
40 Minutu Rock jaialdiko antolatzaileek astelehenean ezagutarazi zuten ekimena aurrera ateratzeko «ezinbestekoa den material» jakin bat lapurtu zietela, 10.000 eurotik gorako kaltea eraginda. Asteazken honetan egin duten elkarretaratzean laguntza eskatu diote euskal jendarteari lapurtutakoa ordezkatzeko materiala erosi ahal izateko, horrela jaialdian ateratzen den dirua euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko borrokara bideratzen jarraitu ahal izateko. Itsulapikoa.eus-en edo Bizum bidez (12260 kodea erabiliz) egin daitezke ekarpenak.
Durangoko Landako gunean egin duten elkarretaratzean erasoa salatu dute. Azaldu dutenez, joan den astean material elektriko guztia lapurtu zieten eta kalkulatu dute galera 10.000 eurotik gorakoa dela. Kalte ekonomiko handia ez ezik, «batez ere bolondres eta herritarrek urte osoan egindako lanaren aurkako erasoa» izan dela adierazi dute, hots, «herri baten aldarri eta borrokaren aurkako erasoa».
Izan ere, lapurtu dieten material hori gabe ezin izango dute 40 Minutu Rock aurrera atera. Horregatik eskatu diote laguntza euskal jendarteari. «Irabazi asmorik gabeko jaialdia antolatzen dugu, elkartasun jaialdia, eta bertan sortzen diren etekin guztiak euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko borrokara bideratzen ditugu», azpimarratu dute, «hauen etxeratzearen aldeko aldarria sustatu eta azken urteetan ateratzen ari direnak modu duin batean bizi daitezen lanean dabiltzan Harrera eta Etxerat Elkarteari, hain zuzen».
Oztopoak oztopo, lanean jarraitzeko asmoa berretsi dute, 2026ko otsailaren 21ean egingo duten hamargarren edizioa «berezia» izango baita. Hala ere, azaldu dute ezingo dutela egin laguntza barik: «Herri osoaren bultzada behar dugu, norbanako zein kolektiboena».
Diru bilketa
Horregatik, galerari aurre egiteko diru bilketa abiatu dute. «Bakoitzak gura eta ahal duenetik jaialdiari bultz egiteko diru bilketa» izango dela azaldu dute, eta bi bide zabaldu dituzte horretarako. Itsulapikoa.eus atariaz gain, Bizum bidez ere egin daiteke ekarpena, 12260 kodea erabilita.

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

85 urte dituen Juaristi enpresaren egoera larriaz ohartarazi dute berriz langileek

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon
