
Nazioartean jokatzen diren zirkuitu pribatuen artean, Golden Trail World Series zirkuituak sona handia du. Eta hain zuzen ere, Kobe Trail (Japonia) lasterketarekin aurtengo denboraldia hasi du. Beste behin, hainbat euskal korrikalarik apustu sendoa egin dute GTWSen alde. Eta onartu behar da lehen hitzorduan emaitza bikainak erdietsi dituztela. Sara Alonso eta Malen Osa Kobe Trail-en lehiatu ziren. Donostiarrak garaipen handia sinatu zuen bitartean, oñatiarra goi mailako hirugarren postuarekin egin zen.
Mundu zabaletik iritsitako kirolari sasoiko batzuk irteera puntuan izan ziren. Denak prest 21,3 kilometroko eta 2.200 metroko goranzko desnibela zituen ibilbide berezian lehiatzeko. Ohi den bezala, beroari eta hezetasunari aurre egin behar izan zieten. Lasterkari batzuek, bederen, asko sufritu zuten baldintza horiekin.
Lau itzuli izan zituzten aurretik, eta lehenbizikoa jaitsiera batekin hasi zen. Nesken kategorian, Joyce Muthoni Njeru tropelaren buru jarri zen, eta haren atzetik Madalina Florea, Sara Alonso, Malen Osa eta Takako Takamura kokatu ziren. Aipatu ditugun baldintzengatik korrikalari askok erritmoarekin arazoak izan zituzten. Alonso, ordea, ondo egokitu zen eta hirugarren itzulian sasoi ikaragarria erakutsi zuen. Igoera oso gogor bat (%31ko pendiza) indartsu igo zuen, eta azken jaitsiera teknikoan erritmoa oso biziari eutsi zion.
Aipatu behar da ere, Njeru kenyarrak (iazko irabazlea izan zen) anoa puntu batean nahastu eta beste ibilbide bat hartu zuela. Puntu horretatik aurrera, donostiarrak ez zuen arazorik izan alde eder batekin helmuga puntura lehen postuan heltzeko. 2:53:57 izan zen Alonsoren denbora. Iazkoa (bigarrena izan zen) lau minutuan hobetu zuen: «Joan den neguan asko entrenatu nuen, eta oso sasoiko nengoen hitzordu hau irabazteko. Joyce ibilbidean nahastu zenetik, lider nengoenez, hurrengo kilometroetan oso kontzentratuta joan nintzen. Pozarren nago hasi berri den denboraldi honetan garaipen hori lortzeagatik».
Florea errumaniarra ia sei minutura helmugaratu zen. Osa hirugarrena izan zen 3:02:10 kronoarekin. Oñatiarrak asko sufritu zuen karranpekin; batez ere, lasterketaren lehen orduan. Horrek une jakin batzuetan gelditzea behartu zuen. Baina etsi ordez, aurrera jarraitu eta borroka handia egin zuen. Diogun bezala hirugarrena izan zen; laugarrenari, Takamura japoniarrari, soilik 45 segundoko aldea atera zion. Lasterketaren amaieran, Osak esan zuen oso harro zegoela lasterketa ez zuelako utzi: «Alabaina, ez nago pozik; izan ere, indartsu nengoen eta ezin izan dut behar bezalako lasterketa egin».
Bestalde, gizonezkoen kategorian, Patrick Kipngenok iazko garaipena berretsi zuen. Talde sendo bat lasterketaren buru jarri zen, baina bigarren itzulian kenyarrak erakutsi zuen lehiakide indartsuena zela eta nagusitasunez helmuga puntura lehen postuan iritsi zen 2:29:46 denborarekin. Philemon Kiriago kenyarraren eta Bogdan Damian errumaniarraren artean lehia oso-oso estua bizi izan zen. Esprintean iritsi ziren helmugara; Kiriago bigarrena izan zen eta hiru segundora Damian helmugaratu zen.
Bi top-10
Bestelako baldintzak izan zituzten Skyrunner World Series zirkuituko hitzorduan. Skyrunning-eko Nazioarteko Federazioak antolatuta, Matheysins lasterketa jokatu da. Eta lasai asko esan daiteke hamargarren ekitaldi horretan eguraldia protagonista izan zela. Aurreko egunetan oso aldakorra izan zenez, antolatzaileek behin baino gehiagotan ibilbidea aldatu zuten. Botatako elurrarengatik eta haizeteengatik oso teknikoa den ‘L´oreille du loup’ ertza eta igoera oso tente bat saihestu zituzten. Alabaina, lehia oso ederrak ikusi ziren. Euskal ordezkariei dagokienez, bi kirolari lehen hamarren artean sailkatu ziren: Ibai Larrea eta Ainara Alcuaz.
Gizonezkoen mailan, adibidez, Alex Oberbacherrek egundoko erakustaldia eman zuen. Italiarra oso ohituta dago neguko baldintzekin, eta aise irabazi zuen 27 kilometro eta 2.000 metroko desnibel positiboa zituen ibilbidean. Oberbacherrek 2:25:50 denbora egin zuen, eta bigarren sailkatuari, Roberto Delorenzi suitzarrari, bi minutu eta 30 segundo atera zizkion. Jan Torrrella katalana hirugarren postuan sailkatu zen. Euskal Selekzioko ordezkarien artean, Larrea izan zen indartsuena. Antzuolarrak lasterketa bikaina egin eta gero, zazpigarren postua sinatu zuen 2:29:00 kronoarekin. Postu batengatik, Aitor Ajuria ez zen top-10ean sartu, eta Aitor Blanco hamahirugarrena izan zen.
Eta amaitzeko, nesken kategorian, Lucille Germain eta Julie Roux frantziarren artean garaipena jokatu zen. Germain izan zen lehena 2:51:20 denborarekin; Rouxi hemeretzi segundoko alda atera zion. Lide Urrestarazuk ezin izan zion eutsi nazioarteko zirkuitu horretan zuen erregulartasunari. Baina euskal selekzioko beste kide batek, Alcuazek, lekukoa hartu zion. Mendillorriko lasterkaria bederatzigarren postuan sailkatu zen 3:10:52 kronoarekin.

Mujica hizo gala de ser «un poco vasco» y cumplió su deseo de visitar el país de sus ancestros

El comité de Aroztegia denuncia que la empresa ha frustrado los intentos de acuerdo

Indar Gorri denuncia una multa de 60.000 euros por un tuit que la justicia no consideró delito

Alertan de un intento de desalojo en Amurrio por parte de Ama Desokupa
