
Nazioartean ez ezik, Euskal Herrian ere erreakzio ugari piztu ditu Francisco aita santuaren heriotzak. Besteak beste, hainbat politikarik eta elizako kargu ugarik plazaratu dituzte adierazpenak.
Imanol Pradales lehendakariak aita santuak «ahulenen, ingurumenareneta justizia sozialaren defentsan» agertutako «irmotasuna» goraipatu ditu, 2013an kargua bereganatu zuenetik geopolitikan «giltzarri» izan dela iritzita.
Maria Chivitek ere adierazpenak egin ditu aita santuaren heriotzaren harira. Twitter bidez esan du «balioak» zituen gizona zela, «bakearen, justizia sozialaren eta elkarrizketaren» aldekoak, hain zuzen.
Hego Euskal Herriko lau gotzainek doluminak agertu dituzte Bergoglioren heriotza dela eta. Joseba Segurola Bilboko gotzainak meza berezia eman du Santiagoko katedralean eta «anaitasun, bake, elkarrizketa eta kulturen arteko topaketa mezuak» nabarmendu ditu. Haren aburuz, aita santua saiatu da «gauza batzuk ondo egiten», erreferentzia eginez Elizaren baitan eman diren gehiegikerien inguruan agertu duen jarrerari. Halaber, ildo beretik «lanean jarraitu» beharra aldarrikatu du.
Juan Carlos Elizalde Gasteizko gotzainak aita santuak «migratzaileekin eta pobreenekin» izan duen «konpromisoa» goraipatu du, eta aitortu du «politikoki zuzena» izan ez den gizona izan dela, eta barne erreformetan «bere erradikaltasun sozialagatik» nabarmendu dela.
Fernando Prado Donostiako gotzainak ere aita santuak gizateriari eta elizari egindako «gauza onak» azpimarratu ditu. Ildo beretik mintzatu da Iruñeako gotzaina ere. Adierazi du «arrastoa utzi» duela eta haren bereizgarri izan dela «kristau izatearen alaitasuna transmitzea eta Eliza kalean egotearen nahia».
Aitor Esteban EAJko presidenteak adierazi duenez, aita santuak «mundu hobe baterako bidea erakutsi du eta, aldi berean, Elizari ate berriak ireki dizkio». Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak errespetua agertu dio aita santuaren irudiari, «bakearen alde eta gerren eta genozidioen aurka lan egin zuelako, pobreenak erdigunean jarriz».
Javier de Andres Euskadiko PPko presidenteak adierazi duenez, «azken aldian bere gaixotasuna dela eta sendotasun eta duintasunaren eredu izan da», eta Alba Garcia Sumar Mugimenduko idazkari nagusiak azpimarratu du ideologia desberdineko pertsonak, fededunak eta ateoak, bat datozela baieztatzean aita santuak «beti argi izan zuela non egon behar zuen».
Xabier Ezeizabarreba Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak ere adierazpenak egin ditu, eta esan du Frantzisko aita santua «beharrezko erreferentea eta lider handia» izan dela mundu mailan, «baita euskal gizartean ere».
Arabako Batzarrek, bestalde, bat egin dute espainiar Estatuko Gobernuak ezarritako hiru dolu-egunekin, eta egoitzako banderak haga erdian egongo dira. Beste horrenbeste egingo dute Nafarroan ere.

Mujica hizo gala de ser «un poco vasco» y cumplió su deseo de visitar el país de sus ancestros

El comité de Aroztegia denuncia que la empresa ha frustrado los intentos de acuerdo

Indar Gorri denuncia una multa de 60.000 euros por un tuit que la justicia no consideró delito

Alertan de un intento de desalojo en Amurrio por parte de Ama Desokupa
