
Binakako txapelketako ligaxka azken txanpara iristen ari da. Hain justu, jardunaldi bakarra falta da eta, gutxi batzuentzat jokoan oraindik ere asko dagoen arren, fruiturik aberatsenak jada banatuta daude. Laso-Iztueta bikoteak joan den astean berretsi zuen finalerdietarako txartela eta igande honetan, Eibarren, bestea banatu da. Ezkurdia eta Rezustak irabazi dute, Baikoko bikotea –Lasoren ordez Urrutikoetxea aritu da– mendean hartuta.
«Aukera ederra zen guretzat, datozen asteetan lasaiago aritzeko», kontatu duArbizukoak, tentsio handiko partida izan zela argudiatzeko. Helburua lortuta, pozik agertu da nafarra, bai eta bergararra ere. Bikoterik sendoenetakoa izan da Aspekoa eta beti sailkapenaren goialdean egon da. Garaipen berri honekin, gainera, lehen postua eskuratu dute, hamar puntu metaturik.
Hamargarren garaipena ongi borrokatuta iritsi da, gauzak oso estu jarri baitituzte Urrutikoetxeak eta Iztuetak. Baikoko bikoteak, finalerdietarako txartela jada poltsikoan bazuten ere, kirol legez jokatu dute, gauzak zail jarrita. Zaratamokoa gogotsu ibili da, bere maila erakusteko prest.
Eliteko zirkuituan apur bat itzalean geratu da bizkaitarra, baina ongi eutsi dio erritmoari eta tanto ederrak ere sinatu ditu. Partidaren lehen erdian kolpeak trukatu dituzte bi bikoteek, modu askotako tantoak eginda, aurkaria ongi mugiarazita eta errematean zitalak izanda. Urdinen hasierako erritmoa (2-4 aurreratu ziren) segituan hautsi dute gorriek eta markagailua ere irauli dute (6-4). Aldiz, Ezkurdia eta Rezustak ongi erreakzionatu dute eta, 0-3ko partzialaz, berriro aginte makila berreskuratu dute.
Azken txanpan, aldeak
Partida asko estutu da orduan eta bi bikoteen aldea txikia izan da. Atsedenaldi luzetik bueltan, berdinketak pilatu dira. Urrutikoetxeak 15-14koan zortzigarren tantoa egin du airez –denera, bederatzi egindakorekin bukatu du–, baina berehala erantzun dio Ezkurdiak, bi pareta klasiko eta eraginkorrarekin. Orduan txakalaldia izan dute Baikokoek, eta Aspekoak 22raino kasik zuzenean joan dira. Bide horretan gorriek tanto bakarra egin dute, Urrutikoetxeak akatsak pilatu ditu, eta Ezkurdiak, egindako tantoak. Azken txanpa horretan bakarrik igarri da bien arteko aldea, ordura arte Eibarko Astelenan batutako 600 bat lagunek bi bikoteen arteko erakustaldiaz disfrutatu dutela.
Azken jardunaldia
Hurrengo astean jokatuko da azken jardunaldia eta soilik partida bat izango da hil ala bizikoa, Altuna-Aranguren eta Peña-Albisuren artekoa, alegia. Bietako batek bakarrik lortuko du play-offetarako txartela.
Jokoan zertxobait gutxiago baina hala ere garrantzitsua izan daitekeena laugarren posturako borroka izango da, Elordi-Zabaleta eta Jaka-Imazen artekoa.

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años

Multa de 400 euros por protestar en la inauguración del Culinary Center de Gros

El equipo de gobierno de Iruñea pide la dimisión de Ibarrola y Adanero por «difundir bulos»
