Amalur Artola
Amalur Artola Kulturako koordinatzailea / coordinadora de Cultura

Sara Uribe-Etxebarriaren ‘Kuntzak eta kerak’, helduarorako jauziaren memoria

Hemeretzi urterekin, DK Poesia Saria eskuratzen duen poeta gazteena bilakatu da Sara Uribe-Etxebarria Atxurra. ‘Kuntzak eta kerak’ poemarioan, bi urtean zehar bizitzakoak biltzen du autoreak,  atmosfera propioa eta «erantzunak baino, galderak» dituen lana.

Sara Uribe-Etxebarria Atxurra, DK Poesia Saria eskuratu duen poeta gazteena.
Sara Uribe-Etxebarria Atxurra, DK Poesia Saria eskuratu duen poeta gazteena. (Gorka RUBIO | FOKU)

Hemeretzi urte besterik ez dituen arren, poeta izaera bereganatua du Sara Uribe-Etxebarria Atxurrak. Idazle gazteen lanak saritzen dituzten Resureccion Maria de Azkue eta Urruzuno lehiaketak irabaziak ditu zumaiarrak eta, adin nagusitasuna eskuratuta, DK Poesia Saria lortu du ‘Kuntzak eta kerak’ obragatik. Poemarioa Balea Zuria argitaletxearen eskutik kaleratu du.

Liburuaren aurkezpenean sariketara hamalau lan aurkeztu direla nabarmendu dute, «horietako hiru maila handikoak», Balea Zuriako eta epaimahaiko kide Aritz Gorrotxategik nabarmendu duenez. Uribe-Etxebarriaren lana aurkeratu izanaren gakoa «hartzen duen harriskuan» dagoela zehaztu du. Liburuak «mundu eta atmosfera propioa» eta zientzia eta poesiaren uztarketa aurkeztea ere jarri du balioan, baita «gogoeta iradokigarriak» eskaintzea ere. «Liburua irakurri genuenean ez genekien adinik, eta jakin genuenean 2005ean jaiotako idazle baten lana zela are harrigarriagoa iruditu zitzaigun liburuan topa daitekeen heldutasuna», esan du.

Hitza hartuta, poemarioa deskribatzea «zaila» suertatzen zaiola aitortu du autoreak. «Bilduma bat baita, bi urtean idatzitakoa. Leku eta momentu ezberdinetatik idatzi dut eta ni neu ere aldatu egin naiz urteotan, baina esango nuke batasun edo koherentzia bat ematen diona dela imajinatu izan dudala nire etxea dela, nire etxea sortu dut bi urte hauetan: gela batzuk desordenatuta daude, besteak ondo, leiho hautsi batzuk ditu... nahi nuke etxe horretara edonor sartu eta atera ahal izatea berak nahi duenean», desiratu du.

Prosak pertsonak «beste mundu batzuetara eraman eta ihes egiteko» modua eskaintzen duen bezala, poesiak «guztiz kontrakoa» dakarrela uste du, «norberegana bideratzeko tresna bat bezala ikusten dut, eta horixe eskaini nahiko nioke irakurleari».

Garenaren dikotomia

Bildumaren izenburuaren, ‘Kuntzak eta kerak’, «originaltasuna» ere nabarmendu du epaimahaiak eta, horren inguruan, Uribe-Etxebarriak argitu du bere pisukide batek erabiltzen duen esamoldea dela. «Fonetikoki ere asko gustatzen zaizkit hitzok eta uste dut izenburuak ondo barnebiltzen dituela bi urte hauetan bizitakoak, baina baita edozeinek bizitakoak ere, azken batean garenaren eta izan nahi dugunaren eta gainontzekoek gugan ikusten dutenaren jolas horretan zentratu nahi nuelako, garenaren dikotomia horretan», argitu du Uribe-Etxebarriak.

Lantzen dituen gaien artean «denetarik» dagoela nabarmendu du Gorrotxategik, minak, kezka sozialak eta giza izaerari buruzko hausnarketak tartean, eta autoreak gaineratu du «galdera asko» daudela olerkietan zehar, «erantzunak ez hainbeste». Obra «desafiatzailea» eskaintzen ahalegindu dela azaldu du, bai beretzat eta baita irakurlearentzat ere, «inguratzen gaituenaz gogoeta egiteko. Esperientzia indibidual edo intimoak izan arren testuinguru bat konpartitzen dute eta horrek egiten du esperientzia indibidual horiek unibertsalak izatea», hausnartu du, eta funtsean berak bizi izan duenaren eta irakurlearen arteko topagune bat bilatu nahi izan duela azaldu du. Horregatik, «nahiz eta emakume gazte baten lekutik idatzi, une honetan hori naizelako, edozein senti daiteke identifikatua», iritzi du autoreak.

Sara Uribe-Etxebarriak DK Poesia Saria eskuratu du ‘Kuntzak eta kerak’ lanarekin, eta horri esker datorren astelehenean, ekainak 9, Donostiako Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan ospatuko den ‘Poesia eta pentsamendua’ errezitaldian ere hartuko du parte.