
Skimoko Munduko Kopa gori-gori dago. Bai, horretan ez dago zalantzarik. Nazioarteko erregulartasunaren zirkuitua irabazteko lehia oso-oso estuak ikusteaz gain, espezialista sasoikoenak gogor borrokatzen ari dira heldu den neguko Neguko Olinpiadetarako txartela eskuratzeko. Hortaz, eskiatzaileek helburu bikoitza dute.
Joan den asteburuan, Boi Taulleko eski estazioak Mendi Eskiko Nazioarteko Federazioak (ISMF) antolatutako beste hitzordu bat jaso zuen. Lleidako pistetan bi modalitate jokatu ziren: esprinta eta errelebo mistoak. Bietan ala bietan, Fedme-ren espainiar selekzioarekin lehiatzen den euskal eskiatzaile batek parte hartu zuen: Iñigo Martinez de Albornozek. Oro har, donostiarrak emaitza onak erdietsi zituen: seigarrena izan zen esprintean eta bigarrena errelebo mistoetan baina B finalean. Alabaina, zailtzen ari zaio Milano-Cortinan jokatuko diren Olinpiadetarako txartela lortzea. Puntuak batzen ari da, baina oraindik koska bat falta zaio neguko hitzordu handi horretan egongo direnak harrapatzeko.
Boi Taulleko lehen proba esprinta izan zen. Gizonezkoen kategorian, 85 eskiatzaile nor baino nor aritu ziren zirkuitu azkar batean. Gurutzaketek eta lehiakideen sasoiak tentsio handia eragin zuten. Hori hasiera-hasieratik, hots, sailkapenetan, ikusi zen. Finalerdien irudia ere bitxia izan zen oso: azken fasea edo finala zirudien. Faborito batzuk, adibidez, finaletik kanpo geratu ziren: Thibault Anselmet, Maximilien Drion edo Nicolo Canclini.
Azken txanda horretara sailkatu zena, berriz, Martinez de Albornoz izan zen. Lasterketa ederra egin zuen, baina podiumetik urruti geratu zen. Egungo espezialista handienetakoak, Oriol Cardonak, irabazi zuen 2:44.7 denborarekin. Katalana nagusitasunez gailendu zen; bigarren sailkatuari, Robin Bussard suitzarrari, lau segundoko aldea atera zion. Arno Lietha suitzarra hirugarrena izan zen, eta euskal eskiatzailea seigarrena 3:00.7 kronoarekin.
Emily Harrop frantziarrak irabazi zuen emakumezkoen kategorian. Bigarren sailkatua Lena Bonnel frantziarra izan zen eta hirugarrena Ana Alonso espainiarra.
Bigarrena
Errelebo mistoen probak esprintari lekukoa hartu zion. 24 herrialdetako 51 talde irteera puntuan zeuden. Zirkuitu bati lau itzuli eman behar izan zizkioten; itzuli bakoitza 6-8 minutukoa zen.
Martinez de Albornozek ohiko taldekidea izan zuen: Marta Garcia katalana. Bikote horrek ez zuen A finalera, nagusira, sailkatzeko aukerarik izan. Gogoratu behar dugu final horretan hamabi talde lehiatzen direla, baina herrialde bakoitzeko soilik bikote batek parte har dezake. Caroline Ulrich-Thomas Bussard suitzarrak izan ziren azkarrenak: 26:37.9 denbora egin zuten.
B finalean, berriz, Garciak eta Martinez de Albornozek osatutako taldea lehiatu zen. Errelebo bakoitzean lehen eta laugarren postuen artean ibili ziren. Azkenean, bigarren postuan sailkatu ziren 29:03.8 denborarekin. Emily Harrop-Baptiste Ellmenreich frantziarrak izan ziren irabazleak 28:31.1 kronoarekin.

El impacto medioambiental de la IA generativa, en cinco cifras

¿Quiénes son los grandes actores de la inteligencia artificial en el mundo?

El piso incendiado en Donostia estaba habitado por una mujer que guardó toneladas de basura

237 artistaren babesa jaso du Raimundo El Canastero taldeak, epaiketaren atarian
