Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Inoiz baino herri eta sortzaile gehiago biltzen ditu Udalbiltzaren ‘Geuretik sortuak’ ekimenak

Udalbiltzak bultzaturiko ‘Geuretik sortuak’ kultur ekimenaren hirugarren edizioak 30 proiektu hartuko ditu, aurreko mugak gaindituz. Iruñean aurkeztu dituzte euskal sormena bultzatzeko bekadunak nortzuk izango diren.

‘Geuretik sortuak’ ekimenaren hirugarren edizioko bekadunak, Iruñean.
‘Geuretik sortuak’ ekimenaren hirugarren edizioko bekadunak, Iruñean. (Iñigo URIZ | FOKU)

‘Geuretik sortuak’ kultur egitasmoaren hirugarren edizioa aurkeztu du Udalbiltzak Iruñean. 2020an abiatu zen ekimen honek euskal artisten sormena eta euskal herrietako kontakizunak uztartzea du helburu, euskaraz egindako artearen sormena eta hedapena bultzatzeko.

Horrela nabarmendu dute Haritz Alberdi Udalbiltzako lehendakariak eta Begoña Enbeita erakunde nazionaleko euskara eta kultura arduradun politikoak. Biek azaldu dutenez, aurtengo ediziora 60 proiektu aurkeztu dira eta epaile teknikoen erabakiaren ondoren 30ek lortuko dute beka. Lehenengo edizioan 26 sortzailek bereganatu zuten beka eta bigarrenean, berriz, 22k. Kepa Errasti antzerkigintzan, Asisko Urmeneta komikigintzan, Danele Sarriugarte literaturan eta Esti Urresola zinegintzan izan dira epaileak.

Herria kontatzea

«Gure herriaren kontakizuna geuretik kontatzeko beharrari erantzuteko sortu zen egitasmo hau, euskaratik eta euskaraz egindako sorkuntza bultzatzeko helburuz, eta hala izaten jarraitzen du lau urteren eta bi edizioren ostean ere. Sortzaileak eta udalerriak harremanetan jarri, eta elkarlan horretatik eratorritako istorioak bultzatzeaz gain, hedapena ere bermatzen du kultur bekak, zirkuitu nazionalaren bidez», azpimarratu dute. Izan ere, sorturiko lanak Euskal Herrian zehar ikusteko parada ematen du ekimen honek.

Honekin batera, herri batzuek elkarlanean jorratuko dutela egitasmoa azaldu dute, horietako batzuek muga administratiboen gainetik proiektuak landuko dituztelarik. Ataun-Etxarri Aranatz, Leitza-Berastegi edo Asparrena-Ziordia dira horren adibide.

Iruñeko Euskara eta Parte-hartze zinegotzi Aitziber Campionek «euskarak, kulturak eta arteak komunitatea indartzeko duten garrantzia» aipatu du, horrelako ekimenek «etorkizunerako ekarpenak» direla gaineratuz.

«Nork sortuko du gu ez bagara?»

Berriatuko alkate Joseba Goienolak Bizkaiko herri honek edizio guztietan parte hartu duela azaldu du. «Geuk eta geuretzako egindako egitasmoa da. Nork sortuko du gure kultura gu ez bagara eta guretzako ez bada?», galdetu du.

Ortzaizeko Elena Casirain hautetsiak Nafarroa Behereko herri honen erronkei aurre egiteko laguntza dela egitasmoa adierazi du. Horien artean, herri euskalduna izatea eta komunitatea bultzatzea.

Eñaut Aiartzaguena komikigilea, beka jasoko duenetako bat, oholtzara igo da ‘Geuretik sortuak’ ekimenaren izaera biltzen zuen irudia margotzeko. Egitasmo honek sormen prozesua babestearen garrantzia azpimarratu du, produktuak kontsumitzeko ohitura gaindituz. Beka jaso duen amaHiru konpainiak ere antzezlana aurkeztu du.

Bekadunak

Udalbiltzako zuzendari Clara Rouget eta kultur teknikari Maria Oses izan dira bekak nortzuk jasoko dituzten zerrendatu dutenak. Hauek dira komikigintzako bekadunak: Eñaut Aiartzaguena (Ataun eta Etxarri Aranatz), Amane Apalategi (Hernani), Uxue Bereciartua (Araitz, Larraun, Betelu eta Lekunberri), Usue Egia (Legorreta), Patricia Etxegarai (Ziortza-Bolibar), Eneritz Ibarra (Atharratze) eta Asier Iturralde Gaston (Mutriku).

Literaturako bekadunak hauek dira: Miren Artetxe (Atxondo), Naia Arantzamendi (Baigorri), Ixabel Agirresarobe (Asparrena eta Ziordia), Garazi Albizua (Ortzaize), Peru Calabaza (Ikaztegieta), Zigor Garro (Sartaguda, Lodosa, Mendabia, Sesma eta Andosilla), Oier Guillan (Aulesti, Amoroto eta Munitibar), Saioa Iribarren (Oiartzun), Goiz Eder Iturain (Etxalar, Arantza, Lesaka eta Bera), Maitane Nerekan (Amasa-Villabona) eta Maitane Perez (Gorliz).

Zinemagintzako bekadunak hauek dira: Alba Lozano (Zumaia), Raul Barreras (Baztan), Aitor Arruti (Elorrio) eta Olatz Ovejero (Larrabetzu).

Antzerkigintza alorreko bekadunak honakoak dira: Metrokoadroka (Galdakao), Jon Ander Urresti (Usurbil), Infinito taldea (Leitza eta Berastegi), Argimalutak (Berriatua), Zelako kultur ideiak (Astigarraga), Ekhiñe Famoso (Plentzia), Imanol Epelde (Ajangiz eta Muxika) eta amaHiru (Hiriburu).