
«Gaur ez da izan gure eguna», esan dio Elaia Gogenolak, atsekabetuta, NAIZi. Porrot gogorra jaso du Euskal Selekzioak Espainiakoren aldetik baina esaldi honek gordetzen duen lorpen historikoa ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Lehen aldiz, historian, pilotako Euskal Selekzioak Espainiaren aurka jokatu du, Nazioarteko Pilota Federazioaren berme guztiekin, txapelketa ofizial batean, Munduko txapelketaren atarikoa izango dena.
Porrotak epikotasuna kendu dio norgehiagoka honen osteko analisiari baina kirola bera bada itxaropena pizten abila eta etzi, berriro ere, elkarren aurka aritu eta urrea borrokan egoteak zaleen aldartea piztea ekartzen du. «Ia, ia, Euskal Herria» eta «Gu euskaldunak gara, Euskal Herrikoak» aldarriak ozen entzun dira Gernikako Jai Alai pilotalekuan.
Ikusmin handia sortu du demak, Estatu espainoleko hedabideak ere saiatu ziren norgehiagoka historiko hau zatartzen, hautsak arrotzen. Asteleheneko irekiera ekitaldian baino hedabide espainol gehiago egon da gaurkoan; pozik egongo dira garaipenarekin, ulertu gabe Nazioen Liga honetan Euskal Selekzioarena dela garaipenik handiena –oraindik ere euskal herritar gehiengoaren nahia osatzeke dagoen arren–.
Erika-Arai, nagusi
Dema historiko baina kirol aldetik garrantzi askorik ez zeukana izaki –bi selekzioak daude sailkatuta finalerako eta beraz, bihar, berriro lehiatuko dira–, bazegoen zalantza ea Erika-Arai bikoteak jokatuko ote zuen, kartak gordetzeko intentzioz. Baina, ez. Roberto Lekue Espainiako hautatzaile ondarroarrak garaipenaren aldeko apustua egin du, Erika-Arai bikoteak hirugarren norgehiagoka jarraian jokatuta –Lur Lejardi eta Gisela Ucls-ek ez dute debutatu–.
Ander Bilbao Euskal Selekzioko hautatzaileak Elaia eta Maiaren aldeko hautua egin du eta ezohiko akatsak pilatuta, bidea samurtu dio kasik partida perfektua osatu duen bikote markina-xemeindarrari. Apenas galdu dute pilotarik, Erika Mugartegi bera aurrean ere ausartu da bi paretak egiten eta Arai Lejardik atzean erakutsiko segurtasunak agerian jarri du atzeko koadroetan nagusi dela.
Nolabait, pronostikoak bete direla esan genezake baina espero baino alde handiagoarekin. 5-15 galdu du lehen jokoa Euskal Selekzioak eta bigarrenean gauzak estutu baditu ere, Erika eta Araik beraien nagusitasuna islatzen bukatu dute, 7-15 irabazita. «Ea ostiralean», piztu du itxaropena Elaia Gogenolak berak.
Beste bi lehia Espainiaren aurka
Gaurkoa ez da izango Euskal Selekzioaren eta Espainiakoaren arteko lehia bakarra Nazioen Liga honetan. Gizonezkoetan, Cosme Aguirrek eta Ruben Bailok osatzen duten talde espainiarrak bi setetan irabazi dio Mexikoko selekzioari –Gernikan batutako jendearen hauspoa sentitu dute mexikoarrek– eta, ondorioz, Euskal Selekzioak Filipinei irabazi ondoren (Urreisti eta Lekerikak debuta egin dute), gizonezkoetan ere Euskadi-Espainia bat egongo da.
Beraz, Nazioen Liga hau Euskadiko eta Espainiako selekzioen arteko norgehiagoka bikoitzarekin amaituko da, kasu hauetan jokoan asko egongo dena. Lehenengoa, bihar, 22:00etatik aurrera. Erkiaga eta Lopez –titularrak izatea espero da–, beraz, Roberto Lekuek zuzendutako Espainiako selekzioaren aurka lehiatuko dira. Espainiarekin ari den hautatzaile ondarroarrak Mendizabal-Atain bikotearen aldeko apostua egin zuen atzo, AEBren aurkako lehen partidan eta ezustekoa emateko zorian egon zen.
Beste finalerdian lapurtarren arteko lehia izango da. Sorozabal anaien Estatu Batuetako selekzioak Frantziakoaren aurka jokatuko du, bertan hiru lapurtar daudela: Laduche, Tambourindeguy eta Basque.

Kolpez kolpe, gora herria! Geurea da garaipena!

Gaza y Madrid, Iñigo e Ituño, tormenta y revuelta; los momentos de Muguruza en Anoeta

Chivite auditará los túneles de Belate, pero no la mina Muga

Fallece una joven 17 años electrocutada en la estación de tren de Araia
