Arnaitz Gorriti

Sailkapen nagusiko sustoei erreparatu gabe, Maeva Squiban bigarren egunez jarraian irabazle

17 txirrindularik tropela ezustean harrapatu dute. Granier gaina igotzen UAE taldeko bretoia izan da indartsuena. Faboritoen taldean, aldiz, Kim Le Court liderra azken igoeran atzean geratu da, baina maillot horia mantendu du. Emakumeen Tourra Madeleine gainera helduko da zapatuan.

Maeva Squiban, erakustaldia eman eta gero garaile Chamberyko helmugan.
Maeva Squiban, erakustaldia eman eta gero garaile Chamberyko helmugan. (Julien DE ROSA | AFP PHOTO)

Bourg-en-Bressetik Chamberyra bizi izan du Emakumeen Tourrak bere zazpigarren etapa. Ibilbide gorabeheratsua baina goi mendien faltan, nahikoa izan dira bigarren mailako bi mendate eta 17 txirrindulariren ekina lasterketa hankaz gora jartzeko, tropela ezustean harrapatu baitute hasieratik. Azkenean, bezperan lortutako garaipena errepikatu du UAE taldeko Maeva Squiban txirrindulari bretoia nagusitu da, Granier gaina igotzen, eguneko azken mendatea, arerio guztiak atzean laga eta jaitsieran maisutasunez nagusituta, bezperan Amberteko helmuganb egin zuen bezala.

Sailkapen nagusiari dagokion lehian, berriz, Kim Le Court liderrak maillot horia eutsi du, baina kosta behar zaio zapatu honetan lidergoan mantentzea. Bigarren mailako Granier gainean atzean geratu da eta beheranzkoan direnak eta ez direnak jo behar izan ditu AG Insurance–Soudal taldeko txirrindulari Mauriziarrak, gainerako faboritoak harrapatu eta sailkapen nagusiko buruari eusteko. Hala ere, ahultasun horretaz baliatzen saiatuko dira larunbatean bere arerio nagusienak Madeleine gainean amaituko den 112 kilometroko zortzigarren etapan.

Ihesaldietarako oso aproposa izan da Bourg-en-Bressetik Chamberyra bitarteko etapa, eta hala erabaki dute tropela atzean laga duten 17 lagunek, tartean Laboral Kutxa-fundazioa Euskadi taldeko Alice Arzuffi italiarra. Besteak, berriz, etapa eraman duen Maeva Squiban (UAE Team ADQ), Chloe Dygert (Canyon//SRAM zondacrypto), Marie Le Net (FDJ-Suez), Lotte Kopecky (SD Worx-Protime), Mareille Meijering (Movistar), Lucinda Brand, Shirin van Anrooij (Lidl-Trek), Justine Ghekiere (AG Insurance Soudal-Team), Megan Jastrab (Picnic PostNL), Susanne Andersen (Uno-X Mobility), Célia Le Mouel (Ceratizit), Ruth Edwards (Human Powered Health), Alicia Gonzalez (St Michel-Preference Home-Auber 93), Fiona Mangan (Winspace Orange Seal), Eline Jansen eta Maud Rijnbeek (Volkerwessels).

Tropelak ihes egiten laga die, gogortasunik handiena egunaren azken aldera zegoela jakitun. Erritmo bizian joan dira aurrean, eta hargatik, ez da harritzekoa izan 17 txirrindulariz osaturiko taldea pitzatzen hasi izana aldapa gora jartzeaz bat. Antzera gertatu da tropelean ere, nahiz eta faboritoek ez dute beren kasa zirkin handiegirik egin, ez bederen Kim Le Court liderraren ahultasuna agerian geratu den arte.

Aurrean hain bat eraso izan dira, eta baita zenbait jarrera ez oso logiko, geldialdiak eta abar, txirrindularien arteko ezadostasunen erruz. Modu horretan Maud Rijnbeek eta Mareille Meijeringekin batera ihes egin du txirrindulari bretoiak.

Alabaina, Squiban ez da konforme geratu eta bi erasoaldi jo ditu azken mendatearen goiko puntara iristeko sasoian. Lehenengoan Meijering Movistar taldeko Herbehereetako txirrindulariak eutsi dio, baina bigarren saiaketan Squiban bakarrik joan da aurrerantz.

Aldapa behera, bikain

Aldapa gora ederki moldatu baldin bada, beherantz are hobeto konpondu da bretoia, bihurguneak maisu8ki hartu baititu, aldea mendate tontorrean zuena bainoi gehiago zabalduz. Atzean, berriz, Kim Le Courtek ere beheranzkoak bereak eta bi eman behar izan ditu, Granier gaina harrapatu aurretxoan ezinak jota atzean geratu baita. Tarte batez bazirudien liderraren maillota ere galdu behar zuela, baina Emakumeen Tourra irabazteko faborito nagusiak ez dira beheranzkoan Maurizio Uharteetako txirrindularia adina ausartu eta horri esker Vollering, Niewiadoma eta enparauak harrapatzeko kapaz izan da Chamberyko helmugara iritsi aurretik.

Zapatukoa beste kontu bat izango da, jakina. Etapako 112 kilometroei ekin eta berehala lehenengo mailako Col de Plainpalais igo beharko dute txirrindulariek. Handik etaparen azken herenera arte mendate gehiagorik ez badago ere, ibilbide gorabeheratsuari egin beharko diote aurre. Ostean bigarren mailako Saint Georges d'Hurtieres igoko dute, maila bereziko Saint François de Longchamp, Col de la Madeleine mitikoa igo aurretik.