
Xabier Etxeberria Mauleonek irabazi du 2025eko Eusko Ikaskuntza–Laboral Kutxa Saria, 1995az geroztik humanitateen, kulturaren, arteen eta gizarte-zientzien alorretako curriculumik onenak bereizten dituena. Sariduna aukeratzeko zereginetan, bi erakunde antolatzaileekin batera, Eusko Ikaskuntzaren geografia-eremuko zazpi unibertsitateetako eta Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko ordezkariek hartzen dute parte.
Arroitzen jaio zen Xabier Etxeberria, 1944an. Filosofian doktorea eta katedradun emeritua da Deustuko Unibertsitatean. Irakasle-ibilbidean, arlo hauek landu ditu: Etika Filosofikoa, Lanbide Juridikoen Etika, Antropologiaren Etika eta Gizarte Lanaren Etika. Ibilbide luze, emankor eta sakoneko pentsalari eta ekintzaile soziala izanik, identitate kolektiboak etikaren eta giza eskubideen ikuspegitik ulertzeko ahaleginen emaitza dira haren gogoeta asko eta irakaskuntza- eta dibulgazio-lana.
Nabarmena izan da Pedro Arrupe Institutuaren bidez Latinoamerikako herri indigenen giza eskubideen alde egin duen lana. Bakearen eta indarkeriarik ezaren aldeko militantea izan da gaztetatik, eta gogotsu aritu da Euskal Herriko indarkeriaren biktimen bidegabeko sufrimenduaren aitortzan oinarritutako elkarrizketa eta adiskidetza sustatzen. Konpromiso horrek bultzaturik, Euskal Herriko Bakearen Aldeko Koordinakundean eta Bakeaz – Bakeari buruzko Dokumentazio eta Ikerkuntzarako Zentroan hartu du parte; hain zuzen ere, zentro horretako hezkuntzaren arloko arduraduna izan da.
Era berean, partaidetza aktiboa izan du biktimen testigantza entzuteko programan, «Adi-Adian hezkuntza-moduluaren» bidez —lehen Biktima Hezitzaileak—, baita Lakuako Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren «Topaketa Errestauratiboen» programan ere.
Etxeberriak buru-belarri jardun duen hirugarren gizarte-taldea adimen- eta garapen desgaitasuna duten pertsonena da. Horien eta horien familien eskubideen inguruko laguntza, aholkularitza eta ikerketa bultzatzeko sortu zen ‘Plena Inclusión’ mugimendua, eta, Etxeberria erabat inplikaturik dago bertan.
Eusko Ikaskuntza–Laboral Kutxa Sariaren epaimahaiaren aburuz, bi arrazoi daude sarituaren curriculuma nabarmentzeko: batetik, gizarte plural eta, askotan, gatazkatsuen arazo etikoei heltzeko gogoeta-sakontasuna, zorroztasun intelektuala eta kalitate morala; eta, bestetik, justizia sozialaren, giza eskubideen eta pertsona kalteberen (komunitate baztertuen edo gutxiengo desgaituen) bizi-baldintzen aldeko konpromiso zibikoa, hurbilketa teorikoetan zein balio ukaezina duten ekimen praktikoetan islatu dena.
Gazte sariak
Eusko Ikaskuntza–Laboral Kutxa Gazte Sariak osatu du 2025eko edizioaren palmaresa. Sari horrek 35 urtetik beherako gazteek humanitateen, kulturaren, arteen edo gizarte-zientzien alorretan egindako sorkuntza- eta ikerketa-lanak babesten ditu 2019az geroztik.
Joan den apirilean jakinarazi zutenez, aurtengo irabazlea Jon Esnaola Agirre konpositore tolosarra izan da, LUUR, Néstor Basterretxearen oroimenez izeneko musika-proiektuagatik. Bi sariak emateko ekitaldirako data zehazteke dago oraindik.

Mujica hizo gala de ser «un poco vasco» y cumplió su deseo de visitar el país de sus ancestros

Fermin Muguruzak Anoetan eskainiko duen kontzertuko ordutegiak iragarri ditu

Erreakzio soka luzea eragin du Pepe Mujicaren heriotzak, baita Euskal Herrian ere

Vamo arriba, Pepe
