
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) manifestazioak deitu ditu Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean heldu den apirilaren 5erako, «langile eta pentsiodun guztiei bizi baldintza duinak izatea bermatuko dieten soldata eta pentsio nahikoak» eskatzeko.
Ohar batean jakinarazi duenez, Hego Euskal Herriko sindikatuekin (ELA, LAB, ESK, CGT, CNT, Steilas, Etxalde, Hiru) eta EAEko CCOO eta UGT sindikatuekin izandako harremanen ondoren «aurrerapauso bat» eman dute eta pertsona, langile eta pentsiodun guztiei dei egin die egun horretan kalera irten eta mobilizazio horietan parte hartzera. Sindikatuek ere bere egin dute deialdia.
«Pertsona guztiak dira ezinbestekoak eta ongi etorriak izango dira; guztion esku dago aberastasunaren bidezko banaketan oinarritutako gizartea eraikitzea», nabarmendu du. Horregatik, manifestazio «irekiak, pluralak, blokerik eta identifikazio korporatiborik gabekoak» izango dira.
Pentsiodunen mugimenduaren ustez, «onartezina da finantza eta energia enpresa handiek etekinen errekorrak ezartzen dituzten bitartean gero eta langile eta pentsiodun gehiagok gizarte bazterkeriara eta pobreziara eramaten dituen soldata eta pentsio sarrerak izatea».
Ildo horretan, alderdi politiko eta «prentsa batzuen narratiba faltsuak» errefusatu ditu, «gazteen interesak eta pentsiodunen interesak kontrajarri nahi dituztenak», azken hauei beren diru-sarrerak gazteen diru-sarreren kontura hobetzea leporatuta.
«Guretzat soldatak eta pentsioak txanpon beraren aurpegiak dira eta banaezinak. Gaurko soldata duinak dira pentsioen PSPari eusteko bermerik onena. Jarduneko langileek eta pentsiodunek interes eta aldarrikapen berberak ditugu, eta inork ez du lortuko gu zatitzea», ohartarazi dute.
Pentsiodunen iritziz, «funtsezko borroka da hori, soldatetan eta gutxieneko pentsioetan genero arrakala amaitu dadin».
EHPMk adierazi duenez, EAEn eta Nafarroan guztientzako gutxieneko soldata duina lortzeko bultzatzen ari diren borroka sindikalek eta sustatzen ari garen HELean jasotako gutxieneko pentsioaren euskal sistema osagarri bat eskatzeak «guztion babesa eta inplikazioa eskatzen dute. Gutxieneko pentsioa gutxieneko soldataren parekoa da».

¿Chocolate caliente o frío? Factores clave para entender la volatilidad del precio del cacao

Salvioli, exrelator de la ONU: «Es inaceptable lo que hace el Poder Judicial en este país»

ETS agota en tres horas las 15.000 entradas de Madrid y se lanza también a por Barcelona

NAIZ: MUSIKA, kanal berri bat gure komunitateko berrienentzat
