Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Old Trafford-eko inflexio puntua

Athleticek 2012an jokatu zuen Europa Leagueko azken finala. Ibilbide gogoangarria egin zuen Bielsaren taldeak –Cabacasen heriotzak ere gogor markatu zuen– eta Old Traffordeko partida inflexio puntua izan zen. Ameskeria izatetik, errealitate bilakatu zen nazioartean balentria bat egiteko aukera.

Balentrien bidez eraikitzen dira oroitzapenak. Horiek dira motor, albogertakarien neurgailu. 2012ko Old Traffordeko partida «inflexio puntua izan zen Athleticentzat», esan du Xabier Fernandezek, Athleticeko prentsa arduraduna izandakoak. «Hain polita izan zen dena... Beraiek aurreratu ziren markagailuan, gero guk irauli egin genuen...».

Hamahiru urte geroago, eszenatoki berera bisita egingo du, beste egoera batean, joaneko partidako emaitzarekin apur bat apalduta, baina beste balentria bat lortzeko itxaropen ñimiño batekin. «Lau mila zale inguru egongo gara, ilusio berarekin, baina nahita ez kontziente gara zailtasun handiagoa dagoela», esan du Fernandezek. Ez dira 2012an bidaiatu zuten 8.000k baina ez da zifra makala, kontuan hartuta joaneko partidan, San Mamesen, 0-3ko emaitza aldrebesa jaso zutela eta Williams anaiak zein Oihan Sancet ez direla deialdian sartu.

Denboraldi hasieratik, sentsazioek ere hala errespetatuta, bizkaitarrek jomugan izan dute Europa Leagueko finala, San Mames egoitza izanik. Begien artean izan dute eta, akaso, presioak ere izan du bere eragina. Fernandezek oroitarazi du 2011-2012 denboraldian Europan urratutako bidea pausoz pauso egiten joan zirela eta Manchesterren irabazitako demak kontzeptu aldaketa bat ekarri zuela. «Inork ez zeukan jomugan finalera iristea. Jendea oso erlaxatuta zegoen, hirian ez zegoen presiorik», gogorarazi du.

Iturraspe eta Susaeta, Old Trafford-eko garaipenaz gozatzen. (Paul ELLIS/AFP)

Hain zen hala, ezen kanporaketako zozketan jendeak Manchester United egokitzea nahi baitzuen -beste hautagaia Ajax zen-, nahiz eta aurkari gogorra izan. Txapeldunen Ligatik jaitsi ziren deabru gorriak, multzoen fasean hirugarren geratu baitziren, Benfica eta Basilearen atzetik. «Behartuta iritsi ziren Europa Leaguera». Ferguson entrenatzaile, Giggs kapitain eta Rooney figura gisa, izarrez beteriko taldea zen ManU eta Old Trafforden jokatzeko ametsa errealitate bihurtzeko ilusioa zen zuri-gorrien motorra.

Manchesterren gainbehera ongi etorri zitzaion talde bizkaitarrari, Europa League jokatzeko ezustekoarekin, 8.000 sarrera eskaini baitzizkion Ibaiganeko klubari. Ez zuen asmatu horretan, ez zuen ondo neurtu zale zuri-gorrien babesak duen indarra. Galtzeko ezertxo ere ez eta irabazteko asko zuela iritsi zen Athletic, 8.000 zaleren babes estuarekin. «Athletic, Athletic» etengabeko oihuek girotu zuten deabru gorrien etxea.

Zaleak, Manchesterren aurkako itzulerako partidan. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Presiorik ez izanagatik ere, Bielsaren exijentziak ez ziren txikitu: «Goizez Manchesterreko instalazioetan entrenatu ziren eta arratsaldez, Old Trafforden. Bielsari bost axola zitzaion hurrengo egunean partida edukitzea, bezperan saio bikoitza egin zuen». Argentinarrak talde lehiakorra eraiki zuen, historia egin zuen -aste batzuk beranduago Kopako finala ere jokatu baitzuten-. «Jendea pozik zegoen, ilusioa zegoen, mundu guztia edozertarako prest zegoen, abentura berri bat abiatzear zegoen», kontatu du Fernandezek

De Marcosen tristura

Wayne Rooney-k egindako lehen gola irauli zuten bizkaitarrek, Fernando Llorente, Oscar De Marcos eta Iker Muniainen bitartez. Old Traffordeko garaipenak «alaitasuna eta tristura» ekarri zituela azpimarratu du Fernandezek: «1-3 irabazten gindoazen eta penaltiz sartu zuten 2-3koa. Gol horrekin saminduta agertu zen De Marcos, berak egin baitzuen penaltia –eskuarekin alboratu zuen erdiraketa bat–. Burumakur agertu zen eta taldekideek behin eta berriz esan zioten emaitza ona izan zela, Old Trafforden irabaztea balentria handia zela».

Hain zuzen ere, arabarra protagonista handia izan zen Manchesterren aurkako kanporaketan, joaneko partidan ez ezik, San Mamesen gol erabakigarria sartu baitzuen. Inflexio puntuan bere zigilua utzi zuen Oscarrek eta, hamahiru urte beranduago, ordutik taldean jarraitzen duen jokalari bakarra da. Aro bat amaituko da aurten, botak zintzilikatzen dituenean. Azken dantza egin gabe dauka oraindik eta bere kemena igarriko da deabru gorrien etxean ere. 0-3ko jipoia jaso ostean, kanporaketa iraultzeko aldarria altxatzen lehena izan zen De Marcos.

De Marcos, Manchesterren aurkako gola ospatzen, San Mamesen. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Valverderen konfiantzazko gizona da Guardiakoa eta, alde horretatik, Xabier Fernandezek antzekotasunak ikusten ditu Txingurri eta Bielsaren artean. Biek «miresten» dute arabarra, bere futbolerako gaitasunetik harago, eta biek eraiki dute proiektua konfiantzazko jokalarien artean. Ez dira errotazioen zale, «14-15 jokalariko multzoari ahalik eta zuku gehien ateratzen dioten entrenatzaileak dira». Iraizoz, Iraola, San Jose, Javi Martinez, Aurtenetxe, Iturraspe, Herrera, Muniain, De Marcos, Susaeta, Llorente zen errekonozitzeko moduko hamaikakoa. «Aurten [Valverdek] apur bat gehiago sakondu du errotazioen bidean baina, halere, Athleticen jokatzeko modua oso fisikoa denez, horrek ere zailtzen du maiatza alderako sasoiz iristea», esan du Fernandezek.

Emozio handiko ibilbidea

Indarrez ere justu iritsi zen Bielsaren taldea Bukaresteko finalera, Atletico Madrilen aurkakora. Lisboako Sporting-en kontrako kanporaketa gainditu ostean, Fernandezek gogoratzen du finalean zein aurkari nahiago zuten baloratzen hasi zirela. «Saihetsezina da horrelakoetan pentsatzea. Kasu horretan, Valentzia edo Atletico Madrilen artean, pentsatzen genuen Unai Emeryk –Valentziako teknikariak– gaitasun handiagoa zeukala Bielsaren jokamoldea neutralizatzeko eta, beraz, talde koltxoneroaren aurka nahi genuen finala. Txiripaz sailkatu ziren, ez ziren faboritoak eta begira gero...». 3-0 galdu zuen Athleticek.

Muniain, Schalkeren aurkako kanporaketan. (Jon HERNAEZ/FOKU)

Finalean «emozio handia» izan zela gogoratzen du Fernandezek eta, edozein abenturatan, egindako ibilbidea izaten dela gogoangarriena. Manchesterren abiatu zen orduko abentura; aurten, Manchester azken geltokia izan daiteke. Bi ibilbideetan, halere, izen handiko aurkariak izan dira Athleticen biktima. Aurten, edizio berria estreinatuz, multzoen fasean sei garaipen eskuratu ditu, eta Erroma eta Glasgow kanporatu.

ManU, Schalke eta Lisboako Sporting-en aurka urratu zuen bidea 2012an, tartean Iñigo Cabacasek bizia galdu zuela, Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz. Emozio handiko ibilbidea belztu zuen gertakariak. Inflexio puntuan samina iratzarri zen, final historiko hura lortzeko motor izan zena. Old Trafforden hasi zen guztia, historiako lehen garaipenarekin. Gaur, akaso, bigarrena etor liteke. «Manchesterreko bat kanporatuz gero, lehen erasoaldian gola sartuz gero... urduritasuna piztu daiteke. Sekula ez dakizu zer gerta daitekeen», esan du Fernandezek. Zer litzateke futbola itxaropenik gabe? Badaezpada, zale zuri-gorriek erreserbatua daukate finalerako bidaia, Barik txartela diruz ongi kargatuta.