NAIZ

Iñaki Olazabal eskultorea zendu da

Igande honetan eman du azken hatsa Iñaki Olazabal Ezeiza andoaindar eskultoreak. Aste honetan bertan Eskuahaldunak elkarteko kideek Zugaztietan erasotutako bere bi pieza berreskuratu dituzte.

Iñaki Olazabal, 2019ko irudian.
Iñaki Olazabal, 2019ko irudian. (Jon URBE | FOKU)

1959an Andoainen jaioa, Zumaia izan du urteetan bizitokia eta lantokia Iñaki Olazabal Ezeiza eskultoreak. Joan den ostiralean jakinarazi zuten Zugaztietako Eskultura Parkean zituen lanei eraso egin dietela eta Hustion lakura bota dituztela. Ez da lehen aldia.

Eskuahaldunak euskal eskultoreen elkarteko kideek berreskuratu dituzte Hustion lakutik ‘Elkarrizketa’ izeneko multzoko bi piezak, zinc materialez eginak. Eskultura horiek Zugaztietako (Trapagaran) Meatzalde Goikoa Eskulturen Parkean daude, eta maiatzaren 1ean bandalizatuta eta uretan murgilduta agertu ziren.

Artozki herria Itoitz urtegiaren azpian suntsitu zutenean desagertu ziren 30 artelanen artean zegoen Olazabalen obra.

Ibilbide luzearen jabe

Sorabillako Taller Kolektiboko kide izan zen Olazabal eta 1986an aurkeztu zuen bere lehen bakarkako erakusketa Zarautzen, hurrengo urtean Essen-en (RFA) eta 1989an Andoainen.

Honako erakusketa hauetan hartu du parte: 1984an, Tolosako Euskadiko II. Eskultura Erakusketan eta Aiako eta Sorabillako Tailerretako erakusketa batean, Getarian; 1985ean, Tolosako Euskadiko III. Eskultura Erakusketan eta Donostiako Artista Berrien Lehiaketan. Azken horretan finalista izan zen, bai 1987an, bai 1987an.

1986an, bigarren saria lortu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Gazteriaren Institutuko Arte Plastikoen II. Lehiaketan. 1988an epaimahaiaren aipamena lortu zuen Gasteizko VIII. Arteen Bienalean, Burgosko III. Eskultura Lehiaketa Nazionalean, Guadalajarako Aurrezki Kutxaren XVI. Arte Lehiaketa Nazionalean, Murtziako Eskulturaren III. Bienalean eta Euskal Arteko III. Biurtekoa izenekoan. 1989an, Alacanteko Arte Plastikoen X. Deialdian hautatu zuten.

Oria ibaiaren sorlekutik itsasoratzerainoko bidean diren Gipuzkoako zazpi herritan (Zegama, Ordizia, Ikaztegieta, Tolosa, Andoain, Zubieta eta Orio) eskultura bana jarri zuen 2005-2006ko epealdian Olazabalek. Oria ibaiari egindako omenaldia da.