
Kutxabankeko ordezkaritzaren %94 osatzen duten ELA, CCOO, PK ALE eta LAB sindikatuek deituta, kontzentrazioa egin dute asteazken honetan Bilboko egoitza nagusiaren atarian Estatu espainolean izandako sei kaleratzeen aurrean «gaitzespenik sendoena» adierazteko. Lan hitzarmen kolektiboan jasotzen diren «falten eta zigorren» arloko bermeak bete gabe gauzatu dira kaleratze hauek, sindikatuotako kideek aditzera eman dutenez.
Hain zuzen ere, kaleratze horiek «aldebakarrekoak» izan dira, «zehaztutako prozedura errespetatu gabe», sindikatuotako kideek adierazi dutenez. Horrek «babes falta argia ekarri die kaleratutako lankideei». Kutxabankek «hitzarmenean finkatutako klausulei muzin egitea erabaki» duela ondorioztatu dute, «edozein zehapen prozeduratan plantillari lagundu behar dioten berme sindikalak ezabatzeko, batez ere prozedura horrek kaleratzea dakarrenean».
Enpresak «ez du zehapen espedienterik ireki, eta horrek langileek norbanakoaren defentsarako argudioak aurkeztu ahal izatea eragotzi die, ezta sindikatuok prozesuan parte hartu ahal izatea ere, justizia eta gardentasuna bermatzeko». Kaleratze prozesuaren «argitasun falta horrek» erabat «ilundu ditu kaleratzeen arrazoiak eta izaera». Ondorioz, «agerian geratzen da lan eskubideen urraketa larria».
Sindikatuon arabera, kaleratze hauek «Kutxabanken lan harremanen ereduan aurrekaririk gabeko aldaketa zorrotza suposatzen» dute «Aurrekaririk gabeko egoera baten aurrean gaude, bai kaleratzeengatik beragatik, bai hitzarmen kolektiboan jasotako akordio eta bermeen ez-betetze nabarmenagatik». Jokabide hori «are larriagoa» dela iritzi diote «hitzarmen kolektiboa berritzeko negoziazioaren testuinguruan» gertatzen denean.
Hori dela eta, sindikatu deitzaileek «erabat salatzen dute» Kutxabanken era horretako «praktika arbitrarioak eta ustekabekoak». Haien iritziz, «Kutxabankeko goi-zuzendaritzak antolatutako estrategia bat da, plantillaren gainean beldur eta presio giroa ezartzeko». Kaleratze horiek horren azkar gertatu direnez, susmatzen dute «ekintza horren atzean beldurra erabiltzeko asmoa» dagoela, plantillari «jada ezartzen zaion presioa areagotzeko».
Adierazitako guztiagatik, Kutxabankeko zuzendaritzari dei egiten diete atzera egiteko eta bere jarrera zuzentzeko.

Irati Gorostidiren katarsi kolektiboa

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo
