NAIZ

‘¿Fumas?’, ‘Destiny Driver’ eta ‘Hil da Jainkosa’, Antzerki Arinaren indarraren adibide

Komedia generoa suertatu da irabazle Bilboko Zorrotzaurreko Pabiloi 6ko egungo egoitzan ospatuko diren azken Antzerki Arinen Jardunaldietan: ‘¿Fumas?’ lanak Alex Angulo saria irabazi du; eta ‘Destiny Driver’ eta ‘Hil da Jainkosa’ lanek euskarazko Kriselu saria jaso dute ex aequo.

Jardunaldietan saritutakoek, igandean egin zen emanaldian.
Jardunaldietan saritutakoek, igandean egin zen emanaldian. (PABILOI 6)

Gutxienez, 10 minutu; gehienez 15-20 minutuko luzera behar dute izan Bilboko Pabiloi 6ko Antzerki Arinen Jardunaldietara aurkezten diren lanek. Denak gure antzerki zirkuituetan antzezteko pentsatuta daude; batzuk neurri laburrean, gehienak ordubeteko emanaldien ohiko neurriei egokituta.

Aurten jardunaldi beterano hauen 12. edizioa burutu da, sekula baino ikusle gehiago bildu dituena, Ramon Barea antzerkigile eta aktorearen hitzetan. 12. hau edizio berezia izan, gainera, Zorrotzaurreko irlan kokatuta dagoen Pabiloi 6ko antzokiarentzat, urte bukaeran eraikin berriaren lanek hasiko baititu Bilboko Udalak. Proiektuak 4.153.305 euroko aurrekontua izango du, eta Pabiloi 6 antzoki zaharraren kudeaketa eredu bera izango du: Udalarena izango da antzoki berria ere, eta Pabiloi 6 Arte Eszenikoen Sortzaile Elkarteak eta haren Gazte Konpainiak kudeatuko dute, orain artekoa bezala. 

Apirilaren 11an hasita, lau asteburuetan zehar, 16 antzezlan estreinatu dira (12 gaztelaniaz eta 4 euskaraz) eta azken asteburuan hiru pieza gonbidatuen emanaldiak eta sari banaketa ekitaldia egin da. Epaimahaia honako hauek osatu dute: Amaia Ereñaga, GARA eta NAIZeko kultura saileko kazetaria; Unai Garcia Amaro, magoa, antzerkigilea eta Pabiloi 6eko bazkidea; Sofia Zallio, aktorea; Gaizka Chamizo, aktorea; eta Irene Bau, aktorea eta Pabiloi 6eko talde kidea.

Epaimahaiak ez du lan erraza izan «lanen kalitatea nabarmena izan delako eta, hau bereziki pozgarria da –azpimarratu nahi izan dute–, euskarazko ekoizpenen kalitatea deigarria izan delako». 

Euskarazko lan onenaren irabazleak. (PABILOI 6)

 

‘Destiny driver’ eta ‘Hil da Jainkosa’ lanek jaso dute euskarazko lan onenaren Kriselu saria (3.000 euro, Bizkaiko Aldundiko Kultura Sailak emana), «heriotza, gizakion arteko erlazioak eta iragana bezalako gai sakonak umorearekin lantzeko izan duten gaitasunarengatik». Era berean, «aktoreen lan fina eta euskararen erabilera bizia, modernoa eta konplexurik gabekoa» azpimarratu nahi izan du epaimahaiak.

Markos Goikolea da ‘Destiny Driver’ lanaren egilea, eta Olatz Ganboak egin ditu zuzendari lanak. Ugaitz Alegria eta Getari Etxegarai ditu protagonista komedia futurista bezala defini daitekeen lan hau: «Bi pertsonen arteko zita batean gaude XXII. mendean. Gizartean gero eta zabalduago dagoen Destiny Driver izeneko software batek erabiltzaileari erabakiak hartzea errazten dio: begiak ixterakoan, hartzen den erabakiaren arabera bi etorkizun posible ikusteko aukera emanez», hau abiapuntua.

Ainhoa Etxebarriak idatzi du eta Nerea Gartziarekin batera antzeztu eta zuzendu du ‘Hil da jainkosa’ dibertigarria. Lea-Artibaiko euskalki bizian antzeztuta, ‘hileta’ bitxi batean murgiltzen gaitu. «Barre eta hausnarketa artean, bi emakumeek tradizioak zalantzan jartzen dituzte eta, azkenean, gure ondarearekin gehiegi obsesionatuta ote gauden galdetzen diote haien buruari. Eta galdera handia airean geratzen da: Nolakoa izan behar da hileta perfektua?», abiapuntua. 

Bi zupaden artean, umorea

Gaztelaniazko ikuskizun onenaren Alex Angulo saria (3.000 euro, Bilboko Udalak emana) ‘¿Fumas?’-entzat izan da, «antzerki laburraren esentzia taxuz islatzeagatik» eta «zigarroaren zupada batetik beste zupadaren bitartean, goizaldean ikusleei barrea eragiteagatik». Ander Lacallek idatzi eta zuzendu du thriller-a usaina duen komedia dotore honek.

‘¿Fumas?’ antzezlaneko taldea, Alex Angulo saria jasotzen. (PABILOI 6)

 

Epaimahaiak Beste bi aipamen berezi egin ditu: bat, Ixo Teatroaren ‘Herio’-ri –hitzik gabe, eta keinuen bidezko antzerkia eta umorea erabilita, suizidioa bezalako gai latza landu du–; bestea Josu Angulo Anthonisenen ‘Una gaviota, quizás’. «Testuaren kalitatea eta goxotasuna, eta aktoreen lana» azpimarratu nahi izan du epaimahaiak. Hain zuzen ere, Anjel Oregi aktoreak Interpretazio sari bat jaso du lan honegatik.

Eman diren beste Interpretazio sariak: Aitor Echartek eta Eneritz Garcia Alonsok ‘La profundidad’ lanagatik –bertso klasikoak eta reggatoia nahasten duen lan bitxia–, eta Eider Villalba Arrietak ‘Zazpi urte eta erdi’ txundigarrian egindako lanagatik.

Publikoaren Sariari dagokionez, eta 1.579 bozka txartel jaso ostean, Lander Otaolak idatzitako ‘Bilbao, 2035’ lanarentzat izan da, Asier Hormaza eta Lander Otaola bera ditu protagonista, zuzendari lanetan Ramon Ibarra aritu da eta Bilboko iragana eta etorkizuna parez pare jartzen ditu lan hunkigarri batean.