NAIZ

Bidasoa Irunek emaitza ona espero du MT Melsungenen aurka, kanporaketa etxean erabakitzeko

Alex Mozas Bidasoa Irun taldeko entrenatzaileak emaitza ona espero du MT Melsungenen aurka taldeak jokatu behar duen joaneko partidan. Alemanian dute hitzordua bihar, 18.45ean.

 

Alex Mozasek prentsaurrekoa egin du norgehiagokaren bezperan.
Alex Mozasek prentsaurrekoa egin du norgehiagokaren bezperan. (CD BIDASOA)

Bidasoa Irunek EHF Europa Leagueko final-laurdenetako joaneko partida jokatuko du MT Melsungenen aurka, bihar. Euskal taldeak talde alemaniarraren aurka jokatuko du Kesselen, Alemanian, 18.45ean.

Alex Mozas Bidasoa Irun taldeko entrenatzaileak emaitza ona nahi du, Europako Ligako finalerdietarako txartela arazorik gabe eskuratu ahal izateko datorren astean Irunen. «Gu gure ideiarekin joango gara, hau da, han emaitza on bat lortzea eta gero gure jendearen aurrean Artalekun jolastea», adierazi du entrenatzaileak. Gaineratu duenez, «haiek dira Europako Liga irabazteko faboritoak, baina, hau 120 minutuko partida da eta ezin zaigu eskuetatik eskapatu hamar minutu txarretan».

«Melsungen Bundesliga irabazteko jo eta su ari den izar talde bat da eta Balenziaga bezalako Zarauzko erdilari batek zuzentzen du, García Parrondo aulkian dela», zehaztu du Bidasoaren entrenatzaileak, bere taldeak aukerak izan badituela uste duelarik.

«Baloia galtzean eta erritmoan argiak izan behar dugu», adierazi du Mozasek, «ez da talde bat bereziki korrika asko egiten duena, baina galera bakoitza asko zigortzen dute». Arerioa ondo ikasita darama entrenatzaileak, agerian geratu da aurrera eramango dituzten planez galdetu diotenean.

«Atezaintza munduko onenetakoa da» Mozasen aburuz. Haren ustez, eragin handia du Eric Balenziagak, baita Roberto García Parrondo entrenatzailea izateak ere. «Ondo jokatzen dute zazpi seiren aurkako aldaera, eta Krištopāns daukate eskuineko hegalean», azaldu zuen, azpimarratuta talde alemaniarreko jokalariak 2,15 metro neurtzen dituela».