
Ludovic Laduche eta Mikel Mancisidor ‘Manci’ beraien ibilbideko partida garrantzitsuenaren atarian daude. Gernikako Winter Serieseko finala jokatuko dute aurreneko aldiz (igandean, 12.00etatik aurrera). Aurrean, iazko txapeldunak izango dituzte, Erkiaga eta Ibarluzea, txapelketako faboritoak.
Aurreko astelehenean neurtu zituzten indarrak, finalerdietako ligaxkako jardunaldian (15-13, 15-7) eta lauek argi dute, «finalak ez duela zerikusirik izango». Hala ere, Ispasterkoak ere argi dauka, zerbait aldatu behar izatekotan, urdinak direla hori egin behar dutenak: «Ligaxkakoaren zerikusirik ez du edukiko, baina gu lasai joango gara. Hori egiten badugu badakigu ongi aterako zaigula eta eurek egin beharko dute aldaketaren bat».
«Estrategia» bat pentsatua daukatela onartu zuen barre artean lapurtarrak, baina noski, ezin dutela argitara eraman. Material aukeraketan, ordea, ez da misterio handirik egon. Aurreikusi zitekeen bezala, Laduche eta Mancik pilota motelxeagoak aukeratu zituzten, hiruak 106koak. «Hala ere, partidaren bilakaeraren arabera, baliteke beraien pilotak ere erabiltzea», onartu dute biek ala biek.
Finala material aukeraketatik bertatik hasten da eta zentzu horretan, Erkiagak eskarmentua badauka. Beraiek 108koak aukeratu dituzte. «Tokea daukatenak aukeratu ditugu, zenbakiari begiratu gabe. Ligaxkan ere 108 bateaz hasi ginen baina ez zuten toke gehiegirik eduki eta 106 batekin amaitu genuen», adierazi du. «Baliteke, finalean beraien pilota ateratzea», gehitu zuen, irribarrez, Ispasterkoak.
Errebesa eta errebotea
Material aukeraketa izaten da, nolabait, bakoitzak bere kartak azaltzeko unea. Gogokoen dituen pilotak aukeratzeak gordetzen duelako zenbait informazioa; hala ere, bi bikoteek despistera jo zuten beraien adierazpenetan nahiz eta argibide batzuk ere eman zituzten.
Mancik azaldu du euren asmoa «errebesean» mina ematea izango dela, arerioek «errebotea» bilatu duten moduan. Zentzu berean, Erkiagak azpimarratu zuen pilota bizixeagoa aukeratu dutela «arin ibiltzea gustatzen» zaielako eta «hemengo hutsuneak aprobetxatzeko».
«Akats gutxi» egitea izango da gakoa, bai eta «errematean hasterakoan ere ongi hastea, konfiantza hartzeko». Ibarluzeak azaldu du ligaxkako partidan akatsak pilatu zituela eta horrela hasi zirela markagailua kontran edukitzen. Behin horiek konponduta, partida bideratu zuten. Berak, pertsonalki, «lasaiago» ikusten du burua eta urrats bat aurrera eman du: «Orain, partidan zehar buelta gutxiago ematen diot buruari, akatsak egiten baditut ere ez naiz kezkatzen».
Hain justu, horixe bera ikasi beharko dute Ludovic Laduche eta Mikel Mancisidorrek. Izan ere, akatsak pilatzen hasi zirenean, «partidatik atera» ziren eta «guk galdu genuen jokoa. Bigarren jokoan, estrategia oker bat eraman genuen Aritzekin jokatzerakoan eta hori ez da gure jokatzeko modua izango finalean». Laduchek ere gehitu du ligaxkako partidak «zer egin behar ez dugun» ikasteko balio behar diela. «Estrategia bat badugu baina finean, gure jokoa erakutsi behar dugu bai eta partidaren arabera, hau moldatzen jakin ere», azpimarratu du.

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

La jueza decreta el sobreseimiento de la causa por el pelotazo a Xuhar Pazos



