NAIZ

EAEko kolektibitateetako hitzarmena negoziatzeko exijitu diete ELAk, LABek eta UGTk enpresei

ELAk, LABek eta UGTk mobilizazio prozesua hasi dute, EAEko kolektibitateetako enpresa guztiei hitzarmena negoziatzera eser daitezela eskatzeko. Sektore feminizatua da eta, orain arte, argudio juridikoak baliatu dituzte enpresek negoziatzeari uko egiteko.

Ausolan taldearen Arrasateko egoitzaren aurrean mobilizatu dira astearte honetan.
Ausolan taldearen Arrasateko egoitzaren aurrean mobilizatu dira astearte honetan. (LAB)

Asteartearekin abiatu dute mobilizazio prozesua ELAk, LABek eta UGTk Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kolektibitateetan. Ohar baten bidez azpimarratu dutenez, sektore feminizatua da kolektibitateena, hau da, langile ia guztiak emakumezkoak dira. Sindikatuek sektoreko enpresa garrantzitsuenetako batean aurrean egin dute protesta, hots, Ausolan taldearen Arrasateko egoitzan, sektoreko enpresei eskatzeko «behingoz eser daitezela kolektibitateen hitzarmen propio bat negoziatzera EAEko langileentzat».

ELAk, LABek eta UGTk adierazi dute duela gutxira arte argudio juridikoak baliatu dituztela enpresek negoziazio mahaira ez jezartzeko eta, gaineratu dute, dagoeneko ezin dutela aitzakia hori erabili. Mobilizazioa deitu duten sindikatuek EAEko langileentzako hitzarmena lortu arte amore ez emateko asmo argia agertu dute: «Ez dugu onartuko patronalek eta beren bazkideek, hala nola, Ausolanek, Gascak, Baskak, Tamarrek, Sodexok, Eurestek, Mediterraneak, Serunionek edo Aramarkek kolektibitateen sektoreko langileen baldintzak prekarizatzen jarraitzea».

Sindikatuek, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektoreko langileen lan baldintzak hobetzea xede, hitzarmen propioaren beharra aldarrikatu dute: «Hemen lan egin eta hemen erabaki nahi dugu». ELAk, LABek eta UGTk uste dute orain dela unea mobilizazio prozesua abiatzeko eta sektoreko enpresa guztiei exijitu diete «behingoz eser daitezela EAEko langileen kolektibitateen hitzarmenaren negoziazio mahaia eratzera».