Nerea Lauzirika
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Trans auziaz aktibismotik eta ikuspuntu zientifikotik, «atzerarapauso larriekin» kezkatuta

‘I. Nazioarteko Biltzarra: haur eta gazte transexualitatea’ egiten ari da Bilboko Bizkaia Aretoan. Hainbat aditu elkartu ditu Naizenek, tartean, Josebe Iturrioz ekintzaile transfeminista eta Joserra Landa sexologoa. Elkarteak jendartean ematen ari diren «atzerapauso larriaz» ohartarazi du.

Josebe Iturrioz izan da gaurko hizlarietako bat.
Josebe Iturrioz izan da gaurko hizlarietako bat. (NAIZEN)

Lehendabizikoz nazioarteko biltzarra antolatu du Naizenek, Adingabe Transexualen Familien Elkarteak, haur eta gazte transexualitateari buruz. Astelehen eta asteartea bitarte hainbat aditu eta ekintzaile entzuteko parada izaten ari da EHUren Bizkaia Aretoan, Bilbon. Bea Sever elkartearen eledunak ireki du biltzarra eta jarraian Imanol Pradales lehendakariak hartu dio lekukoa. Ostean, Aingeru Mayor EHUko irakasle eta Naizeneko sortzaileak biltzarraren leloa azaldu du: ‘Ulertu, lagundu ahal izateko’.

Mayorrek azpimarratu du duela 15 urte transexualitatea «ikusezina eta pentsaezina» zela eta uste du gaur egun transak diren umeak «haurtzaroa genero identitatea errespetatuta bizitzen ari diren» lehen belaunaldia direla. Halaber, azaldu du haurren identitatea ez onartzeak haiengan «tristura, depresioa eta hiltzeko nahia» sortzen dituela.

Tarte batez baikortasuna alde batera utzita, kezka agertu du Mayorrek, Naizen elkartearen aburuz «atzerapauso larriak» ematen ari baitira, «eskubideen ukapena» eta gorroto delituen eta eskola jazarpenaren gorakada dakartenak.

Irekiera hitz hartzeen ondoren abiatu da biltzarra, hainbat aditu mahai-inguruan batu dituen ‘Zer dakigu haur eta gazte transexualitateari buruz?’ saioarekin. Jon Arcelusek, osasun mentalean aditua; Jiska Ristorik, psikologoa; eta Annelou de Vriesek, haur eta gazte psikiatra, hartu dute parte solasaldian, Aitzole Araneta sexologo eta ekintzaile transfeministaren gidaritzapean.

Atsedenaldia eta gero ‘Aniztasuna transexualitatearen gaineko begiradetan’ saioan hizlari aritu dira Josebe Iturrioz irakasle eta ekintzaile transfeminista eta Joserra Landa sexologo eta terapeuta, oraingoan ere Araneta aurkezpen lanetan aritu delarik. Nork bere arlotik heldu dio trans aferari, batzuetan osagarriak eta besteetan kontrajarriak ziren irakurketak mahai gainean jarrita.

Iturriozek horrelako plazak arrotz egiten zaizkiola azalduta hasi du hizketaldia. Izan ere, adierazi du «aztertua izateko beldurra» pizten zaiola, sarritan ikerketa objektu bailitzan tratatzen baitituzte trans pertsonak espazio akademikoetan. Hainbat definizio atxiki dizkio ‘trans’ kontzeptuari, konplexuak guztiak, baina, denak ala denak, egitate bat azpimarratzen zutenak: gizarteak esleitutako genero arauari uko egiten dioten pertsonak dira. Ekintzailearen aburuz, generoak ez dauka zerikusirik «gorputzaren izaera naturalarekin», baizik eta «sistema heterozentratu, zis eta kapitalistarekin», ezinbesteko oinarria baitu: «Transa erro hori apurtzea da».

Auziari ikuspuntu kliniko batetik heltzeari uko eginda, adierazi du «gizon eta emakume identitateak naturalizatzeari» utzi eta binarismoa problematizatu behar dela. Halaber, azaldu du genero identitatea eta orientazio sexuala elkar lotuta daudela, bigarrenak lehenaren eraikuntzan garrantzi handia baitu.

Era berean, trans pertsonak ikerketa objektu bezala tratatzeari uztea ezinbestekotzat jo du, uste baitu generoa bere horretan aztertu beharra dagoela, pertsona oro jazartzen duelako, ez soilik transak direnak. Galdera bota dio aurrean zuen jende multzoari: «Transak al gara genero adierazpenarekin arazo bat daukagun bakarrak? Ba al dago baten bat gizon perfektu edo emakume perfektu sentitzen denik?».

Aliantza poliedrikoak

Askotariko taldeen elkarlanaren alde agertu da Iturrioz. Izan ere, uste du «datorrena terriblea» dela eta hori aurre egiteko familiak batzen dituzten elkarteak ez direla nahikoa: «Erakunde poliedrikoagoetan batu behar dugu».

Landaren txanda izan da ostean eta sexologia substantzialaren ikuspuntutik heldu dio gaiari, horretan baita aditua. Azaldu du, besteak beste, gizakiok izaki sexuatuak garela, ez soilik sexualak. Hots, adierazi du jendarteak klasifikatzen gaituela eta baita guk gure burua ere, eta ohikoak direla horien arteko talkak.

Identitatea osatzen du haien arteko interakzioak, adituaren arabera, eta prozesu horren baitan dago «jaioberriko alosexazio formala», obstetrek egiten dutena, hain zuzen ere. Halaber, hainbat ezinegon saihesteko modu gisa aurkeztu du alosexazio mota hori ez burokratizatzea.

Landak azaldu duenez, alosexazio mota horrekin elkar eraginean daude beste sexazio era batzuk ere, hala nola, autosexuazioa (nork bere buruari egiten diona) eta ego-sexuazioa (jaio aurretik egiten zaiguna).

Halaber, baikor agertu da aditua. Izan ere, hainbat hamarkada daramatza trans pertsonekin lanean eta bilakaera igarri du haien bizi kalitatean. Bereziki, erreferente kopuruan identifikatu du desberdintasuna: «Lehen trans pertsona batek normalean ez zuen bera bezalako beste bat ezagutzen eta gaur egun ikusten egon badaudela, eta askotarikoak».

«Berreraikitzea», erronka gisa

Imanol Pradales EAEko lehendakariak Biltzarraren irekieran adierazi duenez, «ikuspegi erredukzionistak gainditu eta pertsona bakoitzak den hori izateko eskubide osoa bermatu» behar da. «Mutila zara zakila duzulako. Neska zara bulba duzulako. Hori esaten zidan gizartean jaio nintzen», azaldu du lehendakariak, «baina, ikusi dugunez, mundua ikusteko modu erredukzionista hori erabat okerra zen». Gaineratu du gehiengoak jaso duen heziketa hori, «hautatua» izan ez dena, «berreraikitzea» norberaren esku dagoela.

«Gizarteak huts egingo du ez bagara gai pertsona bakoitzak den hori beldurrik eta oztoporik gabe izateko duen eskubidea bermatzeko», baieztatu du Pradalesek. Jendartearen ardurari egin dio erreferentzia: «Gizarteak huts egingo du haur edo nerabe orok ez badu bere komunitatearen babes eta maitasunarekin askatasunean garatzea lortzen”.

Naizen elkarteak duela hamar urtetik haur eta nerabe transexualen eta haien familien eskubideen alde egiten duen lana goraipatu du Pradalesek, eta nabarmendu du biltzarra «funtsezko espazioa» dela, entzuteko eta ikasteko.

Era berean, trans pertsonei arreta integrala emateko eta trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko Lege berria eraginkortasunez aplikatzeko Lakuako Gobernuaren konpromisoa berretsi du.

Lehen mailako arreta

Osakidetzaren lana ere nabarmendu du Pradalesek, trans auziari ikuspuntu kliniko batetik helduta. Azpimarratu du Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean Genero Identitate Unitatea dagoela, 1.300 pertsona baino gehiago artatu dituena 2011n sortu zenetik. Ildo horretatik, iragarri du aurten Trans Pertsonentzako Lehen Mailako Arretako Zerbitzu berriak jarriko direla martxan, hots, ospitalez kanpoko unitateak, lurralde-mailakoak, eta genero-aniztasunean espezializatutako psikologiako profesionalek osatutakoak.

Halaber, Naizeni elkarlana eskertu dio, batera pertsona transexualak artatzeko osasun-gida berria osatzen ari direla jakitera ematearekin batera. Azkenik, lehendakariak azpimarratu du oraindik asko dagoela egiteko:, «gizartearen sentsibilizazioa, lanbide-heziketa eta osasun-protokoloak hobetzea», besteak beste. «Haur eta nerabe orok du askatasunean hazteko eskubide osoa, komunitatearen maitasun eta babesarekin. Ez dugu atzerapausorik emango. Gure konpromiso osoa duzue», adierazi du Pradalesek.

Asteartean jarraituko du Naizenek antolatutako biltzarrak. Landuko dituzten gaien artean daude, hala nola, eskoletan ume transak artatzeko modua eta ez-bitartasuna. Halaber, hainbat pertsona transen testigantzak entzuteko aukera izango da, baita senideenak ere.