NAIZ

Laduche-Mancik lortu dute finalerako bigarren txartela, Erkiaga-Ibarluzearen aurka lehiatzeko

Astelehen gaueko garaileak Urreisti-Gorkari irabazi zieten bi setetan (12-15 eta 9-15), aurrelari lapurtarra eta atzelari gipuzkoarra ematen ari diren aurrerapauso nabarmena agerian utziz.

Urreisti-Gorka eta Laduche-Manci, Hondarribiko Pilota Eskolako haurrekin Gernikan.
Urreisti-Gorka eta Laduche-Manci, Hondarribiko Pilota Eskolako haurrekin Gernikan. (JAI ALAI)

Laduche eta Manci Winter Serieseko finalean daude astelehen gauean Urreisti-Gorkari bi setetan irabazita (12-15 eta 9-15). Lanaren bidez lortutako saria da. Aurrelari lapurtarrak eta atzelari gipuzkoarrak aurrerapauso nabarmena eman dute azken urtean eta eguneroko lanaren bidez, sendotzea eta onen artean finkatzea lortu dute.

Bikote fisikoa da, hanka arinak dituena. Kantxa asko kubritzen dute eta Getariako pilotaria seguruago eta ausartago aritu da edizio honetan. «Gernikakoa kantxa handia da eta hemen errematatu egin behar da», adierazi zuen partida amaieran. Horixe zen hain zuzen, lapurtarrak gainditu beharrekoa zuen ikasgai nagusietako bat: errematea. Eta bigarrena, segurtasuna. Bietan eman du aurrerapausoa eta Manciren lanarekin, final handian daude biak. Erkiaga-Ibarluzea bikotea izango dute aurkari.

Astelehenekoa ez zen izan Urreisti eta Gorkaren eguna. Mutrikuko aurrelariak ez zuen aurrean nahi beste asmatu eta lehengo seta parekatuago joan arren, bigarreneko atsedenalditik aurrera, nabarmena izan zen urdinen nagusitasuna. Txapelketaren lehen fasean, multzoburu bukatu zuten Urreistik eta Gorkak. Finalerdien ligaxkan ostera, orain arte jokatutako bi partidak galdu dituzte.

Gauza guztietan bezala, balantze globala egin behar da eta Urreistiren kasuan, duela urtebete non zegoen ikusi. Hazten ari den pilotaria da baina lehen urtean, Barandikari eta Lopezi Gernikan irabazi eta finalerdietan sartzea lortu du. Atzoko partida irenstea kosta egingo zaie baina askoz gehiago ikasten da porrotetatik, garaipenetatik baino.

Laduchen eta Manciren sailkapena, sakrifizioaren garaipena ere bada. Euskal Herrian bizi eta lan egiten duten bi gazte dira, eta aparteko orduetan zesta-puntari prestakuntza fisiko eta tekniko handia eskaintzen diotenak. Lanaren poderioz iritsi dira dauden lekura eta finala irabazi zein galdu, Jai Alai League-rako puntu oso garrantzitsuak eskuratuko dituzte Eusko Label Winter Series honetan.

Datorren astean, bide batez, final aurreratua ikusi ahal izango dugu: Erkiaga-Ibarluzea eta Laduche-Manci, finalerdietako ligaxkaren barruan. Sailkapena erabakita egon arren, finalera konfiantzaz iristeko partida benetan garrantzitsua izan daiteke. Urreisti eta Gorkaren kasuan, bi gazteak Estatu Batuetara itzuliko dira eta bi aste barru ligaxkako azken partida jokatzera itzuliko dira, Urrutia eta Basqueren aurka.