NAIZ

Estatusaren inguruko eztabaida sustatu nahi du Gure Eskuk bilera sorta batekin

Gure Esku erabakitze eskubidearen aldeko mugimenduak eragile sozial eta politikoekiko bilera sorta abiatu du Euskal Herriaren estatusa eztabaidatzeko. Aste honetan ELA sindikatuarekin elkartu da, prozesu horri hasiera emanez.

ELAren ordezkaritza batekin elkartu da aste honetan Josu Etxaburu.
ELAren ordezkaritza batekin elkartu da aste honetan Josu Etxaburu. (GURE ESKU)

Indar politikoek Euskal Herriaren estatusaren inguruko eztabaida mahai gainean dutela («EAEn, Nafarroan zein Ipar Euskal Herrian»), eztabaida hori jendartean sustatu nahi du Gure Eskuk aipatutako esparru horretatik haratago ere. Horretarako, bilera sorta abiatu du mugimenduak, ELA sindikatuarekin hasita.

«Albiste ona da Euskal Herriaren estatusa indar politikoen agendan eta instituzioetan izatea, baina guk ulertzen dugu jendarte osoari dagokiola gai hori, denoi eragiten digulako eta eragile sozialek eta herritarrek ere ekarpen interesgarria egin dezaketelako», adierazi du Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileak.

Horregatik, alderdi politikoekiko ez ezik, hainbat arlotako eragile sozialekiko bilera sorta abiatu du erabakitze eskubidearen aldeko mugimenduak. Aste honetan ELA sindikatuarekin bilera egin du Gure Eskuk. Ekimenak segida izango du datozen asteetan.

«Horrelako prozesuak ezin dira eragile sozialen eta herritarren parte-hartzerik gabe egin; haiek ere entzunarazi behar dute haien ahotsa. Horregatik, elkartu egingo gara haiekin, baita alderdi politikoekin ere: batzuen zein besteen iritzia entzungo dugu, eztabaida sozializatzen lagun dezatela eskatuko diegu eta dei egingo diegu burujabetzaren alde indarrak batzeko», gaineratu du Etxaburuk.

Gure Eskuk balorazio positiboa egin du ELArekin egindako bileraz. «Uste dugu adostasun zabalak daudela herri honetan burujabetza tresna gehiagoren eta hobeen eta erabakiak bertan hartu beharraren inguruan. Gure jendartearen kezkei soluzio egokiak emateko. Mundu mailako testuingurua ikusita, gainera, behar hori gero eta handiagoa dela ere partekatutako iritzia da. Abiapuntu hori ona izan daiteke herri gisa eta burujabetzaren bidean funtsezko urratsak egiteko», azaldu du Gure Eskuko bozeramaileak.

Ekainaren 7ko Bilboko mobilizazioa ere, Gure Eskuk «Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki» lelopean deitutakoa, hizpide izan dute. Erabakitze eskubidearen aldeko mugimenduak mobilizazio nazionalera joateko gonbita egingo die datozen asteetan eragile guztiei, «herritarren mobilizazioa nahitaezkoa delako testuinguru honetan; herri honen borondatea erakutsi beharra dago, Euskal Herriari buruzko erabakiak euskal herritarrek elkarrekin, demokratikoki eta beren aniztasunetik hartzearen aldekoa».