NAIZ

Sare: «Puzzle zati guztiak puzzlean kokatzea da herri honek duen beharra»

Apirileko azken ostiraleko elkarretaratzeetan Sarek azken asteetako gradu erregresioak ekarri ditu gogora eta maiatzaren 17 eta 18an gauzatuko duten ekimena oinarri, «puzzle zati guztiak puzzlean kokatzea» aldarrikatu dute.

Lesakako elkarretaratzean dozenaka lagun bildu ziren.
Lesakako elkarretaratzean dozenaka lagun bildu ziren. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Urteak orain arte emandakoak aztertu eta aurrean dituzten erronkei begira jartzeko baliatu ditu Sarek apirileko azken ostiraleko elkarretaratzeak, zeintzuetan 2.500 lagun bildu dituzten Euskal Herriko 60 herri eta auzotan.

«Aurrerapausoak ematen jarraitzeko urtea zela esan genuen urtearen hasieran eta eskatutako bidetik hasi dugu urtea», baieztatu du Sarek. Zentzu horretan, gaur egun, euskal preso politikoen ia erdiak erregimen irekian ari direla zigorra betetzen ekarri du gogora. «Horrek, praktikan, egunero kalea zapaltzen ari direla esan nahi du». Hau, «orain urte batzuk pentsaezina» zela azpimarratu du eta hori «euskal gizarte zabalaren babes eta bultzadarik gabe gauzaezina litzatekeela» nabarmendu.

Hala ere, irakurketa positibo horren aurrean ere 2025 honetan «inondik espero ez genituen berriak» ere izan direla aitortu du Sarek. «Ekarri dizkigu gogora orain 2 urte entzutegi nazionaleko fiskalak ohiko zituen jokabideak», adierazi du, Xabier Zabalo eta Josu Narbaezen gradu erregresioak gogora ekarriz.

«Jarrera hauek, euskal presoen etxerako bidea oztopatu besterik ez dute egiten eta beraz, gatazkak utzitako ondorioen konponbidea luzatu eta herri honek etorkizunera begira jartzeko duen beharra eta elkarbizitza agertokiak oztopatu», salatu du elkarteak.

Eta analisi horrekin abiatuko dute 2025 honetan «mugarri» izatea nahi duten Puzzlea osatu arte! dinamika. Maiatzaren 17 eta 18an hainbat ekintza egingo dira Lesakatik Iruñera bitarteko 29 herrietan, zigorra erregimen itxian betetzen ari diren 58 presoen herrietan. Horrela, lege arrunta aplikatzea eta «etxera itzultzeko bidea hastea» aldarrikatuko dute.

«Gatazkak utzitako ondorioen konponbidean puzzle zati ugari kokatuak ditugu jada puzzlean. Halere, azkena kokatu arte jarraituko dugu lanean, puzzle zati guztiak puzzlean kokatzea baita herri honek duen beharra. Puzzlea osatu arte!», defendatu dute ostiral honetan.