atera berritan, plazaz plaza dabil Manex Beristain. Berari balio izan dion bidaia partekatu nahi du publikoarekin, garbi baitauka «heriotzari tokia egin behar zaiola». ‘Azken galdera amari’ bost urtetik gorako haurrentzat eta familientzat pentsatuta dago, eta heriotza den korapiloa askatzen laguntzeko erreminta izan nahi du.

«Abiapuntua heriotza eta gero egindako lanketa hori guztia paperean jasotzea izan da. Konturatu nintzen jende pila baten aurrean aurkezten nintzela ‘orain egoera honetan nago’ moduan. Ez nintzela Manex laguna, lankidea, aita... gertatu zitzaidanaren ondorio zen pertsona nintzela. Gau batean erabaki nuen dena idaztea, paperean jasotzea. Oso erraza izan zen dena paperean jartzea. Nire maisu handienak nire semeak izan dira, batez ere txikiena. Ekainek bi urte eta erdi zituen ama hil zitzaionean, nahiz eta ipuinean zaharxeago jarri dudan, zenbait gauza modu logikoagoan lantzeko bost urtetik gorako haurrekin. Ipuinean azaltzen diren galdera guztiak Ekainek niri egindakoak dira dolu prozesuan. Umeek orokorrean egiten dituzten galderak», azaldu zien Zebrabideko Ekhiñe Zapiain eta Sara Iriarteri Beristainek.

Ipuina idaztea prozesu luzea izan da, terapeutikoa egilearentzat. «Berez hustuketa emozional bat izan zen, nire buruarekin egindako lan bat, eta gero konturatu nintzen hor ipuin bat egon zitekeela». Uxue Alberdi idazlearen laguntza izan du ipuina orrazteko orduan.

Heriotza bizitzaren ezinbesteko parte da, bai edo bai pertsona guztiei etorriko zaien patua. Hori horrela izan arren, gehienetan tiradera batean gordeta eta giltzarekin itxita egoten den gaia da, tabua. Beristainen iritziz, haurrek berez modu naturalagoan bizi dute. «Haurrak txikitan hiltzera jolasten dira, modu fantasiatsuan. Helduok, aldiz, normalean ez daukagu heriotza barneratuta eta landuta eta haurrekin ez dugu heriotzaz naturaltasunez hitz egiten, heriotzaz hitz egiteak gure minarekin konektatzen gaituelako. Haurrei ez dizkiegu kontatzen gauzak benetan diren bezala, gure minarekin konektatzen dugulako. Ez haurrak babesteko, gure burua babesteko baizik. Haurrei gauzak modu naturalean kontatuz gero, haiek lasai asko ulertzen dute».

Beristainek Hernanin egindako aurkezpena. Jon URBE | FOKU

‘Azken galdera amari’ ipuinak dolu prozesuan laguntzeko tresna bat izan nahi du. «Nik lan asko egin dut ipuina idatzi aurretik. Ipuina, hain justu, lanketa luze baten ondorioa izan da eta horrek bereziki nire seme Ekaini asko lagundu dio. Emozio pila bat ateratzen lagundu dio eta amari leku bat egiten, heriotzari leku bat egiten lagundu dio. Gertatu zaigunari leku bat egiten. Hori oso garrantzitsua da heriotza kasu bat gertatzen denean».

Ipuineko protagonistak pertsona errealak dira, baina Ekainek egiten dituen galderak heriotza gertu bizi duten haur askok egiten dituztenen antzekoak dira. «Zalantza izan nuen ipuina fikzionatu eta beste izen batzuk jarri edo nire semeen izenak erabili. Bigarrena egitea erabaki nuen. Ekainek ez du esaten ‘ipuinak kontatzen duenaren antzekoa gertatu zitzaigun guri’, baizik eta ‘ipuinak kontatzen duena guri gertatu zaigu eta gu gara’. Horrek lanketa bat egitea eskatzen du. Aurkezpenetan nabil orain eta Ekainek badaki berari buruz hitz egingo dudala eta bere irudiak erakutsiko ditudala. Horrek eskatzen du norbere lokatzetan gehiago sartzea eta uste dut dolu prozesuaren irteera garbia hor dagoela. Putzu horretan sartzen denak lanketa bat egingo du eta beste pertsona bat aterako da hortik», azaldu du Beristainek.

Aurkezpenak herriz herri

Manex Beristain herriz herri dabil asteotan ‘Azken galdera amari’ liburua aurkezten. Aurkezpenetan ez du ipuinaren irakurketa egiten, galderaz eta gogoetaz jositako barne bidaia bat proposatzen du. Plano desberdinak igartzen dira aurkezpenetan, Beristainen galderak naturaltasunez erantzuten dituzten haurren begietatik ikusten dena eta heriotzaz hitz egiteak korapiloa sortzen dien helduen begietan sumatzen dena. «Haurrei heriotzaz hitz egiten diegunean, gure minak eta beldurrak sartzen dira tartean. Hortik hitz egiten diegu haurrei heriotzaz».

Samurra ez da, baina ahalegina egin daiteke. Beristainen ustez, lagungarria izan daiteke bizitzaren agendan heriotza ere sartzea. Baina nola egiten zaio lekua heriotzari? «Hasteko, hitza esanez. Egunen batean hil egingo naiz. Oso gauza xumeak garela konturatu behar gara. Nik lehen heriotzaz pentsatzen nuen bakoitzean zulo beltz bat ikusten nuen lurrean, eta amildegia, sekulako antsietatea sortzen zidana. Hori zen egoera. Ez nuen pentsatu ere egiten niri edo nire ingurukoren bati gertatuko zitzaionik. Eta etorri zen. Kasu honetan, minbizia, heriotzarekin berehala lotu ninduena. Garrantzitsua da heriotza gertatuko zaizula irudikatzea eta barneratzea, zure beldurrekin bat egitea. Pertsonak asko lotzen gara gauzekin eta pertsonekin, dena betiko izango delakoan. Hori bukatu daiteke. Ni heriotzak bizitzarekin konektatu ninduen, bizitzako gauza oinarrizko eta garrantzitsuekin».

Manex Beristainek garbi dauka: «Heriotzaz hitz egitea ez da hiltzea». Bide horretan, ‘Azken galdera amari’ ipuina erresilientziaren aldarrikapen bat da. Gauza latzak gertatuta ere, bizitzan aurrera egitea posible dela kontatzen duen ipuina.

Manex Beristainen ipuinaren kontaketan hunkitu egiten da ikusle heldua, bere beldur sakonenekin konektatzen du, barruan korapiloa egiten sumatzen du eta, pixkanaka, askatzen. Maitasun infinitua igartzen da Beristainen kontaketan, norbere minari begiratzeko ausardia. «Bizitzak heriotza berekin dakar. Horri buruz hausnartu eta modu ordenatuan jaso beharko genuke, hor izkina batean. Eta gertatzen zaigunean beste modu batera biziko dugu segur aski. Naturaltasunez landu beharko genuke eta gure barruan kokatu, antsietaterik sortzen ez digun lekutxo batean».

Oso giro intimoa sortzen da aurkezpenetan. Jon URBE | FOKU

Beste proiektu batzuk aurretik

Manex Beristaini emaztearen heriotza pare parean jarri zitzaion espero ez zuenean. Zartakoa izan zen, astindua, baina lurretik altxa eta heriotzari begiratzeko ausardia bildu zuen. Orain, ‘Azken galdera amari’ liburua kaleratu du, baina aurretik beste proiektu batzuetan parte hartu du. Azpeitian Death Kafea espazioa antolatu zuen duela lauzpabost urte. «Heriotzari buruz hitz egiteko espazio aske bat; ez dago gairik, ez da beharrezkoa hitz egitea, edonork parte har dezake...». Eta barre-terapian ere emanak ditu urratsak. «Alaitasunarekin bat egiten duzu. Oinarria jolasa da, zure barruko haurtxoarekin bat egitea. Haurtxo hori beti guri begira dago. Orain tailerrak eskaintzen ari naiz. Norbanakoek, elkarteek, erakundeek, enpresek... parte har dezakete. Barrearen boterea sekulakoa da eta taldearen lanketatik norbere prozesu pertsonalera egiten lagundu dezake».