Iñaki  Soto
GARAko Zuzendaria / Director de GARA

Bizitza eta pentsamendu iraultzaile bat marrazteko tinta eta irudiak

Jose ‘Pepe’ Mujica iraultzaile uruguaitarraren pentsamenduan eta biografian oinarrituta liburu, film, dokumental eta artelan andana argitaratu dira. Artikulu honetan xehetzen ditugu lan nabarmenenak.

Pepe Mujica, Emir Kusturicaren ‘El Pepe, una vida suprema’ dokumentalerako elkarrizketa grabatzen.
Pepe Mujica, Emir Kusturicaren ‘El Pepe, una vida suprema’ dokumentalerako elkarrizketa grabatzen. (Pablo PORCIUNCULA | AFP)

Pepe Mujicaren bizitzak, baita bizitzari eta politikari buruz izan duen ikuspegiak ere, oihartzun handia izan du kulturan. Horren erakusgarri dira iraultzaile uruguaitarraren pentsamenduan eta biografian oinarrituta sortu diren liburuak, filmak, dokumentalak, komikiak eta bestelako artelanak.

Bere azken testigantzetako bat ‘Semillas al viento’ liburua da. GARAk argitaratu zuen eta Mario Mazzeo eta Carlos Martell burkideek Montevideo kanpoaldeko chacra ospetsuan Mujicarekin izandako elkarrizketetan oinarritzen da. Pandemiaren ondoren idatzia, liburua begirada sakon bat da giza naturari eta ezkerraren proiektu politikoari. «Etorkizunari, belaunaldi berriei begiratzen zien liburua izateko baldintzarekin onartu zuen», azpimarratzen zuten egileek. Gainera, Arnaldo Otegiren hitzaurrea du. Aurretik GARAk ‘Mujica, La biografía de un revolucionario’ liburua argitaratu zuen, Miguel Ángel Campodónicorena.

Era berean, Mujicaren ibilbidea ezagutu nahi dutenek Mauricio Rosencof eta Eleuterio Fernández Huidobroren ‘Memorias del calabozo’ irakurri behar dute, halabeharrez. Idazlanak egileen gatibualdia kontatzen du, Mujica eta beste hainbat kide tupamaroekin batera Uruguayko diktaduraren gatibuak izan ziren militanteen istorioa, hain zuzen ere. Tortura, bakardadea, eromena, elkartasuna, borroka... Latinoamerikako diktaduren gertakari beldurgarrienetako bati buruzko maisulan honetan, gai horiek pultsu literario eta gizatiar paregabearekin azaltzen dira. Txalapartaren edizioan, adibidez, hitzaurrea Eduardo Galeanorena da.

Liburu honen bertsio zinematografikoaren izenburua ‘La noche de 12 años’ izan zen eta Álvaro Brechnerrek zuzendu zuen. Bertan, Antonio de la Torrek Pepe Mujicaren papera antzezten du. Veneziako jaialdietan eta Zinemaldian aurkeztu ondoren, Biarritzeko Zinemaldiko Publikoaren Saria jaso zuen, besteak beste.

Mujicarekin egindako elkarrizketetan oinarritutako hainbat dokumental daude, hala nola Pablo Troboren ‘Los sueños de Pepe’ edo Emir Kusturicaren ‘El Pepe, una vida suprema’. Horrez gain, elkarrizketa luze ugari ikus daitezke hainbat hedabidetan eta sareetan. Nola ez, hemen GARAri eman zion elkarrizketa aipatu behar dugu.

Saul Alvídrez Ruiz ekintzaile mexikarraren ‘Chomsky & Mujica. Sobreviviendo al siglo XXI’ dokumentalan oinarrituta liburua argitaratu du Debate argitaletxeak.

Azkenik, komiki batek bizitza berri bat eman dio Mujicari paperean. ‘Pepe Mujica y las flores de la guerrilla’ da, Matias Castro idazlearen eta Leo Trinidad marrazkilariaren eskutik biografia berezi bat erakusten duen lana.