Arnaitz Gorriti

Jokin Altuna, Buruz Buruko txapelduna eta bere herrian profeta

Igande gauean herrian amezketarren omenaldi beroa jaso eta gero, nekatuta eta pozarren azaldu da Buruz Buruko bere laugarren txapelarekin Jokin Altuna. Igandekoa bere ibilbide profesionaleko hamaseigarren final handia izan zen, baina badu goserik, oporren ostean, bere maila erakusten jarraitzeko.

Jokin Altuna Amezketako plazan, Buruz Buruko txapela eta garaikurrarekin.
Jokin Altuna Amezketako plazan, Buruz Buruko txapela eta garaikurrarekin. (Maialen ANDRES | FOKU)

«Izar berri bat piztu da Euskal Herriko zeruan». Amezketako sarreran pankarta oraindik bistan izan da astelehen goiz honetan. Jokin Altunak igandean erakutsi zuen txapeldun handi bat markagailuan agintzen ari dela ez ezik galtzen ari denean bistaratzen dela batik bat. Igande gauean bertan harrera egin zioten herriko semeari laugarrenez Buruz Buruko Txapelketa irabazi eta ordu gutxira, eta astelehen honetan berriz ere ospatu du Artolaren aurka erdietsitako garaipena.

Nekea, gorputza gogortuta eta atseden beharrean, baina pozarren, halaxe azaldu da Jokin Altuna herritarren aurrera, urteko txapelik preziatuena jantzi berritan. «Nekatuta nago oso. Oraindik ordu gutxi pasa dira eta bart ospakizun ederra egin zidaten herriko plazan. Berandu hasi genuen eta nahikoa berandu bukatu, baina gorputza nahikoa kargatuta nabari badut ere, ni uste irabazita azkarxeago errekuperatuko naizela», iritzi dio Altunak berak.

Esan gabe doa igande arratsaldean egindako balentriak pisu handia kendu ziola Jokin Altunari. Ez faborito zelako edo 15-19 atzetik ibiltzea egokitu zitzaiolako, baizik eta bere lagun min Joseba Larreta ‘Latu’ hil berriari eskaintzerik izan zuelako. Garaipen guztiekin poztu izan da Amezketako aurrelaria, baina nekez gutxitan hunkitu da horrenbeste igandean 22ra iritsi zenean baino.

Zenbakiez harago

Ezin da pilotari batek egin duena –handia edo itzela izanagatik– zenbaki hutsez neurtu, baina historiako laugarren pilotaria da jokatu dituen final kopuruari begiratuta. Aimar Olaizolak 26 final jokatu zituen, Julian Retegik baino bat gehiago eta Juan Martinez de Irujok baino hiru gehiago. 16 «bakarrik» dituela esan liteke Jokin Altunak, baina dagoeneko bederatzi txapel zakuratu dituen pilotariak –launa Buruz Buru frontoi osoan zein Lau eta Erdian, eta bakarra Binaka– badu oraindik astia eta handinahia gehiago lortzeko ere.

«Nik uste Binakakoa dela irabazteko txapelik zailena, eta era berean, inon alderik markatzen badut hantxe markatzen dudala handiena», azaldu du Altunak.

Buruz Buruko finalari errepasoa egiten hasita, «sakea berreskuratzeari» eman dio garrantzirik handiena txapeldunak. «Finala oso zail ikusten nuen, baina inoiz ere ez galduta. Hasieran eskuan ez zitzaidan pilota behar bezala sartzen eta ezker hormara baztertzen hasita ere, ez nion min handiegirik ematen. Buruan sakea berreskuratzea nuen. Markagailuari buelta ematekotan, banekien sakearen bidez izango zela. Bukaeran berari ez diot aukerarik eman, horri eskerrak», laburbildu du Altunak, «partidan zehar partida asko» jokatu zirela iritzita.

Torremolinosen egingo ditu errekuperatzeko lanak, Ander Murua pilotari lagunarekin batera haraxe joan baita Altuna III.a. Hilaren 10ean Bergaran estreinatuko du Buruz Buruko Txapelketa laugarren aldiz irabazi izana, bigarrena jarraian. Alegia, Aimar Olaizolak 2012 eta 2013an kateatu ostean, aurreneko pilotaria dela amezketarra Buruz Buruko Txapelketa birritan irabazten.

Hala ere, ba omen du hobetzeko tartea. Eta hor Jokin Etxanizi eman dio pisurik eta meriturik handiena Altunak. «Jokinekin zortea daukat, irabazi ala galdu, bera beti lanean zentratzen dela. Galdutakoan beti mezu positiboren bat edo bromaren bat egiten dizu, eta irabazitakoan ere, oporretatik bueltatzen naizenean, badakit ez zaidala txorradetan hasiko irabazi dudala-eta», amaitu du amezketarrak. Izan ere, garaipenak ospatzeaz gain, gehiagorako gosea ere badauka Jokin Altunak, berriz ere bere herrian profeta izaten jarraitzeko.