NAIZ

EGABen ustez, erroldak mugatu egingo luke sexu-indarkeriaren biktimek laguntza jasotzeko aukera

Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak sexu-indarkerien biktimei laguntza ekonomikoa emateko eta ordaintzeko Lakuak proposatutako dekretua aztertu du. Positibotzat jo du, baina zenbait gogoeta egin ditu. Hala, erroldatzeko derrigortasuna kritikatu du.

Donostian egindako elkarretaratze baten argazkia.
Donostian egindako elkarretaratze baten argazkia. (Jon URBE | FOKU)

EAEko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak, EGABek,  positibotzat jotzen du sexu-indarkerien biktimei laguntza ekonomikoa emateko eta ordaintzeko prozedura ezartzen duen dekretu proiektua, Sexu Askatasunaren Berme Integralari buruzko Legean jasotakoa. Dena den, dekretu proiektua izapidetzean kontuan hartu beharko liratekeen gogoeta batzuk planteatu ditu.

Ohar batean azaldu duenez, «baldintza bat da onuradunak EAEko edozein udalerritan erroldatuta egotea eskabidea aurkezteko unean. Hala ere, administrazio egoera irregularrean dauden sexu-indarkeriaren biktimen kasuak egon daitezke eta, beraz, erroldatzeko derrigortasunak mugatu egingo luke laguntza jasotzeko aukera». Horregatik, EGABek proposatzen du biktimek laguntzak eskuratu ahal izatea osasun sisteman erregistratuta daudela egiaztatuz, osasun txartel indibidualaren bidez (OTI).

Era berean, batzordeak uste du saihestu egin behar dela eskakizun burokratikoak eragozpena izatea laguntzak eskuratzeko, batez ere kontuan hartuta biktimek bizi-esperientzia oso larriak izan ohi dituztela. Laguntzen tramitazioan administrazio karga murriztearen alde dago erakundea.

Kontsulta organoaren ustez, sinplifikatu egin beharko litzatekeen beste alderdi bat laguntza berriro eskuratzeko izapidetzea da, laguntzaren biktima onuradunak sexu-indarkeriak berriz ere jasaten dituenean, betiere horretarako baldintzak betetzen badira, horrek berriz biktimizatzea ekar baitezake. «Horregatik, komenigarria litzateke Administrazioak, ahal den neurrian, laguntza berriro eskuratzeko behar diren izapideak erraztea», dio.

Azkenik, batzordearen esanetan, laguntzaren ordainketa onuradunaren titulartasuneko banku kontu batean egin behar izateak ez du kontuan hartzen biktimen egoera irregularra edo kalteberatasuna dela eta, biktimak ezin direla banku kontuen titular izan, eta, beraz, gomendagarria litzatekeela beste ordainketa mekanismo bat aurreikustea.