NAIZ

Mikel Odriozolak ez du Gipuzkoa Basketeko entrenatzaile karguan jarraituko

Entrenatzaile donostiarrak beste urtebeterako kontratua zeukan, baina agurreko prentsaurrekoan Nacho Nuñez presidenteak eta Odriozolak esandakoaren arabera, «uko» egin dio «buruko nekea» dela-eta. Itziar Ariztimuñok ere ez du Gernikan jarraituko bederatzi denboraldi eta gero.

Mikel Odriozola, Gipuzkoa Basketekin zuzendu duen azken norgehiagokan.
Mikel Odriozola, Gipuzkoa Basketekin zuzendu duen azken norgehiagokan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Mikel Odriozolak ez du Gipuzkoa Basketeko entrenatzaile karguan jarraituko. Asteazken honetan azaldu dira Odriozola bera eta Nacho Nuñez GBCko presidentea entrenatzaile donostiarraren agurreko prentsaurrekoan.

Izatez, 2025/26 denboraldian Gipuzkoa Basketekin jarraitzeko kontratua zeukan Odriozolak, baina bai entrenatzaileak zeinek presidenteak biek azpimarratu dute uko egin diola hirugarren urte horri.

«Duela hiru urte laborategi baten ari nintzen lanean eta erabat ezustekoa izan da bi urte hauetan bizi izan dudan guztia. Esperientzia hauek guztiak pilatu izanaz oso pozik eta harro nago. Baina nekatuta ere banago. Hona iritsi nintzenean ez nengoen prest kargu honek suposatzen duen guztia eramateko eta asko lagundu dit kirol psikologo baten laguntzak zentzu horretan. Baina gorputzak denboraldi hau amaitu eta beste inguru ezberdin batera joateko eta moldatzeko eskatzen dit eta nahiago dut beraz zintzo jokatu», adierazi du.

Itxura denez, Mikel Odriozolaren etorkizuna ez dago Donostian, baina berak ere ez omen daki non eta nola. «Laborategia utzi eta hona etorri nintzenean penatan geratu nintzen sekula Donostiatik atera gabe geratu nintzelako. Eta orain egin dezaket, Donostiatik ateratzeko beharra sentitzen dudalako, baina ez dakit nola. Ez dut inorekin hitzegin eta ez dakit orduan entrenatzaile, edo entrenatzaile laguntzaile izango naizen, ikerketa mundura itzuliko ote naizen ala irakaskuntza mundura. Ez dakit zein izango den nire etorkizuna», azpimarratu du.

Hunkituta hitz egin du Odriozolak bere agurreko prentsaurrekoan. «Alor askotan jende gazteak oso aukera gutxi izaten ditu, kirol arloan esaterako eta zorteduna izan naiz zentzu horretan. Hiru urte hauetan gauzak oso azkar gertatu dira eta entrenatzaile izatea zer den ikasteko martxa hartzen joan naiz denbora honetan. Horrek esperientzia hau askoz intentsuago izatera eraman du. Horrek nekea sortzen du eta nik uste onena etapa hau ixtea eta beste bat irekitzea dela», laburbildu du.

Lolo Encinasen lekuan iritsi zen Donostiara Mikel Odriozola, 2023ko udan, Jose Luis Zubizarreta ‘Xubi’ kirol arduradunaren eskutik. Iraurgiko garaietatik elkar ezagutzen zuten ‘Xubik’ eta Odriozolak eta emaitzak ikusita, Odriozolaren gidaritzapean Gipuzkoa Basketeko Urrezko LEB Ligan –FEB Lehenengo Maila orain– lan ona egin du.

Bi denboraldietan ACB Ligara igotzeko final-laurdenetan sartu du bere hiriko taldea eta kanporaketa bietan Lauko finalera pasa ezinik geratu bada ere –Tizona Burgosen aurka 3-2 galdu zuen iaz eta Estudiantesen kontra 3-0 galdu du aurten–, talde lehiakorra osatu du beti.

«Gipuzkoarra da, gaztea da eta guretzat Gipuzkoa Basket zer den horren eredu da Mikel», azaldu du Nacho Nuñez presidenteak, «etorkizunera atea zabalik» laga dion bitartean.

Agur Itziar Ariztimuñori

Emakumeen Endesa Ligari dagokionez, Itziar Ariztimuñok ez du Lointek Gernika Bizkaia taldean jarraituko. Bederatzi urte eman ditu antolatzaile bilbotarrak Emakumeen Ligan Gernikako kamisetarekin 2016/17 denboraldian debuta egin zuenetik.

250 partida baino gehiago jokatu ditu Lointek Gernika Bizkaiarekin bederatzi denboralditan. Emakumezkoen Endesa Ligan, kanporaketetan, Kopan, Superkopan edota Eurocup Womenen ere. Azken hiru denboraldietan gernikarren kapitaina ere izan da eta, aldiz, uda honi begira 3x3 saskibaloi modalitatean ‘Bilbao Miners’ Bilbao Basketen 3x3ko emakumeen taldeko kide ere bada.

«Itziar Ariztimuñok beti erakutsi izan ditu Lointek Gernika Bizkaiaren balioak. Harrobiko gainontzeko jokalariei bidea erakutsi die eta erreferente izan da. Horregatik, eta askoz gehiagogatik, klubak eskerrak eman nahi dizkio bere konpromiso eta lanagatik eta onena opa dio bere etorkizunean, arlo pertsonalean zein profesionalean», azaldu du klub bizkaitarrak Ariztimuñoren agurreko prentsa oharrean.

Bestalde, IDK Euskotrenek Veronika Remenerova jokalari eslovakiarra fitxatu du. Paige Robinsonen ondotik, donostiarrek 2025/26 denboraldirako lotzen duten bigarren fitxaketa da, eta dagoeneko bost jokalari ditu Azu Muguruzak: aipatutako bi jokalariak eta Lara Gonzalez, Maria Eraunzetamurgil eta Roso Buch.

Remenerova hegal-pibot eslovakiarrak 28 urte ditu eta 1,86 neurtzen ditu. Eslovakiako selekzioan ere jokatzen du. Remenerovak Txekiar Errepublikako KP Brno taldean jokatu zuen 2021 urteraino. Bertan batez beste 9 puntu eta 5 errebote pilatu zituen. Hurrengo bi urtean Alemaniako bi taldetan jokatu zituen: Herner TC eta Rutronik Stars Keltern, hurrenez hurren, Brnon pilaturiko antzeko batez bestekoekin.

 

Horrek 2023/24 denboraldian Emakumeen Endesa Ligako Cadí la Seu taldean aritzeko atea ireki zion eta Herrialde Katalanetan urtebete eman ostean, aurten Belgikako Royal Castors Brainen aritu da, Emakumeen Eurocupean debuta eginez.