
Bi egunez nazioarteko biltzarra egin du Naizenek, lehen aldiz, haur eta gazte transexualitateari buruz. Adingabe Transexualen Familien Elkartearen eskutik, astelehenean eta asteartean hainbat aditu eta ekintzaileren ekarpenak entzuteko aukera izan da EHUren Bizkaia Aretoan, Bilbon. Halaber, biltzarraren bigarren egun honetan ‘Haurtzaroan eta nerabezaroan bizitako esperientziak lehen pertsonan’ saioan belaunaldi desberdinetako pertsona transek haien bizipenak plazaratu dituzte.
Helduenetik gazteenera hartu dute hitza Ares Piñeiro sexologo eta Errespetuz elkarteko sortzaileak; Elsa Ruiz komiko, ilustratzaile eta ekintzaileak; Eder Iturralde filologo, bertsolari eta gizarte integrazioan adituak; eta bi nerabek.
Piñeiro 1972an jaio zen eta 4 urterekin hasi zen etxean esaten mutila zela, Gabonetan «orden honetan, pitilin bat eta scalextric bat» eskatzeraino. Gurasoek, ordea, beti pentsatu izan zuten nahi hori pasatuko zitzaiola. Gizona izan eta emakume gisa sozializatua izateak hainbat anekdota utzi dizkio, denborak aurrera egin ahala umore puntu batez oroitzen dituenak.
Eskolan, ordea, ez zuen batere bide xamurrik izan. Hilekoa jaitsi eta gorputza aldatzearekin batera egin zion alde igerilekura eta hondartzara joateko gogoak. Eskolan «denetarik» deitzen zioten eta Piñeirok berak aitortu duenez, berak erantzun egiten zuen: «Iraina zetorrenean bueltan zartakoa joaten zitzaien». Horrela, ikasteari utzi eta 15 urterekin hasi zen lanean.
Ez zeukan erreferenterik, hemen edo han ikusita zeuzkan pertsona trans guztiak prostituzioan aritzen ziren, baina argi zeukan gizona zela eta munduak hala ikusi zezan bularrak bendaz lotzen hasi zen, eta gutxi hitz egiten, ahots finak salatu ez zezan.
Ares Piñeiro: «Ez nuen orgasmorik behin ere izan 33 urte bete arte, ez nuen inork ukitzerik nahi, ezta nik neuk ere»
Minez oroitzen du maitemindu zen lehen aldia, 18 urterekin. Horrenbeste arbuiatzen zuen bere gorputza non ez baitzion bikoteari ukitzen uzten. Izan ere, bere genero adierazpena ezkutuan eta erreferenterik gabe bizi beharrak erabat baldintzatu dio sexualitatea: «Ez nuen orgasmorik behin ere izan 33 urte bete arte, ez nuen inork ukitzerik nahi, ezta nik neuk ere».
31 urterekin esan zuen etxean trantsizioa hasi behar zuela, tratamendua abiatu eta ebakuntza eginda. Aitortza egin die Piñeirok gurasoei, 80 urteen bueltan eta katolikoak izanda uneoro bere ondoan egon izan direlako, eta duela gutxi joan zaion aita oroitu nahi izan du: «Kontatu nienetik, inoiz ez zidan lehengo izenaz deitu, behin ere ez zen erratu».
Nori begiratu izatea
Piñeiro baino 15 urte beranduago jaio zen Ruiz, baina haren bidea ere ez da batere xamurra izan. Berak ere erreferente falta azpimarratu du eta Roberta Marrero artista aipatu du, «lehenengoz izan nintekeen emakumea imajinatzeko aukera» ikusi baitzuen berarengan.
Gogoan du beti izan zela «arraroa» eta hori izan zuela hala moduzko babesleku, mutilei zegokiena gogoko ez bazuen ere, «intelektual plantak» egiten baitzituen. Ezin hobeto oroitzen du, halaber, lehen erasoa, ikaskide batek neskatoekin jolasean ibiltzeagatik iseka egin zionekoa. Orduan ikusi zuen disimulatu behar zuela.
Azaldu du pop kulturak ez zuela laguntzen, «erabat transfoboa» baitzen. Horrela, ez zen gai gertatzen zitzaion hori identifikatzeko, nahiz eta jakin bazekien zerbait jazotzen zitzaiola.
Kontatu du lehen aldiz neska arropa jartzeko aukera izan zuenean ikusi zuela bere burua ispiluan islatuta, eta inori kontatu ez bazion ere, nerabezaroan noizbehinka egiten zuela, «nintzen hura ikusteko».
Piñeirori gertatu bezala, Ruizi ere harreman afektibo-sexualetan eragin dio ezkutuan eta aitortzarik gabe bizi izanak: «Nire lehen esperientziak gizon zisei ni erabiltzen uztean oinarritu ziren, trukean emakume gisa tratatu nintzaten». Arrastoa utzi dio horrek eta datozen belaunaldiei horrelakorik ez gertatzeko jarraitu beharreko bidea ezin argiago markatu du. «Denon ardura da erreferenteak eskuragarri jartzea», baieztatu du.
Elsa Ruiz: «Nire lehen esperientziak gizon zisei ni erabiltzen uztean oinarritu ziren, trukean emakume gisa tratatu nintzaten»
Iturralde nabarmen gazteagoa da, nahiz eta kontatu dituen pasadizoetako batzuek beste aroren batekoak diruditen. Hala nola, tutore batek psikologora joatea gomendatu zion neskak gustatzen zitzaizkiola jakin zuenean, «hori konpontzeko».
Agerian gertatu da bertsolaria dela eta zuzen eta zorrotz mintzatu da, bizipen gogorrak estilo ezin finagoan josita. Batxilergoko bigarren mailan ulertu zuen mutila zela eta ordura arte neska gisa sozializatu izanak ikuspegi interesgarria eman dio: «Tonta banintz bezala tratatua izatetik autoez, ehizaz, obretaz.... baneki bezala tratatua izatera pasatu naiz». Ez zen gai izan gertatzen zitzaion hori identifikatzeko Andaluziako mutil trans baten testigantza entzun eta zerbaitek klik egin zion arte.
Ausarta, ezinbestean
Adierazi du 2014an Ekai gazteak bere buruaz beste egin zuenean erabaki zuela ez zuela amore emango, ez zuela suizidatzen diren eta hiltzen dituzten pertsona transen zerrenda beltzean beste izen bat gehiago izango; ez desagertzeko, ausarta izateko hautua egin zuen.
Eder Iturralde: «Gutxiengoaren gutxiengoa izateak bertigoa ematen du»
Ordutik, hainbat oztopori egin die aurre. Tartean, bi urte behar izan ditu NANean izena eta generoa aldatu ahal izateko, nahiz eta aldaketak berak argudio paregabea eskaini dion beste arlo batzuetarako: «Esaten didatenean española naizela NANean jartzen duelako, gogorarazten diet emakumea nintzela eta beste izen bat neukala ere jartzen zuela, baina aldatu dugula». Izan ere, transa da Euskal Herrian, eta ez da garrantzirik gabeko datua: «Gutxiengoaren gutxiengoa izateak bertigoa ematen du».
Beste traba bat, hormonek mesede egiten ez ziotela eta haiek utzi zituenean, trantsizioan atzera egiten duten pertsona multzoan sartu nahi izan zutenean: «Gizona nahiz, hormonak hartu zein ez». Autodeterminazioaren aldeko aldarriarekin amaitu du hitz hartzea: «Bihotzena, gorputzena eta herriena».
Parte hartu duen nerabeetan nagusiena mutila da, eta ez du gogoan besterik izan denik. Izan ere, 5 urte zituela ikusarazi zien gurasoei mutikoa zela, eta ordutik horrela tratatu izan dute arlo guztietan. Zehaztu du ez duela isilpean mantentzen transa dela, baina ez duela zisak eta heterosexualak diren pertsonek emango ez luketen azalpenik ematen.
Ikasi du, beste aukerarik ez duelako, disimulatzen eta bere burua agerian ez uzten, ezer baino gehiago, gainontzeko mutilak bezala tratatu dezaten nahi duelako.
Antzeko bizipena da hitza hartu duen nerabe gazteenaren kasua. Neskatoa da eta gogoratzen du gurasoak ohartu zirenekoa, baita jendarteari azaldu behar izana ere. Gogoan du beti gizartean neskei esleitzen zaizkien jardueretan ibili izan dela gusturago, eta neskekin identifikatu dela, baina 7 urte zituela egin zuen trantsizioa.
Azaldu duenez, oro har ez du arazorik izan, baina argi dauka transa izateko ausarta izan beharra dagoela: «Jende bati aurre egin behar diozu, ematen du denak direla kaltegabeak, baina ez da horrela». Halaber, gaztea izanagatik ere argi dauka LGTBIQ+ kolektiboa «anormaltzat» jotzen duten horiek direla, hain zuzen, normalak ez direnak.

Mujica hizo gala de ser «un poco vasco» y cumplió su deseo de visitar el país de sus ancestros

Fermin Muguruzak Anoetan eskainiko duen kontzertuko ordutegiak iragarri ditu

Erreakzio soka luzea eragin du Pepe Mujicaren heriotzak, baita Euskal Herrian ere

Vamo arriba, Pepe
