NAIZ

‘Nola landu sexualitatea hezitzaileon egunerokoan’ jardunaldia antolatu du Oinherrik Arrasaten

Oinherri Herri Hezitzaileak Sustatzeko Elkarteak jardunaldia prestatu du maiatzaren 16rako, Arrasateko Kulturate espazioan, bere 11. liburuxkan aurkezteko: ‘Nola landu sexualitatea hezitzaileon egunerokoan’. Hezitzaileentzako gida bat da, haur eta nerabeekin sexualitatearen hausnarketa sustatzeko.

Aitziber Leoz, Arrate Gaztelu eta Maite Azpiazu, Oinherriko langileak, Bergaran NAIZekin egindako elkarrizketa batean.
Aitziber Leoz, Arrate Gaztelu eta Maite Azpiazu, Oinherriko langileak, Bergaran NAIZekin egindako elkarrizketa batean. (OINHERRI)

Hezkuntza formalean zein ez-formalean, bizitzako edozein alderditan eta edozein momentutan agertzen zaigu sexualitatea. Ezin gara sexualitatearen aspektu erotikora mugatu: esnatzen garen momentutik lo hartzen dugunera arte, gure buruarekin, beste norbaitekin zein taldean agertzen zaigu sexualitatea, eta sarri askotan, haur eta nerabeekin lanean ari garenean, esaterako, ez dakigu nola esku-hartu.

Gogoeta horretatik sortu da Oinherri Herri Hezitzaileak Sustatzeko Elkartearen 11. liburuxka: ‘Nola landu sexualitatea hezitzaileon egunerokoan’. Arrasateko Kulturate espazioan plazaratuko dute, heldu den maiatzaren 16an. Liburuxkak aisialdi hezitzailearen eta hezkuntza ez-formalaren testuinguruan sexualitatea lantzeko tresna izan nahi du. «Sexualitatea askatasunez, autonomiaz eta errespetuz bizitzeko bideak eskaintzen ditu, hezkidetza sexualetik abiatuta», azaldu dute.

Hezitzaileentzako gida bat da, haur eta nerabeekin sexualitatearen inguruko hausnarketa eta lanketa sustatzeko.

Gune pribilegiatuak

Oinherrin frogatu dutenez, aisialdi hezitzailea eta hezkuntza ez-formala gune pribilegiatuak dira sexualitatea modu naturalean eta egokian lantzeko. «Eskolako sexu-hezkuntza garrantzitsua den arren, sarritan ikuspegi biologizistara edo arriskuen prebentziora mugatzen da. Aisialdian eta eskolaz kanpoko hezkuntzan, ordea, harremanak eta bizipenak modu irekiagoan eta informalean aztertzeko aukera dago. Gainera, abantaila esanguratsuak ditu, hurbiltasuna eta konfiantza, eredu alternatiboak sortzea, plazeraren eta autonomiaren ikuspegia lantzea, edota elkarrizketa eta zalantzak argitzeko aukera gehiago izatea, esaterako», baloratu dute.

Herrietako edozein norbanako, elkarte edo eragile bertaratu badaiteke ere, hezitzaileei, familiei eta haur eta gazteekin lan egiten duten bestelako profesionalei zuzendua dago bereziki jardunaldia, eta doakoa izango da. 9.30ean hasiko da, eta 14.00etan bukatu.

Jardunaldian izena emateko aukera zabalik dago dagoeneko, esteka honetan.