NAIZ

Gasteizeko Olabek Araba Euskaraz Jai Alai Master Serieseko hiru jaialdi jasoko ditu martxoan

Emakumeen eta gizonezkoen partidak kontuan hartuta, 16 pilotarik hartuko dute parte Araba Euskaraz Master Series-ean, eta horietatik 2 arabarrak izango dira: Maite Ortiz de Mendibil (Andetxa, 2005) eta Julen Del Rio (Gasteiz, 1996).

Zenbait emakume eta gizon puntista, ostiral honetan Gasteizen.
Zenbait emakume eta gizon puntista, ostiral honetan Gasteizen. (ARABA EUSKARAZ)

Euskara, euskal kultura eta euskal kirolak bultzatu, sustatu eta plazaratzeko asmoari eusten dio Araba Euskarazek, eta aurten ere xede horri gogotsu heldu dio. Euskal kulturarekin eta euskal kirolarekin bat egiten duen jarduera da zesta-punta, eta euskaraz egiten den kirola da. Euskara eta zesta-punta eskutik doaz Gasteizen, Araba Euskaraz Jai Alai Master Series-ean. Hala joan ziren iaz, eta hala izan da historikoki ere, zesta-puntak mundu osora zabaldu baititu Jai Alai hitzak.

Hala, bigarren urtez jarraian, Araban zesta-punta sustatzen jarraitzeko xedearekin, Araba Euskaraz kultur elkarteak, Arabako Euskal Pilota Elkartearekin, Gasteiz Jai Alai klubarekin eta Eraman! enpresarekin elkarlanean, 2024/2025 zesta-punta profesionaleko zirkuiturako txapelketa puntuagarria antolatu du, ostegunean, Durangoko Ezkurdi pilotalekuan, jakitera eman zuten moduan.

Gasteizko Olabe pilotalekuan emakumezkoen zein gizonezkoen zesta-puntaren egungo izarrak hartuko ditu martxoaren 7, 14 eta 21ean, Arabako ikastolen aldeko Araba Euskaraz Jai Alai Master Series jaialdiak.

Emakumezkoan lau bikote gaztek eta gizonezkoen beste horrenbestek hartuko dute parte. Azken hauen kasuan, bikote irabazleak 1.000 puntu irabaziko ditu, bigarrenak 600 eta finalerdietatik igaro ezin izan direnak 360na puntu. Gizonezko puntistek, beraz, Jai Alai League-ko rankingean puntuak pilatzeko aukera izango dute, denboraldi amaierako Lauko Finalari begira. Liga irabazteko azken txanpara, puntu gehien lortu dituzten zortzi pilotariak iritsiko dira.

Emakumeen eta gizonezkoen partidak kontuan hartuta, 16 pilotarik hartuko dute parte Araba Euskaraz Master Series-ean, eta horietatik 2 arabarrak izango dira: Maite Ortiz de Mendibil (Andetxa, 2005) eta Julen Del Rio (Gasteiz, 1996).

Bi arabar hauen aurkariak ez dira nolanahikoak izango Araba Euskaraz Jai Alai Master Series-aren bigarren edizio honetan. Emakumezkoetan, Gasteizen izango dira bai Erika Mugartegi zein Maialen Aldazabal, iazko Durangoko Euskotren Winter Series-eko txapeldunak. Erikak, Romane Mercadié frantziarrarekin osatuko du bikotea eta Ihart Arakistain izango da Maialenen aurrelaria. Maite Ortiz de Mendibilek Arai Lejardi izango du atzelari, eta Oihana Sorozabal lapurtarra Frida Watkinsekin batera arituko da.

Gizonezkoetan, Aritz Erkiaga da protagonista. Gernikako Eusko Label Winter Series-eko txapela jantzi zuen, eta, Miamin (AEB), Dania Beach-eko Biscayne Cup-eko txapela eskuratu berri du. Julen del Rio izango du bikote Gasteizko Olaben, iazko garaipena errepikatzeko asmo betearekin. Eñaut Urreisti aurrelari mutrikuar gazteak eta aurtengo Winterrean finalerdietako ligaxkara sailkatzea lortu duenak, Lekerika atzelari gernikarra izango du bikote.

Zelaia aurrelariak, bestalde, Donibane Lohizuneko Thiboult Basquerekin osatuko du bikotea, aurtengo Winter Series-eko finalerdietarako ligaxkara sailkatu zen atzelariarekin, alegia. Basque iazko Jai Alai ligako Final Fourrera sailkatu zen, iazko ranking-ean puntu gehien lortu zituzten zortzi puntista hoberenen artean amaitu zuen denboraldia eta. Azkenik, Barandika aurrelari gernikarrak eta Zabala atzelari markinarrak osatuko dute laugarren bikotea; fisikoki gogorra eta indartsua.