NAIZ

Hasierako eta amaierako txinpartekin, Bera Bera finalerdietara sailkatu da (27-23)

Bera Berak ez du ezustekorik nahi izan ligako play-offetako final laurdenetan. Valladoliden irabazi ostean, Gascan ere garaipena eskuratu du, finalerdietara sailkatu eta oso sasoiko dagoela erakutsita. Hasiera serio batekin, Boadaren gidaritzapean, bideratu dute garaipena donostiarrek.

Valladoliden 7 gol egin zituen Gavilanek baina Gascan hutsean geratu da.
Valladoliden 7 gol egin zituen Gavilanek baina Gascan hutsean geratu da. (BERA BERA)

Valladoliden zazpi goleko errenta eskuratu ostean, Bera Berak ongi bideratua zeukan final-laurdenetako kanporaketa. Hala ere, Lyndie Tchaptchet jokalariak esan legez, «erdia daukagu eginda, beste erdia falta zaigu». Bada, lelo hori beren eginda, donostiarrek lehen kolpetik hartu nahi izan dute aginte makila, espekulatzeko astirik eman gabe, aurkaria deseroso utzita.

Horren erakusgarri argiena Mariane Fernandesen golak izan dira. Brasildarrak boladaka jokatzen du, eta, bere lehen jaurtiketak atea ikusiz gero, garaiezina izan ohi da. Bere gol bati esker estreinatu du markagailua etxeko taldeak eta defentsan sendo arituta, azkar eta hutsuneak tapatuz, Aula Valladoliden bertutea ahuldu dute; alegia, Maria O’Mullonyren jaurtiketa zitalak. Bere lehen lau jaurtiketetatik bakarra asmatu du Zamorakoak eta hori zinez albiste ona izan da Bera Berarentzat. Lan on horri esker, 8-3ko markagailua ezarri du Imanol Alvarezen taldeak, Esther Arrojeriaren eskarmentu eta Emma Boadaren fintasunarekin. Lehen txanpa horretan nabarmendu dira bi jokalariok, bai eta bukaera aldera ere, berriro ere donostiarrek martxa bat gehiago jarri eta edozein ezusteko alboratu dutenean.

Aldea ondo kudeatzen

Lehendabiziko hamar minutuetan ezarritako bost goleko alde hori, apurka-apurka, minutuek aurrera egin ahala, apaltzen joan da; Aula Valladolidek ere hasierako planteamendua aldatzen jakin duelako eta Bera Berari geldikako erasoa kontrako eztarritik pasatzen ari zitzaiolako. Boada atseden faltan zegoen eta Fernandes ere jaurtiketak huts egiten hasi zen. Hala, lehen zatiko azken hogei minutuetan, 3-8ko partziala ezarri du Gaztela-Leongo taldeak, atsedenaldirako aldeak bi golera murrizteko.

Aldageletatik bueltan, kolpeak trukatu dituzte bi taldeek eta bi goleko alde hori apenas aldatu da. Aldatu bada, bisitariak are gehiago hurbildu direlako izan da, esaterako 18-17koan (39. minutuan) edota 24-23koan (54. minutuan). Gauzak konplikatu orduko, baina, lehendabizi Boada eta azken txanpan Arrojeria agertu dira, taldeari arnasa eman eta garaipena hobeto dastatzeko.

Balizko berdinketa bat ere donostiarrentzat fabore zen, baina Imanol Alvarezen taldeak nahiago izan du finalerdietarako txartela merezimendu osoz irabazi. Valladoliden, joan den astean, zein Gascan, larunbat honetan, Bera Bera nagusi izan da eta, beraz, konfiantza osoz aurre egingo die finalerdiei. Malaga, iazko liga txapelduna, izango dute aurrean. Gainera, lehen partida etxean jokatuko da eta Andaluzian erabakiko da kanporaketa zinez zirraragarri hau. Final handia dago jokoan.

Super Amara Bera Bera: Alice; Etxeberria (3), Arrojeria (7), Boada (6), Fernandes (4), Blanco, Gavilan; Aalla, Menendez, Tchaptchet (4), Erauskin, Karsten (1), Loidi, Arroyo (2).

Aula Valladolid: Robles; E. Alvarez (4), Laguna (5), O’Mullony (6), Tellez (1), Bergara (2), Gonzalez de Garibay (1), Sanz (o.a.), Lucio (2), T. Alvarez (1) Bazco, Botella, Romero, Arounian (2).

Epaileak: Sanchez Bordetas eta Millan Cazorla (Katalunia). Bera Berako Blanco (2) eta Aula Valladolideko Tellez eta O’Mullony kaleratu zituzten.

Partzialak: 4-2, 8-3, 10-6, 10-7, 12-8, 13-11 –atsedena–; 16-14, 19-17, 22-19, 23-20, 24-23, 27-23.