
ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek hilean 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa proposatu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako, 21.000 euro gordin. Helburu horretara modu mailakatuan iristea nahi dute, bi urteren buruan hain zuzen, eta Materia Zehazteko Akordio baten bidez adostea planteatzen dute.
Ostegun honetan Bilbon egindako agerraldian salatu dutenez, baina, «martxoaren 20ko mahaira eramango dugun proposamena maila pribatuan landu gabe publiko egitea dagokigu». Izan ere, Confebasken barruan dauden Adegi, Cebek eta SEA patronalek nahiz Lakuako Gobernuak ez dute sindikatuekin biltzeko proposamena onartu.
Imanol Pradales lehendakariak eta Mikel Torres Enplegu sailburu eta lehendakariordeak ez diote sindikatuen bilera eskaerari erantzun. Sindikatuen arabera, Pradalesek, «gainera, patronalaren diskurtsoa erosi eta gutxieneko soldataren negoziazioa produktibitate eta abstentismoarekin lotu du, patronalari eginiko keinu argi batean».
Gipuzkoako Adegi, Bizkaiko Cebek eta Arabako SEA patronalek, bestetik, bilera egiteari uko egin diote. Sindikatuek deitoratu dutenez, «herri honetako gehiengo sindikalari atea ixtea erabaki dute». Hori dela eta, «herri honetako patronalak egoerak eskatzen duen mailatik oso urrun daudela» erakusten dutela uste dute. «Langileoi aukera bakar moduan konfliktoa uzten digun patronala ez da herri honek behar duen patronala», gaineratu dute.
Lakuaren babesa patronalari
«Bertako gutxieneko soldata baten aldekotasuna adierazi du Eusko Jaurlaritzak, eta posizio argia hartzea dagokie orain», esan dute. Hala ere, patronalak «herri honetan sortzen den aberastasuna ez birbanatzea» erabaki duela uste dute, Lakuaren babesa duelako. Pradalesen Gobernuari, beraz, «patronalari keinuak egiteari utzi eta presionatu» eta «hain naturalizatuak dituzten harremanak baldintzatu eta mezu argiak bidaltzea» dagokiola nabarmendu dute.
Gogorarazi dutenez, gutxieneko soldata propio bat beharrezkoa da aberastasunaren banaketa «justuago» bat lortzeko eta soldata arrakalei eta pobreziari aurre egiteko. «Gutxieneko soldata bat behar dugu, milaka langileri zuzenean eta lan eta bizi baldintzak hobetu ahal izateko, nagusiki eta zuzenean emakumeei, langile migratu eta arrazializatuei, aniztasun funtzionala duten langileei eta gazteei», laburbildu dute sindikatuek, proposamena «langile klase osoarentzat» onuragarria izango dela gaineratuz.

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

El bombardeo en Venezuela y el secuestro de Maduro desatan la desinformación en redes sociales

32 combatientes cubanos murieron en el asalto estadounidense en Caracas

54 urteko mendizale bat hilik aurkitu dute Aiako Harrian; Iban Apaolaza presoa da

