Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Sorosleak adi, eta bainu hartzaileak informazio eske, karabela portugesen aurrean

Donostiako hondartzetan karabela portugesen ugaritzeak larritasuna sortu du bainuzaleen artean, eta Udalak protokoloa gogorarazi du bandera jartzeko orduan. Sorosleek azpimarratu dutenez, «karabelen tamaina txikiak edo ertainak» izaten ari dira.

Marmoken seinalizazioa Kontxan.
Marmoken seinalizazioa Kontxan. (Gorka Rubio | Foku)

Donostiako hondartzetan, azken asteetan karabela portugesen presentziak tentsio nabaria sortu du eta Udalak hondartzetako protokoloa egokitu eta zabaldu du astelehen honetan: bandera horia eta medusen bandera jarriko dira 20 zentimetroko ale handien artean 15 baino gutxiago badira Kontxan, eta Zurriolan eta Ondarretaren kasuan, 10 baino gutxiago izanez gero.

Kontxako bainulari batek NAIZi adierazi dioenez, «kontua da jendea jakinaren gainean egotea, eta ez nago ziur hala denik». Azken egunetako ziztada gehien-gehienak arinak izan direnez, hondartzak ez dira itxi eta agintariek lasaitasunerako mezua helarazi dute. 

Karabela portugesak ez dira medusak, herritar askok uste duenaren kontra: organismo desberdinen kolonia bat dira, ‘fragata portugesa’ izenez ere ezagunak. Haizearen bidez lerratzeko erabil dezaketen ‘bela’ bereizgarri baten bidez nabarmentzen dira. Tentakulu urtikante luzedunak dituzte, eta horiek dira ur azpiko kontaktuan mina eta narritadura eragiten dituztenak.

Ondarreta hondartzako bainu hartzaile batek adierazi duenez, «garrantzitsuena jendea informatua egotea da, norberak erabaki dezan gero arriskua hartu nahi duen ala ez». Bere ustez, askatasun horren baitan, jendeak bainatzeko eskubidea izan behar du, baldin eta arriskuaz jakitun bada.

Kontxako beste bainulari batek, «albisteak ikusita, espero genuen mordoa aurkitzea, baina ez dugu bat bera ere ikusi. Egia da arauak behar direla, baina 15 aurkitu arte bainua debekatzea agian gehiegizkoa iruditzen zait», adierazi du harritasun puntu batez.

Protokolo malguagoa

Ondarreta hondartzako arduradun Gonzalo Berzosak azaldu du aurtengo uda «apur bat korapilatsua» izaten ari dela karabela portugesen auziarekin, nahiz eta gehienak tamaina txikikoak edo ertainak izan. Astearte honetan bertaratu garenean azken alea atzo 11.00ak aldera izan zutela jakinarazi du, «pikadura arin bat izan zen Ondarretako Tenis inguruan, biktimari tentakulu batzuk kendu genizkion, ur gaziz garbitu eta eguzkiaren eragina saihesteko estali». Asteburuan zehar, aldiz, ziztada ugari izan zen.

Berzosak azaldu du protokolo berriak malgutasun handiagoa ematen diela hondartzako langileei, banderak eta seinaleztapena egunero benetako egoerara egokituz. 

Ziztadaren kasuan egin beharrekoa

Karabela portugesaren tentakulu batek ukitzen bazaitu, lehenengo urratsa hondartzako sorospen postura joatea da. Bertan, ur gaziz edo serum fisiologikoarekin garbituko da eragindako gunea eta, kasu batzuetan, bero lokalarekin mina gutxitzen saiatuko dira.

Garrantzitsua da ur geza ez erabiltzea, erreakzioa okertu baitezake, eta ez da komeni gunea ukitzea edo urratzea. Erreakzioa larriagoa izatekotan, lehen sorosleek ebaluatuko dute osasun zentrora bidali behar den edo ez.