
Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Genevako egoitzan izan da astearte honetan Euskalgintzaren Kontseilua, Galiziako A Mesa pola Normalización Lingüística, Kataluniako Plataforma per la Llengua eta Europako Hizkuntzen Berdintasunerako Sarea - ELEN erakundeekin batera, espainiar Estatuko hizkuntz eskubideen egoeraren inguruko txostena aurkezten.
Biharamunean Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluak espainiar Estatuan giza eskubideen arloa ebaluatuko duela baliatuz, Kontseilu horri aurkezturiko txostena eta euskararen, galizieraren eta katalanaren egoeraren azalpenak eman dituzte, gabeziak eta eskubide urraketak gainditzeko proposamenak eginez.
Eragileek baieztatu dutenez, hizkuntz eskubideen alorrean «inboluzio bat» gertatzen ari da. Globalizazioak eragina izan badezake ere, espainiar Estatuaren baitan azken urteetan hizkuntz politiketan emandako atzerapausoak eta murrizketak nabarmendu dituzte kezka iturri nagusi gisa.
Zonifikazioa amaitzeko beharra
Hizkuntza bakoitzaren normalizazio bidean hainbat atzerapauso eta oztopo esanguratsu zerrendatu dituzte eragileek. Nafarroaren kasuan, Euskalgintzaren Kontseiluak euskararen zonifikazioa amaitzeko beharra nabarmendu du, Europako Kontseiluak ere behin baino gehiagotan diskriminazio egoera hori gainditzeko agindu izan duela gogoraraziz.
Galizieraren kasuan, besteak beste, Galiziako hizkuntza nagusi izateari utzi izana edota orain arte galiziera hutsean izan den telebista publikoan gaztelaniazko saioak txertatzen hasteko asmoa iragarri izana ohartarazi dute.
Valentzian, PP eta VOX alderdiek hezkuntza sisteman valentziera murrizteko asmoz onartutako Rovira Legea aipatu dute, bestelako erabaki politikoen artean.
Epaiketak, gaztelania ez diren hizkuntzetan
Euskalgintzaren Kontseiluak, A Mesak eta Plataformak espainiar Botere Judizialaren Lege Organikoaren 231. artikulua lehenbailehen aldatu behar dela aldarrikatu dute. Funtsean, epaiketak eta jardunbide juridikoak gaztelania ez den beste edozein hizkuntzetan egitea eragozten baitu.
Ildo beretik, bai Euskalgintzaren Kontseiluak eta baita Plataformak ere botere judizialaren azken erabakiak izan dituzte mintzagai. Katalanek bertako murgiltze ereduaren aurka espainiar Konstituzio Auzitegiak ekindako bidea salatu dute.
Euskalgintzaren Kontseiluak, aldiz, langile publikoek euskara ere ezagutu beharra jasotzen zuten lan deialdien aurkako oldarraldia gaitzetsi du. Baita EAEko tokiko erakundeetan euskararen erabilera lehenestea ahalbidetzen zuen 2/2016 Udal Legearen eta hau garatzen duen 179/2019 Dekretuaren aurka botere judizialak egindako esku-hartzea ere.
Arkitektura juridiko berri bat
Kontseiluak bi aldarri nagusi jarri ditu mahai gainean giza eskubideen eta hizkuntza berdintasunaren ikuspegitik. Batetik, zonifikazio linguistikoa amaitzea eta euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora zabaltzea. Bestetik, euskararen normalizazio prozesua desblokeatu eta beharrezkoa den jauzia emateko euskararentzako arkitektura juridiko berri bat martxan jartzea.
Besteak beste, Galiziako eta Kataluniako ereduen ildotik, bi hizkuntza ofizial dituen lurralde bateko langile publiko izateko bi hizkuntza ofizialak ezagutzea eskatzea planteatu du.

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify

54 urteko mendizale bat hilik aurkitu dute Aiako Harrian; Iban Apaolaza presoa da

Xabi Iraola 32 urteko igeldoarra proposatu dute Sorturen koordinatzaile orokorra izateko

