Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Nazioarteko adopzioak desmuntatzen dituen ‘Betweeen Goodbyes’, Zinegoak jaialdiko Sari Nagusia

Hainbat zinema jaialdietan egindako bidaiari –Seattle, New York edo Chicagoko jaialdietan ikusi ahal izan da– jarraipena eman dio ‘Between Goodbyes’ (AEB, 2025) dokumentalak Bilbon. Gurean, LGTBIQ+ Zinegoak jaialdian, bi sari jaso dituelako: Sari Nagusia eta Lesbianismo eta Genero sariak.

Maike izeneko queer pertsona bate historia eta bidaia kontatzen du dokumental honek.
Maike izeneko queer pertsona bate historia eta bidaia kontatzen du dokumental honek. (ZINEGOAK)

«Adoptatu korear queer batek Seulen bere jatorrizko ama bisitatzen duenean, aspaldiko damuak eta gaizki-ulertu kulturalak azaleratzen dira samurtasunaren, umorearen eta irmotasunarekin batera», irakur daiteke  Jota Munen ‘Between Goodbyes’ estatubatuar dokumentalaren sinopsian. Protagonista Maike izeneko queer pertsona bat da, Koreako jatorria duena eta Herbeheretako familia batean adoptatua izan dena. Bere istorioak ertz asko ditu. Lan honek irabazi du Zinegoak Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiaren Sari Nagusiena. 

Palmaresa jaialdiaren itxiera ekitaldian eman da jakitera eta, iazko joerari jarraituta, dokumentalen generoak berebiziko garrantzia hartu dute palmaresean. Aurten, esaterako, ‘Between Goodbyes’ lanez aparte, ‘Alma del desierto’ dokumentalak irabazi du beste sari nagusia. 

«Bidaia gogor eta sendagarria»

Epaimahaiaren esanetan, Sari Nagusia (4.000 euroko balioarekin) irabazi duen ‘Between Goodbyes’ dokumental honek, «pertsona adoptatu baten jatorrirako bidaia gogor eta sendagarri bat kontatzeko erabiltzen den trebetasun eta edertasunagatik. Esperientzia intimo eta pertsonal batetik abiatuta, adopzio transnazionalek zeharkatutako kolektibo oso baten historia kontatzen du». 

Lesbianismo eta Genero saria ere irabazi du filme honek, 1.500 euroko balioarekin, Bilboko Udaleko Berdintasun Arloak babestua. Epaimahaiak baloratu duenez, «erromantizismoa eta nazioarteko adopzioaren idealizazioa desmuntatzeagatik eta protagonistek aurrean dituzten ondorio emozionalak erakusteagatik. Pelikula honek erakusten digu baliabide ekonomiko gutxien dituzten emakumeak sistema kapitalista basatiaren eta Mendebaldeko gizarteen beharrak asetzeko erabili direla».

Epaimahaiak aipamen berezia egin dio Monica Taboada Tapiaren ‘Alma del desierto’ lanari ere: «Trans emakume baten borrokaren erretratu eder eta hunkigarria egiteagatik, sistemak aitortua izateko eta, horrela, bere oinarrizko eskubideak erabili ahal izateko. Nazio indigenek eta hizkuntza-komunitate minorizatuek pairatzen dituzten bazterketa-modu desberdinak azaleratzeagatik».

Film honek Aniztasun eta Giza Eskubideen Saria ere irabazi du, 3.000 euroko balioarekin, Bizkaiko Aldundiko Lankidetzako eta Aniztasuneko Zuzendaritza Nagusiak finantzatuta. Euren aipamen berezia ‘Solo Kim’ film laburrarentzat izan da, Javier Prieto de Paula eta Carmen Ávalos del Pino zuzendariena.

Beste irabazle batzuek: Rohan Parashuram Kanawaderen ‘Sabar Bonda’ filma –«Indiako landa eremu ez exotikoan maitasun zaindua, atsegina, idilikoa eta erlaxatua irudikatzeagatik»; Brigitte Baptiste zientzialari kolonbiar, ingurumen-lider eta trans ikonoari buruzko Santiago Posadak zuzendutako ‘Brigitte, Planeta B’; Angel Morales Ballestaren ‘Arrecife’ film laburra –trans gazte batek bere amamarekin duen harremana kontatzen duena–, edo Amélie Hardyren ‘Hello Stranger’ filmea «trans bizipenak lehenengo planoan jartzen dituelako eta azpimarratzen duelako garrantzitsuena dela bakoitzak bere burua onartzea, kontuan hartu barik presio zisheteropatriarkala».

Euskal Aktoreen Batasuneko epaimahaiak, bestalde, Sandbag Dam-en ‘Lav Novosel’ filmari eman dio Fikziozko Film Luzeen Interpretazio Protagonista Onenaren saria, «bere berezkotasunagatik, freskotasunagatik, sentikortasunagatik eta bizitza etengabe transmititzeko moduagatik». Eta Antzezpen Sekundariorik onena ‘Avenida Beira-Mar’ filmeko Isabel Teixeira aktorearentzat izan da, «bere aldakortasunagatik eta zailtasun emozionalagatik eta bere pertsonaiaren bidez egia erakusteko duen moduagatik».

Inoiz baino aurkezpen gehiago

Nekatuta baina pozik aurkitu dugu Julen Nafarrete, Zinegoak jaialdiaren zuzendaritzako ‘hanketako’ bat. «Helburuak lortuta, esango genuke. Orain tokatzen zaigu balorazioa egitea eta datorren urtekoa astea marrazten txiri-txiri. Baina gure helburua azkenean da Bilbon ahalik eta gehien hedatzea, eta jarraitzea aldarrikatzen sexu aniztasuna, gure kasuan kulturaren bidez, eta uste dugu lortu dugula. Alde horretatik pozik gaude», adierazi du.

Edizio berezia, beroa eta intentsoa izan da aurtengoa. «Hasieran beldur ginen, agian uda giroa jendea ez zelako horrenbeste hurbilduko zinema aretoetara, baina neurri batean ere bihurtu gara aterpe klimatiko bezala», dio umoretsu. Filme luzeetako ikusleei dagokionez, gorakada nabaritu dute. «Aurretik jarri genion gure buruari erronka moduan zinema aretoak betetzea, eta egia esan, Golem Alondegian mugimendua handitu dela ohartu gara», dio Nafarretek.

Bilbotik aparte beste 50 herrietara iritsi da jaialdia aurten, ez da marka makala. «Hirian normalean errazagoa delako LGTBIQ plus edukiak lortzea –argitzen du–. Orduan saiatzen gara jaialdia herrietara eramaten. Eta, egia esan, pozik gaude».

Aurten ere beste urrats eman dute: «Indarra jarri dugu nazioarteko gonbidatuak ekartzen. Beste urte batzetan agian ez da egon horrenbeste gonbidatu. Aurten bai jarri dugu apur bat fokoa hor, irudikatzeko ez dela bakarrik proiekzio batera joan eta pelikula bat ikusi. Azkenean esperientzia bat da zinemagile batek lehenengo pertsonan kontatuko dizuna entzutea. Guretzat kriston balioa dauka eta hor egin dugu indarra».