
Frank O'Hara eta Oscar Milosz dira Susaren ‘Munduko Poesia Kaierak’ bildumak jasotzen dituen azken autoreak, 54. eta 55.a, Beñat Sarasola eta Patxi de Vicente itzultzaileen eskutik.
Iruñean egin duten aurkezpenean Susako Isabel Etxeberria editoreak nabarmendu duenez, arras desberdinak dira O'Hara eta Milosz. Estatubatuarra bata, frantsesez idazten zuen jatorri lituaniarrekoa bestea. O'Hara kanpozalea zen, poesia dibertituta idazten zuena, bizitza eta mundua ospatzen zituen horietakoa. Milosz, berriz, barnezalea, Lituaniako gaztelu batean hazitakoa, bakarzalea eta iraganari begiratzen dioten eta bizitzaren zentzua bilatzen duten horietakoa.
Miloszen lanak ez dira orain arte euskaratuak izan, O'Hararen aipuak, berriz, Sarasolak idatzitako ‘Coca-Cola bat zurekin’ eleberrian azaltzen dira.
«Erronka ederra hartu dute bi itzultzaileek. Itzulpen lan exigentea izan da eta emaitza bikaina izan da», nabarmendu du Etxeberriak.
New Yorkeko poesia okasionala
New Yorkeko kultur-giroa, gehienbat zuria, islatzen duela O'Harak bere poesian azaldu du Sarasolak. MOMA museoko komisarioa izan zen, txartelak saltzen hasi zelarik. Surrealismoaren kutsua izan zuen bere lanak hasieran, «poesia okasionala» delakoa sortu zuelarik. Eguneroko akzioetan oinarritzen zen, gehienetan gauza banaletan.
Poesia sakonaren aurrean, azalaren garranzia nabarmentzen zuen O'Harak. Nitasuna agertzen da baina ez da transzendentala, Sarasolak adierazi duenez. Lagunak, maitaleak; artea, musika, zinema azaltzen dira bere lanetan. 1960an Bartzelonatik Parisera joan zen trenez eta poematako batean Euskal Herria zeharkatu zuela aipatzen du, baina oso zeharka.
Bakardadea eta mistizismoa
Milosz «tipo bitxia» zela esan du De Vicentek. «Poeta, filosofo eta metafisikarekin lotutako bisionarioa izan zen», gaineratu du.
Idazle baten bizitzak eta lanak oso lotuta daudela nabarmendu eta gero, Miloszen poesia ulertzeko bere bizipenen berri izan behar dela gaineratu du itzultzaileak. 1877 urtean jaio zen egun Bielorrusia den hiri batean, baina bere burua lituaniartzat jotzen zuen. Ama hizkuntza poloniera zuen eta jatorri judutarrak ere bazituen. «Toki askotakoa zen, baina inongoa. Honek sustrairik gabeko nortasuna eragin zion», azaldu du De Vicentek. Lituania Errusiar Inperioan eta, ondoren, Sovietar Batasunaren eskuetara pasatzea erroen falta areagotu zuen, herrimina eta haurtzaromina indartuz.
Gurasoekin harremana ere bitxia zen. Jatorri aristokratikoa zuen eta hezkuntza eta harremanetan hoztasuna zuen nagusi. «Abandonatuta sentitzen zen». Sentsazio hori ulertzeko, txikitan gurasoak astean behin baino ez zituela ikusten kontatu du itzultzaileak. Igandetako bazkal orduan izaten zen, eta gehienetan liskarrak izateko.
1914an bisio mistikoa izan zuen Miloszek eta bere lana erabat itxuraldatu zen, metafisikora joz. Errealitatea, zientzia eta erlijioa uztartzen saiatzen da. Denbora, espazioa eta mugimenduaren arteko harremanak aztertzen ditu, modu metafisikoan errelatibitatearen teoriaren planteamenduak aurreratuz.
Emakumeekin ere harreman konplikatua izan zuen Miloszek. Alde batetik, perfekzioarekin lotzen du baina bakarti hutsa da. Ez zituen harremanik izan. Izandako saikerak amak zapuztu zizkion. Emakumea sinbolo bilakatzen da.
Honekin batera, De Vicentek Milosz surrealismoaren aitzindari izan zela adierazi du. Estilo aldetik, esaldi luzeak eta oso enfatikoak erabiltzen zituela gaineratu du.

La caza de Karmelo Ikastetxea en tres actos; compra, cierre y venta a una promotora

Igual Cerdán es Roldán, pero la Nafarroa de 2025 no es la de 1994

Potente incendio en la fábrica de LEA, que ha obligado a confinar Abetxuku y parte de Arriaga

El estrecho de Ormuz, ¿arma definitiva en manos de Irán?
