
Azkeneko lesioa atzean utzi eta Ainhize Belar hasi da bosgarren martxa jartzen. Beste bat edo gehiago dituela argi dago. Eta beste behin erakutsi digu min hartuta egon ondoren, sasoia berreskuratu eta gai dela eskalada azpimarragarriak egiteko.
Zalantzarik gabe, Euskal Herriko emakumezko eskalatzaileen artean «erritmoa» markatzen ari da. 18 urte besterik ez ditu, baina aurreko hamarraldietan lehen lerroan egon direnen lekukoa bikain hartu du.
Une honetan, eskalatzaile atxondarra etxetik oso gertu jo eta ke dabil hainbat proiekturen inguruan. Baltzolari buruz ari gatzaizkizue. Bada, joan den igandean, hilaren 23an, ‘Ildonuska’ (8c/+) kateatu zuen. Hots, ‘Il domani’ (9a) eta ‘Nuska’ (8c) bideen arteko konbinazioa.
Aurreratu dezakegu, ‘Ildonuska’ oso azkar biribildu duela, eta horrek baditu hainbat azalpen. Lehenbizikoa, oso sasoiko dagoela. Bigarrena, berriz, helburu nagusi duen ‘Iñi Ameriketan’ (9a) eta ‘Ildonuska’ bideek hasiera bera partekatzen dutela.
Hortaz, ondoriozta daiteke Belarrentzat proiektu nagusiaren lehen etapa izan dela ‘Ildonuska’. Ibilbide hori berez 8c bezala proposatu zuen Ander Lasagabasterrek; hots, lehen igotzaileak. Iritzi berekoa izan zen lehen errepikatzailea: Jose Luis Palao ‘Primo’. Baina hurrengo errepikatzaileek diote egokiagoa dela plus bat gehitzea.
Baltzolako ‘Ildonuska’-rekin eskalatzaile gazte horrek 8c zailtasunetik gora lau bide ditu. Eta horien guztien artean ‘Begi puntuan’ (9a, Etxauri) izar nagusia da. Aurreratu dugu ‘Iñi Ameriketan’ probatzen ari dela. Rikar Otegik lehen igoera egin zuenean 9a bezala proposatu zuen, baina errepikatu edo probatu dutenek diote hobe dela 9a+ maila jartzea.
‘Ildonuska’-ri dagokionez, esan behar dugu bide luzea dela eta erresistentzian oinarrituta dagoela. Bide horretan eginiko prozesuari buruz, Belarrek zera adierazi du: «Duela pare bat hilabete probatu nuen. Berriro itzuli naiz eta joan den igandean sinatu nuen lehen ekinaldian. ‘Ildonuska’-k egun esku artean dudan proiektuaren hasiera bera du. Mugimendu ezberdinak probatzeko bide hori hautatu nuen. Luzea izateaz gain, zeharkaldi intentsoa du. Gainera, belaunaren teknika menderatzea oso egokia da».
Aurreratu dugun bezala, Baltzolatik atera gabe proiektu erakargarri zein handi bat probatzen ari da. Belarrek dio orain arte ekinaldi oso onak egin dituela. Eta gehitu ere, pazientzia izan behar duela: «Momentuz, lan gogorra egiten jarraitu behar dut. Baina horretarako, baldintza egokiak behar ditut».
Bitan
Emakumezkoen zailtasun gorena 9b da, eta hain justu Anak Verhoeven esfera horretan sartu berri da Villanueva del Rosarion (Malaga) dagoen ‘La planta de Shiva’ sinatu ondoren. Antza denez, eskalatzaile belgikarra ez zen oso «ase» geratu. Berriro itzuli zen, baina belaun babesik gabe. Eta berriro igo zuen.
Gogoratu behar dugu ‘La planta de Shiva’-rekin Angela Eiter austriarrak 9b zailtasuna nesken artean ezarri zuela. Hots, emakumezkoek eginiko lehen 9b-a izan zen. Verhoevenek, berriz, ibilbide horren bigarren igoera femeninoa egin du. Gainera, aipatutako maila goren hori lortu duen laugarren emakumezkoa bihurtu da. Hori gutxi ez, eta lehen belgikarra da (neskak eta mutilak) 9b maila erdiesten duena.
Protagonista honek adierazi du bide hori aukeratu zuela lagunek aholkatu ziotelako: «Esan zidaten nire ezaugarrietarako ona zela. Angela Eiterrek lehen igoera zuen, baina horrek ez nau bultzatu bide horretarako joateko. Bestalde, metodo egokienak bilatzea gogorrena egin zait. Horrek hemezortzi egun eskatu zizkidan. Baina helburu hori lortu nuenean, ekinaldi sendoak egiten hasi nintzen».
‘La planta de Shiva’ kateatu ondoren, Verhoevenek bere buruari beste erronka bat jarri zion. Izaera horretako marretan oso ohikoak dira belaun babesak erabiltzea. Bada, belgikarrak ibilbide hori babes horiek gabe igotzea erabaki zuen: «Beste erronka pertsonal bat izan zen. Orain edo inoiz ez, hori esan nion neure buruari. Bidearen ñabardura guztiak menderatuta nituenez, saialdi hori egitea otu zitzaidan. Eta arrakasta izan nuen».

Irati Gorostidiren katarsi kolektiboa

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo
